Frankismoko biktimen arretarako bulegoa, zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 17a, 01:00

Andoaingo Udalak frankismoak eragindako biktimen arretarako Bulegoa irekiko du datozen asteetan Basteron. 1936-1977ko epealdi historikoan giza eskubideen urraketaren bat jasan zuten pertsonen inguruko informazioa jaso nahi dute bulego horren bitartez.

Bulegoa Oroituz, Andoainen herri elkarteak kudeatuko du, eta urtarrileko, otsaileko eta martxoko ostegun (17:00-19:30) eta ostiraletan (10:30-13:00) irekiko ditu ateak. 1936-1977 epealdian desagerketak, atxiloketak, kartzela zigorrak, jazarpenak, lan diskriminazioak, langile batailoiak, exilioa, ile mozketak… eta beste makina bat biolentzia mota jasan zituzten pertsonei lotutako informazioa (testigantza pertsonalak, agiriak, argazkiak…) bildu nahi dute Bulegoan.

Bulegoaren ekimena Andoaingo Udalak joan den urteko uztailean onartu zuen mozioaren ondorioa da. Orduan, Udalak bat egin zuen Argentinako epaitegiek frankismoaren inpunitatearen aurka eta egia eta justizia ezartzearen alde ireki duten Kereilarekin, eta konpromisua hartu zuen Andoainen gertatutako giza eskubideen bortxaketen inguruko txostena osatzeko eta Tolosako zein Buenos Aireseko epaitegietan salaketa aurkezteko.    

 

Bulegoaren aurkezpena

Bulegoa, gaur, asteazkenarekin, aurkeztu da udaletxean. Alderdi politikoko ordezkariekin batera (EH-Bildu, EAJ, PSE-EE, Ganemos eta Podemos), mozioa aurkeztu zuten Argentinako Kereilaren aldeko Plataformako ordezkari den Josu Ibargutxi eta Oroituz, Andoainen elkarteko kide den Xabier Lasa izan dira ekitaldian.  

Ana Carrerek garrantzitsutzat jo ditu mozioa eta horren eskutik hartutako konpromezuak. “Frankismoko ondorio lazgarriak izan ditu gure bizitzako esparru guztietan. Oraingo honetan, geure buruari Adoainen eragindako giza eskubideen urraketa guztiak jasotzeko helburua jarri diogu”. Informazio guztia jasoaz, bi helburu bete nahi dituela Udalak adierazi du. “Batetik, osatuko den txostenarekin frankismoaren zigorgabetasuna salatu nahi dugu, eta bestetik, memorian eta erraparazioan urratsak eman nahi ditugu, ez errepikatzeko berme nagusi bezala”.

Xabier Lasak mezu bikoitza zabaldu nahi izan du Oroituz, Andoainen elkartearen izenean. Lehenbizikoa poza adierazteko izan da “kereilaren eta Bulegoaren ekimenari esker, bat egingo dutelako herritarrengandik hurbilen dagoen erakunde publikoak, Udalak, herri elkarteek eta biktimek”. Bestetik, andoaindarrei gonbidapena luzatu die, bulegora gerturatu daitezen eta nork bere etxean, familian ezagutu dituen giza eskubideen urraketen inguruko informazioa bertan utzi dezaten, nahiz eta iruditu oso datu txikia izan daitekeela. “Denon artean Andoaingo herriaren eta herritarren memoria pertsonala eta kolektiboa osatzen joan gaitezke, puzzle baten antzera”.

   Azkenik, Josu Ibargutxik kereilaren ekimena gaur egun zertan den azaldu du, Euskal Herrian zein estatu mailan. Hizpide izan ditu, besteak beste, epaileek azken aldian atzera bota dituzten salaketak, Iruñea, Gasteiz, Arrasate edo Elgetako Udalek epaitegietan aurkeztutakoak alegia. “2016ko irailean, Estatuko fiskaltza nagusiak zirkularra ofiziala idatzi zien lurraldeetako fiskaltzei eta epaile guztiei, zera aginduz: ez egiteko kasurik Maria Servini Argentinako epailek bidali zitzakeen edozein agindu edo diligentziei. Agindu horrekin, bazterrean uzten zen Espainiak eta Argentinak arlo judizialean elkar laguntzeko sinatuta dauzkaten hitzarmena. Egia esan, estatuko aparatu judizialak oso serio hartu du frankismoaren inpunitatearen aurkako ekimenari bidea mozteko ahalegina”.

Ibargutxik zehaztu duenez, kereila ez onartzeko epaileek argudio berberak erabiltzen ari dira: “preskribitutzat jotzen dituzte krimenak, eta 1977ko amnistiaren legera makurtu beharra dagoela. Badakite ez direla ari legea betetzen, izan ere, Espainiak sinatuta dauzka giza eskubideen inguruko nazioarteko komenio guztiak. Eta hain zuzen, Konstituzioko 96. artikuluan garbi adierazten da baldin eta sinatu badira Nazioarteko komenioak, barruko ordenamendu juridiko guztia bazterrean geratzen dela. Hortaz, epaileak beraiek dira lehenbizikoak dira Konstituzioa bete gabe uzteko orduan”.

Trabak traba, kereilaren ekimenarekin aurrera jarraituko dutela ziurtatu zuen Ibargutxik. "Hainbat udalerrietan kereilarekin bat egitea onartzen ari dira; etorkizunean ehundaka udalen uholde hori Europako instantzietara iritsiko da Estatu espainiarrean ez zaielako biderik ematen, eta orduan jasanezina izango da egoera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!