Noiz eta norekin ikasi zenuen perratzaile lana egiten?
Aita zena, Bittoriano Aizpurua, oso perratzaile ona zen. Umetatik, berari laguntzen aritzen nintzen. Pixkanaka, neroni ere hasi nintzen perrak jartzen. Hamasei urte nintuela perratu nuen lehen idi parea. Kosta egin zitzaidan, baina lortu nuen. Asteasuko Bulano baserriko idiak ziren haiek. Baserritar asko etortzen zen orduan etxera, idiak perratzera. Aita etxean ez zegoenean, trapu zuria jartzen genuen zintzilik etxe inguruan, abisu gisa. Baserritar batzuk, ordea, ez zuten trapua ikusten eta etorri egiten ziren. Aiatik, Errezildik, Aizarnatik, Larrauldik edota Asteasutik noski…, toki askotatik etortzen ziren. Gure etxe pareko mendian izaten zituzten sailak askok eta askok, eta idiekin lanean hasi aurretik, guretik pasatzen ziren. Udan belarretara joaten ziren eta, udazkenean, garotara, baita egurretara ere batzuetan.
Urteak pasa ahala, asko aldatuko zen zure langintza ere…
Bai, asko. Lehen lanerako perratzen ziren idiak, orain berriz, frogarako. Ni gaztea nintzenean, lan handia egiten genuen etxean. Goizeko bostetarako hasten ziren baserritarrak gure etxera iristen, idiei perrak jartzera. Egun osoan aritzen ginen perraketan. Mendira ere joaten ginen tarteka, lanean ari ziren idiei perrak jartzera. Idiak uztarrian lotuta aritzen ginen orduan. Gurdiari erantsi, egurtsa edo zeharka jarritako egur baten laguntzaz idiari hanka igo, lotu, eta mendian bertan egiten genuen lan.
Orain, ez da inor mendira joaten idi parea hartuta, eta tristura pixka bat ematen du. Garai batean, uda iristean, hogei bat idizale pasatzen zen gure etxe ondotik, egunero, mendi sailetara. Iluntzean, behera zetozela, gurdiek ateratzen zuten txistu hotsagatik jakiten genuen zein baserritako idi parea zetorren. Polita izaten zen.
Nola gerturatzen ziren idi pareak zuenera?
Oinez gehienak. Aizarnatik etortzen zirenek, adibidez, bi idi pare ekartzen zituzten goizean, eta perrak jarri ondoren, iluntzean itzultzen ziren. Iturriotz aldetik etortzen ziren. Garai hartan arraza ezberdinetako idiak erabiltzen ziren; durangesak, napar-idiak, gallego-idiak, baztan-idiak…, denetarik. Azoketan erosten zituzten, eta idiekin propio lan egiten zuten tratulariak ere baziren. 4-5 urteko idiak ekartzen zituzten gehienetan, segituan lanean hasteko modukoak.
Orain, etxean badut perratokia, baina oso lan gutxi egiten dut bertan. Neroni joaten naiz perratokia dagoen baserrietara, eta gehienbat apusturako idiekin egiten dut lan. Lezon, Errenterian, Lasarten, Azkoitian, Aian, Orion… Gipuzkoan batik bat.
Nola hasten da idi bat perratzeko lana?
Idia perratokian sartu eta hanka lotzen zaio lehendabizi. Hura perratu ondoren besteekin jarraitzen dut. Ordu eta erdi inguru behar izaten dut idi bat nire gustura perratzeko. Aurreko hanketan perra bana jartzen zaie normalean, kanpoaldeko azazkalean; atzeko hanketan, berriz, bina perra jartzen zaizkie. Frogetako idiei nahiko maiz aldatzen zaizkie perrak eta normalean, aurretik dituen iltze-zulo berean lotzen diet perra. Bestela, zuloz josiko nuke azazkala, hura hausteko arriskua sortuz. Noizean behin gertatzen da hori ere, eta idiek denbora dezente behar izaten dute azazkal berria sortu eta guztiz sendatzeko. Tarteka, iltzekoa ere egiten diet, nahi gabe. Iltzea mamian sartzea izaten da hori. Mina hartzen dute horrelakoetan, eta herrendu egiten dira; iltzea atera eta laster sendatzen zaie, ordea.
