Generoaren araberako jostailuen aukeraketa, betiko joerei iskin egiteko aholkuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 24a, 01:00

Ametsondoaren eskutik, jostailu ez-sexistak aukeratzeko hitzaldia eskaini zuten Urigain etxean. Emakumeak izan ziren gerturatutako ia denak: magisteritzako ikasleak, ama izan berriak eta hezitzaileak.

Galdera batekin hasi zen hitzaldia: Zer da sexista jostailua ala jolasa? Jokoa eta jolasa bereizi egin behar direla azpimarratuz hasi zen Ametsondoa Elkarteko Eli Sanchez: “Jolasa haurrek mundua ezagutzeko duten modua da, eta jolasaren bitartez beren izaera sortzen dute. Jostailua jolasteko erabiltzen duten objektua da”. Jostailuari ematen zaion erabilerak egiten du jostailua sexista. “Haurrari arrosa koloreko sukaldea oparituz gero, neskentzako jostailua dela erantzungo du haurrak; aldiz, kolore neutroagoko sukaldea oparituz gero bestelako irudia erakusten diogu haurrari”.
Jostailuetan agertzen diren telebistako pertsonaiek informazio ugari dakarte berarekin. “Telebistako pertsonaiek izaera jakin bat, janzteko modu bat, jokatzeko modu bat dituzte. Mezu hori guztia ari gara haurrei transmititzen”. 

Sexuaren (=generoaren) araberako jostailuak
Bizi garen gizartean oso banatuta daude neska eta mutilen errolak. Neskentzat jostailu mota batzuk daude, eta mutilentzat beste batzuk. Panpinak eta karritoak, sukaldetxoak, makillajea, sekretuen egunerokoak edota printzesen ipuinak izan ohi dira neskei oparitzen zaizkien jostailuak. Horrela etxeko zaintzara eta euren itxura polit mantentzera bideratzen ditugu neskak. “Heldutasunera iristean emakumeak obsesionatuta egon ohi gara etxea txukun mantentzen gonbidatuak etortzen direnerako. Txikitatik horretara entrenatzen gaituzte, ez zait erokeria iruditzen neskek jarrera hori hartu izana”, azaldu zuen Sanchezek.
Mutilei, aldiz, baloiak, autoak, bizikletak, eraikuntza jolasak, munstroak edota abenturazko ipuinak oparitu ohi zaizkie. Horrela mugimendua, ekintza aktiboak eta zentzumenak sustatzen dituzte; espazioaren kontrola, indarra, abiadura, abilezia fisikoa edota ausardia izanik garatutako ezaugarriak.

Publizitatea
Telebistako iragarkietako elementu ezberdinek informazio ugari ematen digute produktuari buruz, esaterako, musikak, ahotsak edota koloreak. Publizitatearen bitartez transmititu nahi den mezua ezberdina izan ohi da neskentzat eta mutilentzat. 
Mutilen kasuan, iragarkietako musika rockeroagoa izan ohi da, tonu gogorragoekin; ahotsa gizonezkoarena, grabea. Mezuan erabilitako hitza “txapelduna” izaten da, handia izatean suhiltzaile, mediku edota astronauta izan daitezkeela esanaz. 
Neskei bideratutako iragarkiek zabaldutako mezua, aldiz, oso bestelako da. Musika oso lasaia, tonu baxuko ahotsarekin. Erabilitako hitza “perfektu” izan ohi da, eta handia izatean zaintzaile, erizain edota albaitari izatearen mezua zabalduz.
Ametsondoa elkarteko Eli Sanchezek adierazi zuen neska edo mutila hezitzerako orduan, ezberdin pentsatzen dugula. “Alaba edukitzean oso argi dugu handitzean seguruenik gaizki tratatuko dutela edota estutasun batean egongo dela, eta horretarako preparatzen dugu. Semea edukitzean, aldiz, ez dugu pentsatzen bera izan daitekeenik agresio edota estuasun hori eragingo duena”.

Kontutan hartzekoak
Haurrentzako opariak erostean zein ezaugarri hartu behar diran kontutan? Haurraren adina, izaera, bere errealitatea eta bidali nahi den mezua.
Jostailua zenbat eta garestiagoa izateak ez du esan nahi hobeagoa denik; edota opari gehiagok ez diote maitasun gehiago ziurtatzen haurrari. Jostailuak gauza asko egiten baditu, haurrak gutxi egingo dituelakoan da Sanchez, haurrari bere sormena lantzeko aukera gutxiago emanaz.

Proposamenak
Hizlariak jostailuak erosteko gomendio ezberdinak eman zituen hitzaldian. Haurrari genero estereotipatuak zalantzak sortu ahal dizkioten jostailuak proposatzen ditu; material aniztasuna eskaintzen dituztenak. Bakarka nahiz taldean aritzekoak eta erabilera proposamen anitzak eskaintzen dituztenak.
Bestelako proposamen berriak ere proposatu zituen. Esaterako, semeari gustatzen zaion jostailuaren kaxak neskaren argazkia badu, atera eta marrazki nahiz kolore neutroagoko kaxa batean gorde. Edota alabari suhiltzaile kamioia gustatzen bazaio, neska suhiltzailea duen figuratxoa ipini gizonezko suhiltzailearen ordez. Modu horretan, gizarteak inposatutako estereotipoetatik at dauden aukera gehiago badaudela ikasiko dute haurrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!