Aiurri astekariaren diseinu aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 12a, 01:00

Urtea hastearekin batera, Aiurri astekariak diseinua aldatu du. Jon Ander Ubeda zuzendariak aldaketaren gakoak azaldu ditu "Zabalik" atalean:

Aste honetakoak bestelako itxura dakar. Ezberdina. Eta, halere, irakurleen eskuetara iritsi denak Aiurri astekaria izaten jarraitzen du. Tamaina ere aldatu egin da, erraz aldera daiteke orain arte argitaratutako edozein astekariarekin. Pittin bat estutu eta txikitu egin da, tamainan. Bere baitan, ordea, tokiko eta euskarazko albisteak biltzen darrai. Horixe baita Aiurriren DNA, eskualdeko nortasun hitzak lantzea. 

Iazko udaberrirako iragarritako aldaketa hura bederatzi hilabeteko atzerapenarekin gauzatu da. Orduko promesa hura bete gabe geratu zen, eta berrikuntza urtea aldatzearekin batera eman da. Arrazoia ez da ezkutatu behar. Lantalde txikia da Aiurrikoa, eta diseinatzailea baja hartuta zegoela, gainerako lankideak bide berriak urratzera ez ginen ausartu. Oraingoan bai, lantaldea osatuta, urtea Aiurri astekari berrituarekin abiatu da. Tokikom tokiko hedabideen arteko sinergiak baliatuz, eta Lasarte-Oriako Txintxarri astekariak duela urtebete egin bezala, Aiurrik ere bere egin du Goiena astekariaren diseinua. Molde aldaketak edukien lanketa berria eragin du: Erakargarria izan nahi du, informazio osagarri gehiagorekin, irakurketari ekiteko deigarriagoa. Erredakzio taldetik irakurleak hori ere nabaritzea nahiko genuke.

Aste honetako Aiurri eskuetan, lehen bistadizoan, aldaketa nabarmena da. Bigarren bistadizoan beste idazkera batean lan egiteko saiakera antzematea nahiko genuke.

Irakurle, zure iritziak balio handia du guretzat. Emailez edo whatsappez zure ekarpena atsegin handiz jasoko genuke (diseinua@aiurri.eus, 619 163 537).

Duela ia hamalau urte abiatu zen Aiurri astekaria, hutsune ezberdinak betez. Alde batetik, Andoainen aktualitateari eusteko Aiurri hamaboskariaren edizio osagarri modura sortu zen. Bestetik, Beterri-Buruntzara begira, Urnietan euskarazko tokiko informazioan zegoen hutsunea bete nahi genuen. Abiatu ginen, bidean zailtasunak igaro genituen, tarteka asmatu eta beste batzuetan hanka sartu dugu. Urtea joan, urtea etorri, bada aldatu ez den jokabidea: Paperean nahiz sarean gertuko informazioa zabaltzeko irrikari eustea. Jantzi berria soinean, aurrera goaz. Hurrengo erronka: astekariaren 15. urteurrena. 2019an iritsiko gara efemeride horretara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!