Neska gazteak Euskaldunan jokatzeko gogoz agertu dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urt. 5a, 01:00

Euskalduna futbol taldeak ate irekiak jardunaldia antolatu du, futbolean jokatu nahi duten neska gazteei begira, gaur goiz partean. Hamar urteko zortzi bat neska agertu dira saiora, eta jada Euskaldunan jokatzen duten beste hainbat jokalarirekin batera aritu dira Ubitarteko zelaian.

[Argazkiak]

Bertan izan dira Real Sociedadeko Garbiñe Etxeberria, Nahikari Garcia eta Aintzane Encinas jokalariak, eta Euskaldunako hiru teknikariekin (Igor Beré, Ruben Piron eta Achraf Yerrou) batera zuzendu dute jardunaldia. Jokalari gazteentzat pizgarria izan da Realeko jokalariak zelaian izatea.

Saioa polita eta aberasgarria gertatu da, Igor Beré futbol eskolako koordinatzaile eta Lehen Erregionaleko entrenatzailearen ustez. Federatuen mailan federatuetan jokatzen ez duten neska gazteei begira antolatu da jardunaldia, gazteek futbola gertutik ezagutu dezaten eta eduki ditzaketen errezelo, aurre juzgu eta beldurrak uxatzeko, eta alde horretatik, Euskaldunako ordezkariak nahiko konforme geratu dira, bai hurbildu diren nesken kopuruagatik, eta baita horiek erakutsi duten jarrera eta gogoagatik.

Azken urtetan Euskaldunako emakumeen taldeak nahiko pattal dabiltza partaide kopuruari dagokionez, eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko moduan daudela iruditzen zaio Bereri.  

Hamar urte dauzkaten neskak izan dira saiora hurbildu diren gehienak, esan bezala. Horien artean, Aiala Irulegi, Oihana Arruti, Maddi Landa eta Ixiar Alkain. Goizean beldur pittin batekin agertu dira Ubitarteko zelaira, adinez zaharragoak diren eta eskarmentu handiagoa dutenekin entrenatu behar zutelako. Baina pozik irten dira entrenamendutik. Giro atsegina sumatu dute zelaian, eta gainera, Euskaldunako jokalariek gauzak erraztu egin dizkiete; besteak beste, Elene Irigoras adiskidea izan dute ondoan. Irigorasek ere hamar urte ditu, baina Euskaldunan jokatzen du, mutilekin batera infantilen mailan. Hain zuzen, hiru neskek jokatzen dute mutilekin: Elene, Zuriñe eta Alba.

Aiala Irulegi, Oihana Arruti, Maddi Landa eta Ixiar Alkainek ez dute pauso hori egin oraindik. Eskola kirolean dabiltza aurtengo ikasturtean, baina argi daukate Euskaldunan jokatu nahi dutela hurrengo denboraldian, infantilen mailan. Jada hasi dira kontuak ateratzen, eta pentsatzen nola egin ditzaketen bateragarri eskolaz kanpoko ekintzak eta Euskaldunako entrenamentuen egun eta orduak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!