Zimiterioa txukuntzen ari dira

Zimiterioko pilotalekua txukuntzen ari dira Udal langileak. Lurreko zuloak estali, txapa konpondu, eta, besteak beste, margoketa lanak egingo dizkiote egunotan.

San Millan elizari itsatsita dagoen Zizurkilgo altxorretako bat da zimiterioa moduan ezagutzen dena. Izenak dioen bezala duela zenbait mende bertan sartzen zituzten herrian hildakoak baina azken hamarkadetan pilotarako jolasleku izan da, 80ko hamarkadaren amaieran frontoi handia egin arte, jolasleku nagusia gainera. "Gaur egun oraindik erabilera handia duen gunea da eta ikusten genuen ez zegoela egoera onenean, zulo batzuk zituen, pìntura erortzen ari zen, txapa ere ez zegoen egoera onenean... " azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak.

Pintatu eta konpondu

Egunotan herriko langileak gunea konpontzen eta pintatzen ari dira, "zuloak masarekin estali, txapa txukun jarri eta frontoia eta inguruko pareta pintatuko dute", azaldu du Luengok. Egun gutxitako kontua izango da eta bitartean itxita egongo da zimiterioko pilotalekuko aldea, elizarako sarrera libre utziko delarik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!