Naiara Delgado, emozioetatik isurtzen den sormenaren menpe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 15a, 01:00

Naiara Delgado Perez Andoaingo margolariak 97 artelan jarri ditu ikusgai Basteroko erakusketa gelan. Barru-barrutik irteten zaizkion emozioek inspirazio iturri izaten dituela aitortu zuen ostiral arratsaldean egin zen erakusketaren inaugurazio ekitaldian. Otsailaren 17ra bitarte egongo da irekita.

 

Lau urte zituela Naiarak argi eduki zuen sormenaren mundutik abiatu beharra zeukala, eta Eduardo Arreseygorren sormen tailerrera joanda bideratu zuen zaletasun hori, hain zuzen. “Denetik egiten genuen tailerrean, marrazketa, eskultura, argazkigintza... eta hartaz gero ez naiz geldirik egon. 16 urte arte Andoainen bizitu nintzen, baina agudo Iruñeara joan nintzen, batxillergo artistikoa ikastera. Bilbo izan zen nire hurrengo pausa lekua, Arte Ederretako ikasketek erakarrita”.

Bere ibilbide artistikoari errepaso polita emateko aukera eskaintzen du "Nire terapia=artea" izenburua daraman erakusketak, Basteron. Bederatzi urterekin egin zuen lehen marrazkia da artelanik zaharrena erakusketan; berriena, orain aurretik, 36 urterekin egin duena.

Delgadok ostiralean adierazi zuenez, bizitzako pasio du sormena; urduri jarri liteke egun batzuk ezer sortu gabe egonez gero. Burua eta irudimena beti dauzka artelanaren mesedetan.

 

Emozioak agintzen

Sormen lanari ekiteko orduan, barruan mugitzen zaizkion emozio eta sentimenduekin gidatzen dela adierazi zuen Ainara Delgadok ostiralean. “Nire artelanetan antzematen da zein izan zen nire egoera animikoa lanean jarri nintzen une bakoitzean. Txuri-beltzak dira batzuek, iluntasunaren eta tristeziaren seinale; koloretsuak dira beste batzuk, eta alaitasuna adierazten dute”.

Teknikari eta gaien arabera sailkatu ditu Basteron zintzilikatu dituen ia ehun artelanak: Txuri-beltzak, Gabiri-etxeak, komikiak, Koaderno eta artista-liburuak, Zuhaitz genealogikoa, Pasaiak, Abstraktoak, Antropomorfoak, Emakume-etxeak, erretratoak.

Teknikari dagokionez, bitan banatu ditu orohar: errealistak, eta, abstraktoak edo antropomorfoak. Tresneria eta materiala anitza erabili du horretarako: akrilikoa kartoian, akuarela paperean, kollagea paperean, arkatza, errotulagailua, tinta txinartara eta boligrafoa paperean, olioa oihalean...

Gaiei erreparatuz gero, Emakumea-etxea izenburupean bildutako artelanak nabarmantzen dira erakusketan, kantitateari dagokionez. “Haurdunaldia bizitu nuenean, amatasunaren eta familiarekin identifikatzen den etxearen inguruko emozioak nagusitu ziren nigan, eta garai horretako emaitza gisa hartu behar dira gehienak. Esango nuke emakume eta etxea, bi kontzeptu horien metamorfosia islatzen dutela artelan horiek”.

 

Jaioterrian erakusketa

Delgadok gogo bizia zeukan sormenezko ibilbidean egin dituen artelanak denak bildu eta leku batean erakusteko, eta jaioterrian egokitu zaio ametsa gauzatzea. “Egundoko ilusioa egiten dit jaioterrian gertatzea hori, eta gainera, izugarri gustatzen zaidan erakustokian”.

Aukera izaten duenean, mural handiak egitera ere ausartzen da Delgado. Egunotan, Lizartzako Juan XXIII. Herri Eskolako horma bat margotzen dabil, buru belarri. Euskara du gaitzat muralak, eta tamainan, hamar metroko luzera eta seiko zabalera du.

Ainarak bizimodua ez du ateratzen artelanetatik, baina enkarguak onartzen ditu, direla erretratu pertsonalak, direla zuhaitz genealogikoak...

Delgadoren artista senaz gehiago jakiteko, erakusketa ikustera joatea besterik ez dago. Otsailaren 17ra bitarte egongo da ikusgai esan bezala, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. 

. Halaber, interesgarria izan liteke begiratua ematea sarean irekita daukan blogari (http://naiaradelgado.blogspot.com); bertan, era guztietako artelanak eta gogoetak ikusi eta irakurri daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!