San Silbestre lasterketa Andoainen, goizeko 11:30an hasita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 30a, 01:00

Hirugarren urtez San Silbestre lasterketa ospatuko da Andoainen abenduaren 31ean, Lasterka Itzuli taldearen eskutik. Goizeko 11:30etan abiatuko da lasterketa Zumea plazako autobus geltokiaren paretik. 5 kilometro eta 300 metroko lasterketa izango da, iazkoaren berdina. Aurten ere 400 korrilakalari inguruk parte hartzea espero da.

Lasterketa 12:15 inguruan amaituko da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez kiroldegiko dutxak 12:30ak arte zabalik izango dira.

Izen-ematea
Izena emateko bi bide daude. Lehena, abenduaren 31ean goizeko 10:00etarako Zumea plazara agertuta. Eta bigarrena, herrikrosa.eus atarian fitxa beteta. 16 urtetik beherakoek gurasoen baimena behar dute lasterketan parte hartzeko; eta horrez gainera, heldu baten laguntzarekin irten beharko dute. Baimenaren esku-orria Allurralde kiroldegian  eskuragarri dago.
Lasterketan parte hartzeko 6 euro ordaindu beharko dira, eta 16 urtetik beherakoek 4 euro.

Mozorroa
Azken bi edizioetan korrikalari batzuk lasterketa mozorrotuta egitera animatu dira. Aurtengoan ere, lasterketara mozorrotuta joateko gonbitea egin dute Lasterka itzuliko antolatzaileek. Mozorro originalena mariskada eder batekin sarituko dute.


PARTE HARTZAILEEN ARTEAN BANATZEKO ZOZKETA UGARI
12:45etan hasiko dira sari banaketa eta zozketak. Helmugara heltzen lehenak diren lehen emakumezkoari eta gizonezkoari txapela eta lore-sorta emango zaizkie. Zozketei dagokienean, bi pertsonentzako 12 otordu zozketatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean, eta baita babesleek emandako hainbat sari ere. 
Lasterketaren inguruko informazio gehiago Lasterka Itzuli antolatzaileen Facebook- orrialdean eskuragarri dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!