Loatzo musika eskolak, 15 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 15a, 01:00

Urteurren borobila ospatzen ari da Loatzo musika eskola. Hamabost urte dira Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo herrietan musika ikasketak eskaintzen hasi zirela. Urteurrena gogoan, agerraldia egin dute gaur Loatzoko kideek eta ospakizunak ere iragarri dituzte:

Prentsa agerraldian jakinarazi dutenez, "Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteko pisuzko kide izatera iritsi da Loatzo. eta momentu honetan, 566 herritarrek musika hezkuntza integral, osoa, anitza, integratzailea, euskal kultura oinarri duena baina munduko beste kulturei irekia..., jasotzen duen gune bihurtu da".

"Horretara iristeko dedikazio et lan handia egon badira ere, bada funtsezko izan den zerbait: Loatzo Mankomunitatea osatzen duten Udalen jarrera eta borondatea. Lantalde honen izenean, ez dugu esker oneko hitzik besterik proiektua babestu, bultzatu eta egun garen hau izatera iristen lagundu gaituzten udalentzat", azaldu dute.
 

Loatzoko kideek jakinarazi dutenez, "bide guztiek bezala, honek ere izan ditu gora eta beherako aldapak. Hala ere, aldapa guztien gainetik dago jasotako uzta: musikari profesionalak, musika talde, musika ikasle eta batez ere, musika zale ugari. Gure herri honetatik hasi, eta Finlandiako azken muturrerainoko tartean banatuta geratzen diren hainbat musikari eta musika kide".

Ekintzez bete dute Loatzoren 15. ikasturtea:

1- Xexili egunean, herri guztietako kaleak doinuz bete zituzten, ikasle guztien parte hartzearekin.

2- Gabonetan, herri bakoitzeko emanaldiez gain, Bandaren emanaldia eta Olentzeroren etorreretako doinuak.

3- Kalderero, Santa Ageda eta Tolosako Iñauterietan parte hartzea.

4- Topaketak: Saxofoiak, zeharkako flautak, tronboiak, eskuzoinuak, trikitixak... beste herrietakoekin batera arituko dira udaberrian.

5- Instrumentu guztien audizioak, herri guztietan.

6- Usurbilgo Musika eskolarekin elkartrukea, martxoa-apirilean.

7- Arenys del Mar-era joango dira Loatzoako pianistak, klarinete, biolin eta flautako ikasleak.

8- Herri Urrats-en kontzertua eskainiko dute, lehen aldiz.

9- Ikasturte amaierako emanaldiak, herri guztietan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!