Asuncion Klinikako langileak protestak burutzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 22a, 01:00

Asuncion Klinikako langileek egun osoko greba egin zuten abenduaren 20an, asteazkenarekin. Besteak beste, grebaren eraginez, itxita egon zen Asuncionek Andoaingo Etxeberrieta kalean daukan egoitza, eta horrenbestez, ez zen zerbitzurik eskaini bertan. Enpresako zuzendaritza salatzen dute langileek, lan baldintzak prekarizatzen ari dela-eta.

Goizean goiz ekin zioten protestari langileek. Tolosako klinikan bildu ostean, Andoaingo egoitzara hurbildu ziren. Berriro Tolosara abiatu eta han udaletxearen aurrean egin zuten bilkura. Arratsaldean, auto karabana antolatu zuten berriro, eta euren protestaren arrazoiak kaleratzeko Andoainen zehar ibili ostean Tolosako Klinikaren aurrean eman zioten amaiera egun osoko mobilizazioari.

Ez da lehenengo aldia kalean mugitzen direla langileak, ELA eta LAB sindikatuetako enpresa batzordeak deituta. Azaroaren 20an egin zuten batzarrean mobilizazio eta lan-uzteak egitea erabaki zuten.

Mobilizazioen agendak hurrengo asteetan izango du jarraipena, eta horrela, abenduaren 27an auto karabana egiteko asmoa daukate 18:00etatik 19:00etara; urtarrilaren 8an eta 9an, berriz, greba bana iragarri dute.

Langileek salatzen dutenez, lan baldintzak prekarizatzen ari zaizkie 2010etik hona. Besteak beste, soldatak izoztuta dauzkate; horrek galera ekonomiko handiak eragin dizkie, oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro artekoa, adierazi dutenez. Lan-jardunaren arloan ere badaukate zer salatua, izan ere, orain zazpi urtetik hona ez zaie murriztu urtean 1.670 orduko kopurua. Bestalde, euren ustez, Asuncion Klinikan nabariak dira lan-kargaren handitzea, pertsonal falta eta kontratazioetarako irregulartasunak. Ez dute ulertzen traumatologiako saila zergatik ari diren murrizten.

Azken batean, adierazi dute gizarteari osasun zerbitzua eskaintzearen aitzakiapean negozioa egitea besterik ez zaiola ajola enpresari, eta herritarrak direla egoera guzti horren biktimarik zuzenenak.  

Inviza S.A. enpresak kudeatzen du Asunción Klinika, eta 330 langiletik gora aritzen dira bertan lanean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin hitzarmena sinatua dauka, eta kontzertazio bidez funtzionatzen du; Tolosaldeko 28 herriei ez ezik Andoaini ere eskaintzen dio zerbitzua, guztira 65.000 herritarri. Langileak burutzen ari diren protestetan, Inviza S.A. enpresa jotzen dute egoeraren arduraduntzat, eta Osasun Saila konplizetzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!