Bizipen asko ezagututakoak dira, dagoeneko. Benidorm-en pilatutakoak dira horietako batzuk, Mediterraneo aldean pasatzen baitituzte opor egun asko. Errege Egun biharamuneko itzulera, ordea, ez dute berehalakoan ahaztuko. IruÒeraino arazorik gabe etorri ziren, harik eta informazio paneletan elurragatik A-15a elurragatik itxita zegoela ikusi zuten arte. A-10 eta A-1 erabiltzeko oharra luzatu zieten. "Elurra ari zuen IruÒetik aurrera, baita Altsasun ere, baina errepidea irekita zegoen. Bat-batean geldirik geratu ginen, Altsasu pasa eta kilometro pare batera, eta halaxe sei ordu igaro ziren”. Mantak bazituzten autoan, eta etzanda jarri ziren. Erreskate taldea gauerdian hurbildu eta Zegamako bidegurutzean buelta hartuta, Altsasura joaten lagundu zieten. "Herrira iritsi eta gazte mordoa zegoen laguntza emateko prest". Umeei eta adineko jendeari eman zieten lehentasuna. Pentsa, 1.400 lagun geratu ziren errepidean, ez atzera, ez aurrera. Herriko frontoira lehenik, kiroldegira joan ziren ondoren. Bat-batean, bozgoragailuetatik ostatuetan lekua bazegoela entzun zuten. "Oinetako txar batzurekin genbiltzan. Pentsa, aurreko egunean 20 gradura geunden Benidorm-en".
Jana, edari beroa eta ohea eman zieten. Agurtzanek atseden hartu ahal izan zuen. Patxik ez: "Ezin nuen lo egin, atarian batekin eta bestearekin egon nintzen hizketan. Ikaragarria izan zen altsasuarrak laguntza emateko nola antolatu ziren: janaria banatzeko katea egin, hamakak jarri, jendea atenditu, ogitartekoak eta gosaria prestatu...". Eguna argitu baino lehenago, zerrenda bat jarri zuten, autoaren matrikularen baitan, ilaran utzitako autora bueltatzeko ze autotan joan behar zuten jakiteko. "Bestelakoan sekulako kaosa sortuko zen". Goizeko 08:00retan A-15a libratu eta Patxi eta Agurtzane onik iritsi ziren Urnietara.
Eskertza mezua
"Ez naiz ondo moldatzen idazten-eta, baina mezu hau helaraziko bazenu, eskertuko nuke", dio Agurtzanek, malkotan ia-ia: "Hainbeste jende, zuri laguntzen, ezagutzen ez zaituenean... bizitzako oroitzapen politenetakoa izango da niretzat. Milesker bihotz-bihotzez Altsasuko jende guztiari". Patxik xehetasun polit bat dakar gogora: "Atzerriko jende asko zegoen: frantziarrak, magrebiar jendea, portugaldarrak... erdaraz zeoze bazekien frantziar batek honakoa esan zidan: 'horregatik maite duzue hainbeste errugbia Euskal Herrian, laguntasuna eta elkartasuna ardatz duen kirola delako".