Lanerako perrak eta frogetakoak ezberdinak izaten al dira?
Ez, berdinak izaten dira. Hori bai, froga egunerako berriak jartzea komeni izaten da. Erabilerarekin gastatu egiten dira eta idiak irristatzeko arrisku handiagoa izaten du. Idizaleek hala nahi izaten dute. Orain Andrakatik erosten ditugu perrak. Garai batean Arrasaten egiten zituzten, eta baita Ormaiztegin ere. Zenbait urtetan oso zaila egiten zitzaigun perrak lortzea, eta anaiaren lantokian egin behar izaten genituen. Moldeak eraman, eta oxikortean prestatzen zizkiguten. Orain berriz badago zeinek egina, eta ondo moldatzen gara.
Eta, tamainari dagokionez, perra ezberdinak izaten al dira?
Bai, 1 eta 6 arteko tallak daude. Idiaren hankak eta azazkalak duen tamainaren arabera, bat edo beste aukeratzen da. Normalean, aurreko hanketan tamaina handixeagokoa behar izaten dute.
Idiak bezala, behiak ere perratzen al dituzu?
Herrentzen direnean bakarrik. Garai batean lanerako ere erabiltzen zituzten behiak eta haiek perratu egin behar izaten ziren. Idiek lanerako balio zuten, baina gastu handia ere bazuten, eta beste etekinik ez. Behiek, ordea, txekorra egiten zuten. Horregatik baserri askotan behiak erabiltzen zituzten lanerako. Orain, tarteka behi herrenen bat ere izaten da baserrietan eta horiek sendatzera joaten naiz. Azazkalak moztu eta hanketan duten zikina garbituz, ahalik eta azkarren sendatzea izaten da egin beharrekoa horrelakoetan. Esne-behietan nahiko ohikoa izaten da herren egitea, berezkoa dute. Gainerakoetan, azazkal bat bestea baino luzeagoa dutenean izaten dituzte arazoak.
Eta abereak?
Aritu izan naiz, baina gutxiago. Arroan, Josetxo Urtaini perratzen nion aberea, apusturako, baita Katxinari ere. Garai batean, baserrietan lanerako erabiltzen ziren astoak perratzen ere aritzen nintzen, herren egiten zutenean. Orain, ordea, ez dago astorik baserrietan. Oso ezberdina da idia edo aberea perratzeko lana. Idia perratokian lotuta jartzen da, baina astoa, abere guztiak bezala, eskuetan egin beharra dago; haientzat oso txarra da perratokia. Aberea urduri samarra bazen, bi lagun behar izaten ziren hari eusteko. Gure aita zenari gehiago egokitu zitzaion abereekin lan egitea.
Animalekin lan eginda, ezustekoren bat izango zenuen horrenbeste urtean…
Bai, baina ezer larririk ez. Sustorik handiena Orion izan nuen. Idia perratzen ari nintzen, neroni bakarrik eta, adar artean hartuta, batera eta bestera ibili ninduen. Golpeak izan nituen, baina hautsirik ez.
Zuk perratutako idien frogak ikustera joaten al zara?
Noizean behin joaten naiz, bai. Idiak lurrari nola eusten dion begiratzen diot. Horretan ere alde handia izaten da idi batetik bestera. Tarteka, gertatzen da idiak perraren bat botatzea ere. Indarra egiten hasten direnean gertatzen dira horrelakoak. Gainerakoan, nik perratu ditudan idiek irabaztea gustatzen zait, noski.
Zure langintza erakusteko, erakustaldirik egin izan al duzu?
Bai, Aranzadiko Fermin Leizaola etorri zen behin perrak nola jartzen nituen ikustera eta argazki mordoska egin zidan. Usurbilgo Babarrun egunera ere gonbidatu ninduten, duela lau urte. Bertako frogatokian aritu nintzen lanean, jendeak ikus zezan. Horrez gain, Elizondoko karroza batean ere parte hartu nuen. Gustura parte hartu nuen han ere. Bigarren geratu ginen karroza lehiaketan.