Pilotari onenen finala, Antton Pebeten izenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 26a, 01:00

Azken jaialdiaren eguna iritsi da. Abenduaren 30ean, larunbata, jokatuko da Anttonen omenez antolatzen den txapelketaren finala: 

Testua: Iñaki Lizaso.

24 bikoteen artetik, bi onenek jokatuko dute aurtengo eskuz binakako finala. Abenduaren 1ean hasi zen txapelketa, eta partida bikainak ikusi ahal izan dira Villabonako Bearzana pilotalekuan. Askok faboritotzat zituzten arren, Exposito, Alberdi, Garmendia, Gorrotxategi, Santxo, Peru Labaka... bidean geratu dira. Argi geratu da, berriro ere, pilota partidak jokatu egin behar direla, izenak ez dituela 22 tantoak oparitzen eta maila honetan edozeinek irabazi dezakeela. Horrek, emozioa ematen dio txapelketari, azken egunera arte inork ez baitaki nor iritsiko den finalera. 

Pasa den abenduaren 23an jokatu ziren finalerdiei zegozkien bi partidak. Lehenengoan, Urbieta eta Arangurenek 22-14 irabazi zioten Salaberria-Garmendia bikoteari. Arangurenek, bere joko puntu ona berretsi zuen eta Garmendia baino gehiago izan zen. Lazkaoko atzelariak ez zuen bere egunik onena izan, baina Arangurenek, hori gertatzearen errua izan zuen. Azken honek, pilota gogor astindu zuen bi eskuekin eta kantxa asko zaindu. Urbietak, berriz, gogo handiz jokatu zuen berriro ere, eta Salaberria gaztea gailentzea lortu zuen erasoan zein defentsan.

Bigarren partidan, Arrieta eta Zezeagak 22-12 irabazi zuten Exposito eta Telletxearen aurka. 11-4 irabazten joan ziren partidaren hondarrean galtzaile suertatu zirenak. Tanto bat gehiago besterik ez zuten egin Arrieta sendo eta eraginkorraren, eta pilotazaleak aho bete hortz utzi zituen Zezeagaren aurka. Bergarako gazteak pilotakada ikusgarriak jo zituen. Oraindik ere entzuten dira jo zituen esku zartadak pilotaren aurka.

Finala oso irekia aurreikusten da. Bi pilotari gazte atzean eta beste bi esperientziadun aurrean. Aranguren agiñarrak  bigarren finala  izango du txapelketan. III. edizioan, kadete mailan, txapela irabaztea lortu baitzuen Sein oiartzuarrarekin batera. Xabi Urbieta asteasuarrak bere lehen finala izango du. Aukera paregabea du beraz duen palmares bikaina gizentzeko. Beraien aurkariek ere lehen finala izango dute. Hernaniko Arrietak, IV. edizioan atzelari  jokatu zuen Santxorekin batera, maila ikusgarria emanez gainera. Baina oraingoan, txapela aurrelari gisa irabazi nahi du. Elorriotik jokatzen duen Zezeagak gorakada itzela eman du azken urteetan eta maila gorenean txapela irabazteko ilusioaz beteta dago.

Jaialdiko lehen partida: Joko garbia binaka elite mailan

Antton Pebet zena, Angelukoa zen sortzez. Bere azken tantoak Behar Zana taldearekin jokatu bazituen ere, lehen pilotakadak bertako Ardohytarrak pilota taldean eman zituen. 

Bestalde, Amasa-Villabonan errebotean eta joko garbian jokatzen da; Behar Zana talde antolatzaileak,  pilota eskolaren baitan, eskuzko eta palazko arloez gain, joko garbia gogotsu lantzen eta sustatzen du. Aipatu beharrekoa da gainera, harreman oso ona dutela Villabonako eta Angeluko taldeek.

Horregatik, keinu bat eginez joko garbiari eta Ardohytarrak taldeari, jaialdia elite mailako joko garbi partida bikain batek irekiko du. Angeluko taldekoak dira lau pilotariak, izan ere, maila oneneko pilotariak bertan daude. Batetik, J. Sisitiaguek eta Fredo Carricaburuk jokatuko dute eta bestetik, B. Drioletek eta E. De Paredesek. Beraz, jaialdia ikusgarritasun bereziarekin hasiko da.

Txapelketa guztian bezalaxe, sarrera doakoa izango da eta saski eder baten zozketa egingo da. Finalean, Urraki banatzaileak, Urdaira sagardotegiak eta Baque kafeek eskainitako produktuekin osatutako saskia zozketatuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!