Udaletxetik Legebiltzarrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 25a, 01:00

“Hezkuntza hobetu: jakin, partekatu eta elkarrizketatu” izenburupean, Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Urnietako Udalak hezkuntza sistema hobetzea eta egungo testuingurura egokitzeko proiektuan murgildu dituzte herriko lau ikastetxeak.

Urnietako hezkuntza komunitate osoa murgildu da egitasmoan, hots, irakasleak, ikasleak eta gurasoak. Bakoitzak bere lanketak egin ditu, saio ezberdinak burutu dira Lekaion edota ikastetxe bakoitzean. Eta, azkenerako, ondorioak Eusko Legebiltzarrera eraman aurretik, saio berezia egin zuten Urnietako udaletxean. Bertan irakasleen eta gurasoen lan saioetatik eratorritako manifestuak irakurri zituzten, eta ikasleek egindako lan guztietatik aukeratu dituzten bosten lanak iragarri zituzten. Lan horien guztien aurkezpena taldekide bakoitzak egin zuen. Hots, Peru Sanchez, Ane Otaegi, Ainara Insausti, Jone Izagirre eta Malen Tranche.

Lan horietan guztietan hezkuntza sisteman txertatzeko proposamen zehatzak egin dituzte. Besteak beste, egunerokoan beharrezko diren sukaldaritza edo sorospen ikastaroak antolatzea, euskararen erabilera eta kultura sutatzeko jarduerak burutzea, teknologia berrien erabilera sustatzea, irteera gehiago egitea –'asko ikasten baita'–, harremanak indartzeko tutoretza ordu gehitzea , talde-lana oinarritzat hartzea...

Irakasleak eta gurasoak
Ikasleak ez dira egitasmoko protagonista bakarrak izan. Gurasoek eta irakasleek ere egitasmoan murgildu dira. Urtarrilaren 17ko saioan irakasleek eta gurasoek ere parte hartu zuten.

Irakasleen bozeramaile lanetan Ixiar Artola irakaslea aritu zen. Bere mintzaldian hezkuntza sistema hobetzeko konpromezua hartuko dutela iragarri zuten, hainbat aldaketa proposatuz: ikasleekin metodologia aktibo, berriztatzaile eta parte hartzaileak erabiltzea, teknologia berrien onurak ikastetxeen egunerokoan lagungarri izatea, elkarbizitza sustatzea, eskola irekiagoa bultzatzea, gurasoekin harremana sendotzea edota, euskaratik hasita, ikasleen hizkuntzetarako gaitasuna handitze.

Gurasoen izenean Lidia Ubillosek hartu zuen hitza. Heziketan pentsatzeari denbora eskaintzea, ikastetxeetan gurasoak agente aktibo izatea,  seme-alaben ikasketa prozesuan murgiltzea, herrian hezkuntzaren inguruan antolatzen diren ekintzetan parte hartzea eta irakaslegoa errespetatzea izan ziren hizpide izan zituenak.

“Hezkuntza hobetu: jakin, partekatu eta elkarrizketatu” egitasmoan Urnietako Udalak parte hartze aktiboa izan du. Mikel Pagola alkateak eragile guztien inplikazioa txalotu zuen: “Emandako babesa ikaragarria izan da, eta baita, prozesu guztian egindako lana eta erakutsitako jarrera ere. Asmoa hezkuntzaren alorrean gogoeta egitea izan da, egungo hezkuntza sistematik abiatuta, baina batik bat, etorkizuneko ikuspegia landuz: zertan hobetu daitekeen hezkuntza eta zein hezkuntza eredu izan nahiko genukeen, besteak beste”.  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!