Loatzo musika eskolak 15 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 25a, 01:00

Herri txikietan kalitatezko musika hezkuntza eskaintzeko asmoz jaio zen Loatzo musika eskola. 15 urteko bidea bete du dagoeneko, indartsu gainera.

Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkilek osatzen dute egun, Loatzo musika eskola. Hamabost urte hauetako ibilbidean, asko hazi da Loatzo, bai herri kopuruari dagokionez, baita ikasle kopuruari dagokionez ere.

Loatzo sortu aurretik, Anoeta eta Villabonan baziren musika eskolak, eta inguruko herrietako haurrek ere horietara jotzen zuten, musika ikasketak egin ahal izateko. Ainhoa Elizondo Loatzo musika eskolako zuzendaritza taldeko kideetakoa da eta azaldu duenez, “argi zegoen bazegoela musika ikasketak egiteko eskaera. Tolosaldeko udal guztiekin harremanetan jarri ondoren, hiru herrirekin sortu zen Loatzo Mankomunitatea; Anoeta, Zizurkil eta Ibarra”. Villabona, Aduna, Irura, Altzo eta Alegia batu ziren aurrerago, gaur egungo egitura osatuz.

 

Txikitik handira

Ainhoa Elizondok azaldu duenez, hiru helburu nagusirekin jaio zen Loatzo musika eskola: “Musika eskola txikiz osatutako musika eskola handia izatea zen lehen helburua. Bigarrena, ekonomikoki bideragarria izatea zen, eta hirugarren helburu nagusia, langileen baldintzak duinak izatea. Oraindik dena egin gabe badago ere, hiru helburu nagusi horiek betetzeko bidean goaz eta, ziur aski, hasieran uste genuena baino gehiago hazi da Loatzo”.

 

Herri txikientzat, lujua

200 ikaslerekin abiatu zen Loatzo musika eskola, eta 566 ditu ikasturte honetan. “Herri txikietan bereziki, musika eskola bertan izatea aukera bikaina da. Herri txikietako jendeak musika herrian bertan ikasteko aukera izatea, eta gainera Loatzok duen eskaintza zabalarekin, luju handia da. Hamabi instrumentu ezberdin ikasteko aukera eskaintzen du Loatzok gainera, eta hori ikaragarria da”, azaldu du zuzendaritza taldeko Aitor Lasak.

Zenbait urtetan, Larraul ere izan zen Loatzo Mankomunitateko kide, hitzarmen bat sinatuta: “Garai hartan, eskolarik ez zegoen Larraulen eta ziur asko, egoera hori bizitu duen Euskal Herriko herri bakarra izan da: eskolarik izan gabe, herrian musika eskola izan du Larraulek”.

 

Aberastasuna

Zortzi herritako musika eskola izanik, elkar ezagutzeko bidea ere eman die Loatzok bere ikasleei. Ixak Oiartzabalek azpimarratu duenez, “bestela elkarren berri izango ez luketen gazte asko musikaren bidez lotu dira. 12 urtetik aurrera taldeetan jotzen hasten dira eta herri ezberdinetakoak elkartzen dira modu horretan. Hori ere oso aberasgarria da, noski”.

Herri ezberdinetan zerbitzua eskaintzeak aberastasun handia ekartzen du, baina baita zenbait erronka ere. Onintza Erkizia eskolako zuzendaria da gaur egun, eta azaldu duenez, kudeaketa lana ez da erraza. Zortzi herri hartzen ditu eskolak, eta herri bakoitzean, egoitza ezberdinetan eskaintzen dituzte eskolak. Zizurkilen, adibidez, Iriarte etxean, Atxulondon edota Pello Mari Otañon eta berdin gertatzen da beste hainbat herritan ere. Ordutegiak lotzea, taldeak antolatzea…, antolaketa lan konplikatua eskatzen du Loatzo musika eskolak.

