Artifizio piroteknikoen arriskuaz informatzeko bandoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 20a, 01:00

Eguberrietan eta Urte Berrian jaurti ohi diren petardo eta suzirien arriskuez informatu du Andoaingo Udalak. Sortu daitezkeen arriskuak ekiditeko helburuz, bandoa ipini dute etxeko atarietan herritarren informaziorako.

Eguberri eta Urte Berriaren ospakizunetan jaurti ohi diren artifizio piroteknikoen erabileraz informatu du Andoaingo Udalak: "Herritarrak arazoaz jabetzeko, eta sor daitezkeen arrisku egoerak ekiditeko xedez, gogorarazten zaizue, artifizio piroteknikoen erabilera okerrak norberaren osasunean ondorioak izan ditzakeela eta, baita ere, beste pertsonengan eta haien ondasunetan ere, maiz suteak edo leherketak eragiten baitituzte".

Ospakizun horiek pertsonen ondasunen eta animalien segurtasunarekin bateratu beharra dagoela gaineratu du Udalak, Zarata eta Dardaren aurkako Udal Ordenantzak agintzen duela aipatuz.

Azkenik, kontuan hartzea eskatu du, Eguberri eta Urte Berriko jaiak direla eta, piroteknia gaiei eta kartutxoei buruzko araudia onesten duen maiatzaren 7ko 563/2010 Errege Dekretuan ezarritako gomendio guztiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!