Hileta zibilen inguruko ordenantza eskatu du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 16a, 01:00

Hileta eta omenaldi zibilen inguruko ordenantza eztabaidatu eta onartzeko eskaera luzatu du EH Bilduk Amasa-Villabonan. Jarraian, urtarrilaren 10ean erregistratutako eskaera ofizialak jasotzen duen testua:

Zioa:

Administrazio publikoen izaera ez-konfesional eta laikoa funtsezko elementua da eta ondorioz, erakundeek pertsonen eta elkarteen askatasun ideologiko eta erlijiosoa eta gurtzarako askatasuna bermatu behar dituzte.

Gure herriko pertsonen artean aniztasun ideologiko, kultural eta erlijiosoa da nagusi, gure jendartea gero eta aberatsagoa da ohituren eta ekintza sozialen adierazpenei dagokionez.

Hil ondorengo hileta eta omenaldi zibilak egiteko beharra, erlijiorik gabe bizitzeko aukera egin duten gizon emakumeek zeremonia duina eta pertsonala eduki ahal izateko beharretik sortu da, eta herritar horiek bizitza ulertzeko duten modua errespetatu beharrekoa da.

Erlijio ezberdinek hildako pertsonei azken agurra emateko liturgia-ekitaldi desberdinak dituzten moduan, Amasa Villabonako Udalak gizartean gero eta eskaera handiagoa duen behar bati erantzun behar dio, hileta edo omenaldi zibilak egin ahal izatea ahalbidetzeko araudi bat onartuz.

Honako hau, amasa billabonatar guztiek, hileta-ekitaldia beraiek erabakitako moduan egiteko duten askatasuna errespetatzeko ezinbesteko tresna izango da.

 

Proposamena / eskaera:

- Amasa Villabonan hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza bat eztabaidatu eta onartzea, 2 hilabeteko epean.

 

Ordenantza honen xedea, hileta ekitaldi edo omenaldi zibilak egiteko udal lokalen edo herriko espazio publikoaren erabilera eta baimena arautzea izango da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!