 

Herri ekimenekin bat

Herrietako hainbat eragilerekin harremanetan ere badaude Loatzo musika eskolako kideak: “Festetako ekitaldietan parte hartzen dugu, adibidez. Udalek eskaintzen duten zerbitzua gara, eta gure lana kalean ere badago, gure musika eskainiz eta herrietako dinamiketan parte hartuz”. Izan ere, Udalei gastu ekonomiko garrantzitsua suposatzen die Loatzo musika eskolak. Ainhoa Elizondok azaldu duenez, “1993ko Musika eskolen legeak dioenez, Eusko Jaurlaritzak gastuen herena ordaindu beharko luke. Hori, ordea, ez da oraindik gauzatzen. Horregatik, Udalek ahalegin ekonomiko handia egin behar dute, baita gurasoek ere”. Gurasoen ahalegin ekonomikoaz gain, haiek betetzen duten papera ere eskertu dute: “Irakasleoi kilometroak egitea egokitzen zaigun bezala, gurasoek ere asko egiten dituzte; gaztetxoak batera edo bestera eramateko. Horrez gain, emanaldien ondorengo merendolak ere gurasoek antolatzen dituzte. Haien jarrera eskertzekoa da”.

 

Musikan aurrera

Loatzoko ikasle izandako batzuk, bidea egiten ari dira musika munduan eta hori pozgarria da musika eskolako lantaldearentzat. Ixak Oiartzabalek azaldu duenez, urtero ikasle taldetxoa bidaltzen dute kontserbatoriora, “eta batzuk musikara bideratzen dute euren ibilbidea. Musika taldeetan jotzen, atzerrian ikasketa profesionalak burutzen edo musika irakasle gisa lanean…, hori ikustea pozgarria da guretzat”.

Urteak aurrera, zenbait aldaketa ere sumatu dute Loatzoko arduradunek. Esaterako, ikasle gehienak haur eta gazteak badira ere, geroz eta gehiago dira ikasle helduak: “Jubilatu ondoren ekiten diote askok musika ikasteari. Joera hori nabarmen hazten ari da azken urteotan”, azaldu du Ainhoa Elizondok.

 

Kilometro festa

Hogei irakasle ari da lanean Loatzon, eta, guztiek ere, kilometro asko egiten dute, batetik bestera. “Batzuetan, ordu erdiko saioa eskaintzeko, autoa hartu eta errepidean kilometro sorta egin beharra izaten dugu. Ohitu egin gara, eta herri txiki horietan musika ikasteko aukera eskaintzeak badu bere xarma. Arrisku puntua ere badu, noski, baina momentuz ez dugu istripu larririk izan”, azaldu dute. “Sarriago gertatu izan zaigu, hori bai, herriz nahastea, eta egokitzen ez zen tokira joatea”, diote irribarretsu. “Auto ilaren eraginez klaseak ematera ezin iritsi izana, edo elurra dela eta arazoak izatea… horrelakoak ere izaten ditugu”, gaineratu dute.

 

Publikoa

Loatzo Mankomunitateko kideei bidea irekitzea egokitu zaie. Ainhoa Elizondok azaldu duenez, “gisa honetako Musika eskola gehiago ere badago, baina pribatuak dira eta lan egiteko modua ezberdina da. Erreferentziarik gabe egin dugu bidea, momentuan momentuko erabakiak hartuz; batzuetan asmatu dugu eta beste batzuetan ez horrenbeste”.

 

Hausnarketa

Urteurren borobila iritsita, hausnarketa prozesua martxan jarri dute, eta ospakizunak ere egingo dituzte, noski. “Eskola proiektuaren inguruko hausnarketa martxan daukagu; orain arte egindakoa aztertu, eta etorkizunari begira jarri behar dugu. Herrietako errealitatea aldatzen doa, eta baita hezkuntza bera ere. Guk horretara egokitzen joan behar dugu, lan pedagogikoa eginez. Hausnarketa horrez guztiaz gain, ospakizunak ere egingo ditugu, noski!”, amaitu du Ainhoa Elizondok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!