Olentzero eta Mari Domingi Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 25a, 01:00

Olentzero eta Mari Domingi bart ilunabarrean iritsi dira Andoainera, Ollokiko bizilekua utzita; astoa opariez zamaturik ekarri dute.

Jende andana zeukan zain bikoteak, Santa Krutz ermita eta Zumea kale inguruan; asko eta asko aurrez Basterotik abiatua zen kalejirako partaideak ziren, eta beste asko denbora zeramatenak bertan.

[Argazkiak]

Andoaingo haurrek egin zieten lehenengo harrera beroa; gogo biziz zeuden noiz helduko unea eskarien gutunak eskura emateko batari zein besteari. Denbora puska bertan egin eta gero, guztiak ere kalejiran abiatu ziren Kale Nagusian gora.

Tradizioari jarraiki, Zakariansenea etxeraino iritsi, lehenengo etxebizitzako balkoira igo eta hitz batzuk zuzendu zizkieten kalean zeuden guztiei Olentzerok eta Mari Domingik. Besteak beste, haurrei galdetu zieten ea zintzoak izan diren urtean zehar. Baietz erantzun zieten behetik umeek, ozenki. Hator hator abestu ondoren, berriz ere bideari ekin zioten.

Olentzerok eta Mari Domingik makina bat gutun jaso zituzten haurrek eskuetatik, eta bart gauean galtza bete lan izan dute guztien ilusioak asetzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!