Birziklapenaren inguruko informazio panelak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 12a, 01:00

Birziklapenaren inguruko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du Tolosaldeko Mankomunitateak, Ecovidrio eta Ecoembes erakundeen laguntzarekin. 1000 biztanletik beherako herrietan, informazio egitura bereziak jarriko dituzte, hondakinak modu egokian nola sailkatu azalduz.

Tolosaldeko Mankomunitateak birziklatze indize adierazgarria du: 2017an (abendukoak kontutan izan gabe) etxeetako hondakinen gaikako bilketaren bataz bestekoa %62,30era iritsi da. Hala eta guztiz ere, badago zer hobetua eta horixe da Tolosaldeko Mankomunitateak Ecovidrio eta Ecoembes erakundeen laguntzarekin antolatu duen sentsibilizazio kanpaina berriaren xedea, hau da, gehiago eta hobeto birziklatzea.

Herritarrek ondo birziklatzeko zalantzak dituzte, batez ere edukiontzi horian jasotzen diren hondakin batzuekin: plastikozko ontzi arinak, metalezko ontziak eta brik motakoak. Hala ere, zalantza horiek beste edukiontzietara ere zabaltzen dira.

Sentsibilizazio kanpaina honen bitartez, Tolosaldeko herritarrei laguntza eskaini nahi zaie informazio zehatza eta deigarria esku-eskura jarriz. Horretarako, nola birziklatu argi azalduko duten informazio egitura berezi batzuk jarriko dira eskualdeko 20 herritan. Zurezko paletak berrerabiliz eginiko egitura berezi horietan birziklapen-lerro ezberdinetan bereiztuta jaso behar diren benetako hondakinak jarri dira erakusgai eta baita informazio panelak ere.

20 herri 23 astetan

Urtarrilaren 10ean hasita hogei herritan jarriko dira egiturak ikusgai, Tolosako kasuan hiru auzoetan. Kanpaina honetan, herri txikiek izango dute protagonismoa. Kontuan izan behar da eskualdea osatzen duten 28 udalerrietatik 19 herri txikiak direla, 1.000 biztanle baino gutxiagokoak.

Bilketa puntuen kopuruaren arabera, iraupen ezberdinez egongo dira herri bakoitzean, bi aste eta lau asteren artean. Ahalik eta herritar gehienera hurbiltze aldera, herri bakoitzean ere egituren kokapena aldatu egingo da aste batetik bestera, beti ere, hondakinen bilketa puntuak erabiliz.

Aiztondo eskualdeari dagokionez, Adunan, Larraulen eta Asteasun jarriko dituzte panel horiek, honako data hauetan:

- Otsailaren 14tik martxoaren 7ra, Adunan.

- Apirilaren 4tik 18ra, Larraulen.

- Apiralren 18tik maiatzaren 16ra, Asteasuko Elizmendi auzoan.

- Maiatzaren 16tik ekainaren 13ra, Asteasuko herrigunean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!