Urtezahar egunean manifestazioa deitu du Sarek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 27a, 01:00

Urtero antolatzen den presoen eskubideen aldeko manifestazioak aurten Sareren babesa izango du, Aiztondo bailarako Udalekin batera. Giza eskubideak, konponbidea eta bakea lelopean, presoen eskubideen alde, ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea da Sareren helburua. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abituko da manifestazioa Villabonara. Abenduaren 31ean izango da, arratsaldeko zazpietan.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Ander Goikoetxea Sareko kideak hartu du hitza prentsaurrekoan, inguruan Aiztondo bailarako Udal ordezkariak lagun dituelarik. Goikoetxeak azaldu duenez, "pentsatzen dugu estatuaren inmobilismoaren aurka egin dezakegunarekin, herritarrak antola gaitezkeela ezberdinen arteko elkarlan batekin, mahai gainean jarriz ematen ari diren eskubide urraketak". Aiztondo bailarako Udal guztien babesa jaso du abenduaren 31ko manifestazioak.

Azken hilabeteetan pauso positiboak eman direlakoan da Sareko kidea: "Bakearen artisauen eskutik ETAren armagabetzea eman zen apirilean, eta ondoren, Pariseko mobilizazioa".

Bestalde, Euskal Herriko instituzio nagusietan -Nafarroako parlamentuan, Lege biltzarrean eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietan- preso gaixoen egoera salatzeko eta salbuespeneko politikekin bukatzeko eskaerak onartu direla gaineratu du Goikoetxeak. Herritarren parte hartzea ere eskatu du: "Instituzio parte hartze horrekin batera, funtsezkoa ikusten dugu gizarte zibilaren aktibazioa, eskubide zapalketa hauekin bukatu ahal izateko".

Salbuespeneko legedia aipatzean, presoen urruntzea eta sakabanaketa aipatu behar direla azaldu du Goikoetxeak, eta baita preso senideei eta bereziki euren haurrei aplikatzen zaien sakabanaketa bera, familia egitura garatzen uzten ez duena. Sara eta Izar-en kasua ekarri du gogora: "Tratu txarrak jasan ondoren, espetxeko baldintzetan mantentzen dute Sara eta Euskal Herritik urrun mantentzen dute Izar".

Ibon Iparragirreren egoeraz ere mintzatu da Sareko kidea: "Ibon Iparragirre hil zorian badago ere ez dute askatu nahi, nahiz eta egun erremintak izan etxean espetxeraldia bete ahal izateko. Ikusten dugu gaixotasunak erabiltzen ari direla espetxean txantaia egiteko", gehitu du Sareko kideak.

Une honetan 11 preso larri gaixo daudela azaldu du Ander Goikoetxeak, horien berehalako askatasuna eskatuz: "Uste dugu salbuespeneko legediarekin amaitzea pausu garrantzitsua izango litzatekeela giza eskubideen urraketekin amaitu eta konponbidea eta bakearen aldeko pausuak ematea".

Azkenik, Aiztondo bailarako herritarrak deitu diztuzte abenduaren 31ko manifestaziora Sare eta Aiztondo bailarako Udalek. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik irtengo da arratsaldeko zazpietan, eta Villabonan amaituko da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!