2018ko Udal aurrekontua onartu da Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 27a, 01:00

Urnietako Udalak 9.483.825 euroko aurrekontu kontsolidatua onartu zuen 2018rako abenduaren 22an ospaturiko osoko bilkuran; eta horrek 2017ko aurrekontuarekin alderatuta, %4ko igoera suposatzen du. Udalak gastu ahalmen handiago izango du herritarren presio fiskala handitu ez duen arren. Igoera hori Aldunditik jasotzen den diruaren gorakadak ahalbidetu du.

Hirugarren urtez, Udal aurrekontuaren barruan inbertsioetarako ia milioi bat euroko partida izango da. Kantitate horri urtarrilean martxan jarriko den 125.000 euroko parte hartze prozesua gehitu behar zaio, herritarren zertan gastatu erabiko dutena. Halaber, inbertsioen kapitulura 2017. urte amaieran hasitako inbertsioak gehitu dira: Urrakako igogailua, Sarobe, Udaletxeko eta Lekaioko berokuntza sistema, Lizardiko saneamendua, Txoritagaingo aparkalekuak, Jostalekua eta Plazido Muxika plazako irisgarritasuna.

Bestalde, diruzaintzako soberakin modura diru kopuru garrantzitsua izaten jarraitzen du Udalak, eta diru hori 2018an hasiko diren bi inbertsio handiri aurre egiteko erabiliko da: kiroldegiaren erreforma eta Eteneta-San Juan igogailua. Biak herritarrek aukeraturiko inbertsioak izan dira. Diruzaintzako 80.000 euro etxebizitzak sustatzeko ere erabiliko dira.

2018ko aurrekontuetan diru-sarreren eta gastuen arteko oreka bilatuko da, hauek izanik lehentasunak:

  • Kalitatezko eta gertuko zerbitzu publikoak eskaintzea.
  • Urnietarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea.
  • Enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzea eskualdeko lankidetzarekin.
  • Herritarren parte hartzea, elkarbizitza, aniztasuna eta berdintasuna sustatzea.
  •  Inbertsio publikoa baliatzea proiektu estrategikoak gauzatzeko.

Lehentasun horiek gauzatzeko zerbitzu hauek esleituko dira:

  • Udal kudeaketa optimizatu eta modernizatzeko: parke eta lorategietako garbiketa zerbitzua, Sarobe kudeatzeko zerbitzua eta Urnietako adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua.
  • Irisgarritasuna hobetzeko: Idiazabal errepidea eta Zaldundegiko inbutua. Urrakako igogailuaren ondoko espaloiak hobetuko dira Azkorte kalean.
  • Ingurugiroari dagokionean: herrigunean zabor bilketa sistema berria jarri eta landa-ingurunera zabaldu.
  • Eskualdeko Udalerrien arteko elkarlana: esklusio gaietan herritarrek dituzten beharrak modu mankomunatuan landuko dira.
  • Segurtasuna: Ertzaintza arduratuko aurrerantzean gaueko segurtasuna zaintzeaz asteko 7 egunetan.
  • Gizartekintza atalean: Etxez etxeko zerbitzuaren egokitzapena, adinekoen eguneko udal arreta zerbitzua abian jartzea eta eskualde mailan bazterketa kasuak lantzea.
  • Euskara: Euskaltegia martxan ipini eta gero, urte honetarako helburua zerbitzu berri horren sendotzea izango da, euskararen irakaskuntzaren aldeko apustua egiten jarraituz.

Aurrekontua EAJren bozkekin onartu zen. EH Bildu ostera, abstenitu egin zen. Mikel Izagirre bozeramaileak estimatu egin zuen EAJ-k beraien hainbat proposamen onartu izana eta negoziatzeko erakutsitako jarrera, nahiz eta zehaztu zuen aurrekontua ez dela osotasunean beraiek nahi bezalakoa. PSE-k bere aldetik aurka bozkatu zuen.

Bestalde, gai-zerrendako gainerako puntuak aho batez onartu ziren: produktibitate osagarriaren zenbatekoa onartzea eta Urnietako udal barrutiko uraren ziklo osoaren kudeaketa arautzeko udal ordenantzen aldaketa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!