Organo kontzertua larunbatean San Martin elizan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 21a, 01:00

Paregabea izateko osagaiak ez dira faltako larunbat honetan 19:30etatik aurrera Andoaingo San Martin elizan antolatu den kontzertuan: mundu mailan ospea daukaten konposatzaileak; horien zenbait obra sonatuak; kalitate handiko organoa; eta, azkenik, aurreko hiru elementu horiek ederki asko gobernatzen dakien organo-jotzailea.  

Joxean Pascual Andoainen, batez ere, Alberto Agirre Abesbatzako zuzendari gisa da ezaguna. Baina musikari eklektikoa da, eta besteak beste, organo jotzailea da. Larunbatean konposatzaile handien piezak interpretatuko ditu: Bach, Bennett, Guridi, Aita Donostia...

Ordu bete eskas iraungo du emanaldiak; XVIII. mendetik hasi eta XX. mende bitarte sortutako errepertorioa berrituko du. Emanaldiaren amaiera aldera, euskal melodiei tartea eskainiko die: Guridiren eta Aita Donostiaren obrak eta baita beste pieza herrikoi batzuk. “Gabonetako giroa eta usaina zabaldu nahi nuke elizan” adierazi du Pascualek.

Guztiak ere konposatzaile ospetsuak dira, maiz entzundakoak dira joko dituen abesti gehienak. “Ezin egokiagoak dira San Martingo organoarekin interpretatzeko” Pascualek zehaztu duenez, “Merklin markako organo preziatuaren soinuaz gozatzeko aukera paregabea edukiko du musika zaleak”.

Pascualen hatzek maiz ukitzen dituzte Gipuzkoako elizetako organoak. “Gipuzkoa pribilegiatua da organoen arloan; estatuan ez dago horrenbesteko organo kontzentraziorik daukan herrialderik”. Horrekin lotuta, badauka zer kritikatua bera bezalako organo jotzaileei. “Organo jotzaileak organo handiekin eta izugarrizko fama dutenekin jotzera ohitu gara, hala nola, Donostiakoak, Loiolakoa, Bergarakoa... Gaizki ohitu garela esango nuke, ze gero Andoaingo hau eta antzekoak gutxietsi egiten ditugu. Egia esanda, Andoaingoa izugarri ona da, erromantikoa deitzen dena, baina nola pittin bat txikiagoa den, bada ez diogu behar duen balioa ematen”.

Andoaingo organoko teklak “astintzea” ohore bat dela adierazi du Pascualek, eta ahalik eta kontzerturik gozagarriena eskaintzen saiatuko dela agindu du.

Ezin asmatu zenbat entzule hurbildu daitezkeen ostiraleko kontzertura. “Organoaren hotsa betidanik izan da gutxi batzuen kontua. Eta gaur egungo gazte jendea apenas arrimatzen den organo kontzertu batera, horixe da errealitatea. Askok organoa elizarekin eta erlijioarekin identifikatzen dute, eta atzera egiten die horrek. Organo batekin gauza miragarriak egin daitezke, musika kultura daukan edozein pertsonaren entzumena goxatzeko moduan”.

Baldin eta entzule askorik gerturatzen ez bada San Martin elizara, Pascualek korora igotzeko gonbidatuko ditu denak. “Kontzertua gertu-gertutik entzun eta ikusi ahal izango dute pribilegiatu horiek eta, gainera, abesti bakoitzaren inguruko azalpenak emango dizkiet”.  

Pascualek berrituko duen kantutegia:

- Nun komm, der Heiden Heiland BWV 659, Zatoz jentileen salbatzaile (J.S. Bach).

- Tocata eta fuga re minorrean BWV 565 (J.S. Bach).

- Trumpet Voluntary (J. Bennett).

- Hymne au Soleil (Pièces de Fantaisie op.53) (L. Vierne).

- Incantation pour un Jour Saint (J. Langlais).

- Glosa (Puer natus est) (J. Guridi).

- Berceuse de L´Enfant Jésus (A. Donostia).

- Eguberri Kantak (Herrikoiak).

 

 

Ibilbide oparoko musikaria

Musikari gisa ibilbide benetan oparoa dauka Joxean Pascual donostiarrak. Makina bat kontzertu eskaini izan ditu maila handiko eliz-organoekin. Halaber, konta ezin ahala musika banda eta abesbatza zuzendu izan ditu. Besteak beste: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Espainiako Gazteen Orkestra Nazionala, Zumaiako banda, Easo XXI Banda, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Vallerseko Orkestra Sinfonikoa Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Bayonne-Cote Basque Eskualdeko Orkestra, Asturias Printzerriko Orkestra, Musikeneko Haize Ensemblea eta Stockholmeko Royal College of Musickeko Orkestra.

Egun, Bergarako Musika Eskolako organo irakaslea izateaz gain, Tolosako Santa Maria Kaperako organista titularra da, Mutrikuko Musika Bandaren eta Alberto Agirre Abesbatzaren zuzendaria da.

Kontzertua Gipuzkoakoa Foru Aldundiak antolatu du, organoaren inguruko ondarea dinamizatzeko Gipuzkoan burutzen den zikloaren baitan. Andoaingo Udala organoa afinatzeaz arduratu da.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!