Helburu solidarioarekin merkaturatuko den garagardoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 19a, 01:00

Ehundik gora artisau garagardo dastatzeko aukera dago Andoaingo Zumea kaleko olajauna tabernan. Gabonetan garagardo berri batekin datoz. Iban Korrotxanok eman digu guztiaren berri.

“Olajaun Amayluna” izeneko artisau garagardo berria dastatzeko aukera egongo da Eguberri hauetan, Olajauna tabernan. Merkaturatzen duten laugarren garagardoa izango da.

Gipuzkoan artisau garagardo aukera eskaintzen lehenengotakoak izan zarete. Nolakoa izan da sortze prozesua? 
2013an hasi ginen artisau garagardoen munduan murgiltzen, eta geroztik taberna gehiago hasi dira artisau garagardoak eskaintzen, Donosti inguruan batez ere. Baina baita Lasarten eta Goierrin ere. 2016. urtetik aurrera gure errezeta propioa ekoizten hasi ginen Iruñeko garagardotegi txiki batean. Egun hiru ezberdin ditugu, eta Eguberrietarako berri bat aterako dugu.

Zer dela eta joera hori?
Garagardozaleak gara, aspaldidanik. Belgikara egindako bidaian, artisau garagardoen mundua sakonago ezagutzeko aukera izan genuen. Beranduago iritsi zen Olajauna, eta egun guztiz murgilduta gaude artisau garagardoen munduan. 

Nondik ekartzen dituzue osagaiak garagardoa egiteko?
Iruñeako fabrika batean ekoizten da gure garagardoa, baina osagaiak atzerritik ekartzen dira. Belgika, Alemania eta Frantzia dira garagar ekoizle nagusiak. Kalitatezko produktuekin egiten da artisau garagardoa, eta hemen ez dago kalitatezko osagairik. Ez gara ekoizleak, baina loteak egiten ditugu gure izenean gure garagardo propioak saltzeko. Gure garagardoez gain, ehun garagardo erreferentzia inguru ditugu tabernan. 

Eskaintza berri batekin zatozte gabonetan, kontaiguzu…
Orain arte egindako hiru garagardoak estilo oso ezberdinekoak dira. Oraingoa Hoppy Lager estiloko garagadoa da, edateko erraza. Garagardoa jada egina dago, ontzen ari da. Abenduaren amaierarako dastatzeko aukera egongo da.

Nolako harrera du artisau garagardoak? 
Gu hasi ginenean Euskal Herri mailan 14 garagardotegi fabrika zeuden. Egun, 67 inguru daude. Mundu mailan eboluzioa ikaragarria izan da, baita Euskal Herrian eta Katalunian ere. 90eko hamarkadan Amerikako Estatu Batuetan izan zen boom modukoa gertatuko delakoan nago. Gu hasi ginenean jendeak ez zekien oraindik zer zen artisau garagardoa. Orain ehun garagardo erreferentzia inguru ditugu eta denak saltzen dira. Sei garagardo iturri ditugu, eta astero berriren bat sartzen dugu. 

Zein adin tartek kontsumitu ohi du etxean egindako garagardoa?
Adin tartea oso zabala da, 20-60 urte tartekoa. Jende gaztea ere garagardo horiek edaten hasi da, nahiz eta ez diren hain merkeak. Udan garagardo arinak eta freskoak nahi dituzte, eta negu partean, berriz, tostatua edota beltza saltzen da gehiago.

Garagardo berriaren irabazien zati bat “Juneren Hegoak” proiektura bideratuko duzuela entzun dugu. 
Aurten zoritxarrez nire izeba joan zaigu. Omenaldi moduan zerbait berezia egin nahi genuen, eta guk ere garagardo errezeta berri bat aterako dugunez, etiketaren diseinua lehengusinaren esku uztea erabaki dugu, bera izan baita izebaren eskutik diseinuak egiten aritu dena “Amayluna” proiektuan. Aspalditik genuen buruan garagardoarekin lortutako irabazien zati bat kausa on batera bideratzea. “Juneren Hegoak” proiektuaren berri jakin genuen ezagun batzuren bitartez, eta kontsumitzen den garagardo berri horren litro bakoitzeko euro bat eurei ematea da asmoa. 

Tabernaz gain, non kontsumitu daiteke “Olajauna” artisau garagardoa?
Gure tabernan eta hemen inguruko beste taberna batzuetan egongo da dastatzeko aukera. Kaxa batzuk kanpora salduko ditugu, Tafallara edota Iruñeara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!