Anders Gallery, tatuajea eta artelanen habia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 11a, 01:00

Marrazkiari lotuta bizi izan da Ander Ortiz de Murua billabonatarra ume-umetatik. Teknika ezberdinak erabili ditu bere ibilbidean zehar. Boligrafismoa eta tatuajea lantzen ari da orain.

Orain urtebete, boligrafismoa lantzen hasi zen Ander, bere txikitako irakasle Lierni Mendiak boligrafoz egindako Zizurkilgo lanen erakusketa ikusi eta lanketa horretan aritzen ziren beste artista batzuk ezagutu ondorenean. Margolari eta tatuaje-egilea da eta Anders Gallery zabaldu berri du Villabonako Errota kalean. Tatuajeak egiten ditu bertan, baina bere margolanen erakustoki ere bada galeria. Une honetan ‘Animalien begiradak’ boligrafoz egindako bere azken lanen bilduma erakusgai dauka bertan, paperean nahiz egurrean eginiko 14 obra txundigarri, sentimenduz eta esanahiz betetako 14 begiratu eder. Bi metroko altuera duen ‘Besarkada’ lana da bildumako lanik bereziena Anderrentzat, bi gorilen arteko besarkada hunkigarria. Bada, Villabonako erakusketa, nahi duen ororentzat irekita egongo da martxora arte. Dudarik gabe, merezi du bisita egiteak, artelan berezi eta dotore horiek gertutik gertura ikusteak, eta doan gainera! Izan ere, Anders Gallery espazio irekia da, “tatuajea bera ere oso lan artistikoa da eta margolanekin batera, arte galeria zabala osatu nahi dut”, dio billabonatarrak. Herriko galeriatik Segoviara lehenengo eta Madrilera eramango dute aipatu bilduma gerora; handik Donostiako bi gunetan erakutsiko da ondoren. Urtebete igaro du Anderrek azken lanen bilduma osatzen eta argi zeukan lehenik eta behin etxean erakutsi nahi zuela. Artistarentzat, tatuajearen teknikarik antzekoena da boligrafoarena, “ez da gehiegi lantzen den teknika. Beltz edo urdin koloreko boligrafoarekin egin dira orain arteko lanik gehienak eta kolore ezberdinak sartzera animatu naiz ni”. Galerian ikusgai duen bilduma pertsonala da, baina bezeroen enkarguak ere marrazten ditu Anderrek.

 

Tatuaje-egile

Marrazkilari gisa abiatu bazen ere, esan bezala, bere lana ez da margolanak egitea bakarrik. Tatuajea eta mikropigmentazioa ere lantzen ditu eta bere ametsa gauzatu berri du, Villabonako estudioa zabalduta. Madrilen ikasi zuen tatuajeak eta pigmentazioa egiten eta hilabetetan aritu zen bertan lanean, aurrez Zizurkilgo bere txokoan ere langintza horretan aritu bazen ere. Anderren hitzetan, “ezin da estudiorik ireki lehendik lan horretan esperientziarik eduki gabe”.

Tatuajeekin batera mikropigmentazioa lantzen du. Batetik, aurpegikoa –bekainak marraztu, begi ondoko marra egin edota ezpainak nabarmendu–, huts txikiak konpontzeko, eta bestetik, onkologikoa edo paramedikua, –titiburuko errekonstrukzioa, gorputzeko ildaskak edo estriak txukundu nahiz orbainak konpondu–, gorputzeko atal ezberdinak hobetzeko. Bularreko minbizia izandako emakume askok jotzen du mikropigmentazio teknikara, ebakuntzaren ondoren. Oso esker-oneko lana dela nabarmendu du billabonatarrak, guztiz pozgarria beretzat, “mikropigmentazioari esker, ebakuntza eginiko hainbat emakumek berriz ere emakume sentitzen hasten dela esan izan didatelako”. Inguruan teknika hori gutxi lantzen bada ere, Ander Ortiz de Muruak Villabonan bertan eskaintzen du zerbitzua.

