“Hausnarketarako bide izan da Atenaseko esperientzia”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 26a, 01:00

Atenaseko Squat etxeetan eta zentro sozialetan egon da boluntario gisa Mirian Aizpurua billabonatarra. Bertako errefuxiatuek duten bizimodu eta etorkizunari buruz hitz egin digu.

Gerratik ihesi, bizimodu hobeagoaren bila joaten dira errefuxiatu asko Greziara.  Txalupa txikietan eta baldintza kaskarretan, mafiari bizitzako aurrezki guztiak entregatu ondoren heltzen dira Greziako irletara. Bertan bi aukera dituzte herrialdera sartzeko: modu legala edo legearen kontra. Modu legalean, hatz marka kontrolean utzi ostean, bizi osoan Grezian geratzeko obligazioa dute, lana bilatzeko aukera edukiz. Legearen kontra, berriz, kilometro asko ibiliz edota mafiari ordainduz sartzen dira herrialdean, lana bilatzeko eskubiderik eduki gabe.

Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari da Eskoriatzan Mirian Aizpurua billabonatarra. Errefuxiatuekin lan egiten duten erakunde ezberdinekin hitz egin ondoren lortu zuten boluntario gisa Atenasera joatea Aizpuruak eta bere klasekide batzuk.

 

squat

Errefuxiatuek okupatu ohi dituzten abandonatutako eraikinak dira squat etxeak; garai batean eskola edota hotela izandakoak. Gerra eremuetatik etorri ohi dira bertara errefuxiatuak, esaterako, Siria, Afganistan, Kurdistan edota Palestinatik. “Jasmine School” izeneko squat-ean egon zen udan hiru astez billabonatarra.  Aizpuruak adierazi duenez, “14 urte inguruko mutil batzuk bakarrik zeuden bertan, edota ama bat bere umeekin, baita gizonezkoak bakarrik ere”. Elkarren artean ezagutzen ez den jendea biltzen da bertan. “Gela batean bost familia ere egon zitezkeen, intimitaterik gabe. Oihalak jartzen zituzten intimitate gehiago edukitzeko”.

Herrialde eta kultura ezberdinetatik datozenez, elkarren artean gorroto eta lehia sentimenduak  ere azaleratzen dira. “Gurasoek, gizonezkoek batik bat,  elkarren artean duten lehia umeei transmititzen diete, nahiz eta haurrek ez duten gorroto horren jatorria ezagutzen”, azaldu du Aizpuruak.

Squat etxeetan egon izanak haurrekin eta euren familiekin denbora pasatzeko aukera eman dio boluntariotza lanak Mirian Aizpuruari. “Gure helburua haurrei denbora eskaintzea izan da, eurak entretenitzea, baita emakumeak ere”. 10:30etan esnatu eta gosaldu ostean, aktibitateak egiten zituzten   haurrekin eta baita emakumeekin ere eguna gustura igaro zezaten aktibitate ezberdinak eginez. “Gu joan aurretik esnatzeko motibaziorik ez zutela esan ohi ziguten”. Squat etxeetan egon izanak bide eman die familiekin denbora gehiago igarotzeko.  22:30ak bitarte  bertan igarotzen zuten denbora haur eta emakumeekin.

 

Zentro soziala

Udan soilik ez, Gabonetako oporretan ere Atenasen izan da billabonatarra bi astez, baina oraingoan “Vicoria” izeneko zentro sozialean, garai batean hotela izandakoa.  Egoera ezberdina izan da: “Gurasoak seme-alabekin etortzen ziren zentro sozialera bazkaria hartzeko, eta ilara egiten zeuden bitartean gela batean egoten ginen haurrekin jolasten; familiekin ez genuen ia kontakturik”.

11:00etatik 16:00ak bitarte irekitzen ditu ateak aipaturiko zentroak, eta bitarte horretan haurrekin jolastez gain, oinarrizko irakasgai batzuk ere eman zizkioten: “Oinarrizko heziketa irakasgai batzuk ere azaldu dizkiegu haurrei, munduaren edota gorputzeko atalen inguruan,  asko eta asko ez baitira eskolara joaten”.

Squat etxeekin alderatuta, zentro sozialeko egoera ezberdina da. “Eraikina egoera hobean dago. Gela gehiago, gimnasioa eta haurrentzat egokitutako gelak daude”. Errefuxiatu batzuk ere bertan lo egiteko aukera zutela azaldu du Aizpuruak: “Janaria banatzen ari zirenen ondoan jarri, eta itzultzaile lanak egiten zituztenek bertan egiten zuten lo, baita boluntario batzuk ere”.

 

Emakumeak

“Emakumeen artean depresio handia nabari da bizi duten egoeragatik”, azpimarratu du billabonatarrak. Haurrekin egoteaz gain, emakumeekin ere aktibitateak egiten zituzten. Aizpuruak azaldu duenez henna margoketak eta musika entzutea zituzten gustuko. “Emakumeek ekintzetan parte hartzeak, euren artean elkar ezagutzea ekarri du, elkarren laguntza badutela ikustaraziz”.

Gizonezkoen parte hartzeari buruz galdetuta, honakoa izan da erantzuna: “Gizonezkoek ezin zuten ekintza horietan parte hartu. Beraien aurrean emakumeak ez lirateke gustura egongo, eta ez lukete askorik hitz egingo”.

 

Etorkizuna

Alemania, Suedia, Espainia edota Holanda dituzte helmuga-leku errefuxiatu askok. Zain. Dirua lortzearen zain daude euren ametsak betetzen joateko. Batzuk familiartekoak dauden herrialdeetara joango dira, beste batzuk, berriz, paradisutzat dituzten herrialdeetara. “Boluntario gehienak euskaldunak eta katalanak direnez, gure herrialdea paradisutzat dute”.

Diru-laguntzei dagokienean, Greziako gobernuaren partetik ez dute laguntzarik jasotzen. Laguntza handiena Espainiatik datorkie, hala nola, janaria, haurrentzako pixoihalak edota arropa. Boluntarioei dagokienean, gehienak Euskal Herritik eta Kataluniatik joandakoak dira. Egun Grezian langabezia-tasa oso altua da, eta horrek zaildu egiten du errefuxiatuen egoerak hobera egitea, greziar ugari egoera zailean baitaude. Batzuekin kontaktuan jarraitzen dutela esan du Aizpuruak, mugikorrak badituztelako. Atenasen bizitako esperientzia positiboki baloratu du: “Oso esperientzia aberatsa izan da, emozioz beterikoa. Hasieran ez-jakintasuna da nagusi, ondoren poztasuna eta emozioa. Hausnarketarako bide izan da esperientzia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!