Aparailu berriak jarri dituzte Olaederra kiroldegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 5a, 01:00

Duela egun batzuk, joan zen urrian Amasa-Villabonako Udalak onartutako inbertsioen plana aplikatuz, Olaederra kiroldegiko gimnasioan kirola praktikatzeko aparailu berriak ipintzeko lanekin amaitu da: bi bizikleta estatiko, spinning egiteko lau bizikleta, step-erako bi aparailu eta oinetarako bi pisu-makina, hain zuzen:

Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez:

Elementu berri horiek martxan daude jadanik, eta kiroldegiko arduradunekin nahiz erabiltzaileekin beharrak aztertu ondoren erosi dira, 18.000 euroko gastua suposatu dutelarik. Hala ere, eta materiala Kirolzer enpresa kudeatzailearen bitartez egin izanari esker, aparailuen prezioan %40a aurreztea lortu da.

Udaletik azpimarratu nahi da Olaederra kiroldegiari dagokionez jarraituko den lan-ildoak bi ardatz nagusi izango dituela: alde batetik, etengabeko hobekuntza-prozesu batetan oinarrituz zerbitzuen kalitatea mantentzea, eta bestetik, Kirolzer S.A.rekin erosketa konpartituko kudeaketa indartzea. Ibon Ariznabarreta (EAJ) kiroletako zinegotziaren esanetan, "horrela kalitatea hobetzea lortuko dugu herriarentzako kostu gutxiagorekin. 2016an inbertsio garrantzitsua egin genuen eta orain gure konpromisoa indartzen dugu".

Bestelako hobekuntzak
Azken aste hauetan Kirolzerrek kiroldegira sartzeko txartelak berritu ditu eta gainera, segurtasun-baldintzak hobetzeko eta istripuak ekiditeko, bi neurri hartu dira: lehenik eta behin, eta Udalaren aurrekontuaren kargura, larrialdietarako ateak aldatu dira; bigarrenik, adingabeek nahitaez bazkide-txartela aurkeztu beharko dute gimnasiora sartzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!