 

Tatuaje pertsonalizatuak

Gainerakoan, bezeroaren nahi edo eskaeraren arabera egiten du tatuajea. Oso mundu zabala dela dio, estilo asko biltzen duena. “Oro har, tatuajearen diseinua pertsonalizatu egin nahi izaten du bezeroak, bere bizitzaren une garrantzitsuak azalean islatzeko. Nigana etortzen direnean, denbora tarte bat hartzen dugu azalean marraztu nahi dutenaz hitz egiteko eta neronek prestatzen diet diseinu pertsonalizatu hori. Beste batzuek oso argi izaten dute zer egin nahi duten eta halakoetan haien esanetara mugatzen naiz”, azaldu du. Ander ez da batere katalogoko irudi zalea, eta nor hoberik diseinuak pertsonalizatzeko, marrazkilaria bera baino. Lana amaituta, emaitza politak izaten dira egilearen ustez, “bezeroak behintzat gustura geratzen dira eta baita ni ere”.

Tatuajea egiterakoan, hainbat ezaugarri hartu behar da kontuan eta horien artean nagusiki, pertsona bakoitzaren azal mota. Anderren ustez, “ez da gauza bera pertsona gazte edo helduaren azala eta neurtu egin behar da hori. Tatuajea egin aurretik, bezeroari ahalik eta informazio gehien ematen saiatzen naiz ni, gero berak erabaki dezan. Izan ere, batzuetan ez baita komenigarria duten ideia azal mota batzuetan txertatzea. Normalean bezeroek gomendioak entzun eta onartu egiten dituzte”, adierazi du. Gainerakoan, edozein marrazki mota tatua daiteke, hori bai diseinuaren tamaina eta tatuatu behar den gorputz atala balioan jarrita. “Esaterako, tatuajea besoan egin behar bada, diseinu luzea aukeratzea gomendatzen dut, zabala beharrean. Gorputzeko atalen formaren arabera jokatu behar da tatuajeak egiterakoan”. Beltzak nahiz koloretako tatuajeak egiten dira egun, kolore askotarikoak edo bakarrekoak. Egilearen ustez, oso finak geratzen dira azken horiek. Batik bat, tatuaje estetikoak egiten dira, agerikoak. “Tatuaje pertsonalak leku ezkutuagoetan egiten dira gehiago, besoaren barrualdean batez ere edo bular aldean”.

 

Tatuajearen kultura

35-40 urte inguruko emakumezkoa gerturatzen zaio gehien Anderri tatuajeak egitera. Bere ustez tatuajea ez da moda bat, bizimodua baizik. “Kulturaren zati da eta ez da estetikoa bakarrik. Tatuajea oso antzinatik egiten da, nahiz eta lehen ez ziren hainbeste ikusten, leku ezkutuagoetan egiten zirelako”. Egun oso bogan dago ageriko gorputz atalak tatuatzea; aurpegia, esate baterako. “Hemen inguruan ez da halakorik hainbeste ikusten, baina asko ari da zabaltzen aukera hori. Oso erabaki arriskutsua iruditzen zait niri, erradikalegia”. Denborarekin inor tatuajearekin nekatu edo damutuz gero, laser teknikaren bidez azaletik ezaba daiteke, baina, “azalaren arabera hobeto edo okerrago geratuko da”. Egin aurretik zer eta non egin nahi den ondo pentsatzea nahitaezkoa da, beraz. Lehenengo aldiz tatuajea egitera animatzen den bezeroa urduri egoten da, oro har. Baina urduritasuna orratza sartu artekoa izaten dela dio Anderrek. “Ez da horrenbestekoa’ esaten du gehiengoak lehen ziztadaren ondoren. Hasierako beldurra gaindituta, erraz eta eroso egiten da. Tatuajeak egiterakoan lokartutako bezeroak ere izan ditut”. Bakoitzaren araberakoa da hori, beraz. Baina gorputz atal batzuetan besteetan baino min gehiago sumatzen da, azal fin edo lodiaren arabera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!