Finalerdietara iritsi da Pebet-en oroimenezkoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 19a, 01:00

Larunbatean, abenduaren 23an jokatuko dituzte Pebet txapelketako finalerdiak. Urbieta-Aranguren/ Salaberria-Garmendia eta Arrieta-Zezeaga/ Exposito Telletxea arituko dira nor baino nor. 17:30etan hasiko dira partidak, Bearzana pilotalekuan. Txapelketako antolatzaileek bidali dute kronika:

Bi jardunaldi besterik ez. Bi egun, hiru partida. Horiek dira falta direnak aurtengo VI. Antton Pebet Memorialeko txapeldunak nortzuk diren jakiteko.

Pasa den asteburuan Arrieta-Zezeagak bikoteak batetik, eta Exposito-Telletxeak bestetik, lortu zituzten larunbateko final-erdietan jokatzeko azken txartelak. Izerdi ederrak bota zituzten bi bikoteek. Arrieta eta Zezeagak 22-18 irabazi zuten Egiguren tolosarraren eta Lizeaga hernaniarraren aurka. Partida gogorra eta borrokatua jokatu zuten, agian dizdira handirik gabekoa, baina bai tentsio eta inplikazio handikoa. Bi bikoteak orekatuak ziren, baina Arrietak pauso bat aurrera eman zuen partidak behar zuenean eta garaipena lortu zuten. Lau pilotariek maila bikaina eskaini zuten. 

Jaialdi berean, hauen ondoren jokatu zuten Exposito eta Telletxeak Olazabal aresoarraren eta Mariezkurrena iruñeakoaren aurka. Emozioz beteriko partida izan zen hau ere. Emaitza, aurreko partidako bera: 22-18. Expositok abiadura eman zion pilotari, Olazabalek artea pilotan zer den erakutsi zuen, Mariezkurrenak etorkizun oso hurbileko atzelaria dela baieztatu zuen eta Telletxeak esperientzia eta maixutasuna plazaratu zituen. Aipatu beharrekoa da Olazabalen prestutasuna. Ostiralean bertan, goizean,  deitu baizitzaion antolakuntzatik partida jokatzeko, azken unean eskuko arazoak zituela eta Prietok ez zuela jokatuko esan baitzuen. 

 

Horrela, larunbatean Villabonako Bear Zana pilotalekuan arratsaldeko 17:30ean hasiko den jaialdian eta sarrerra doakoa izango duenean, bi partida hauetaz gozatu ahal izango da:  

Lehen partidan, Urbieta-Arangurenek Salaberria eta Garmendiaren aurka jokatuko dute. Jarraian, Arrieta-Zezeagak Exposito-Telletxea izango dituzte aurkari. Bi partida erakargarri eta interesez betetakoa. Bost gipuzkoar eta nafar bat. Urbieta asteasuarrak, bere esperientziaz baliatu nahiko du Goizuetako Salaberria gaztearen aurka. Azken honek, jokatu zuen aurreko partidan baina maila hobea eman beharko du partida irabazi nahiko badu. Atzelariaren aitzakirik ez du izango; Lazkaoko Garmendiak maila ikaragarria erakutsi zuen final laurdeneko partidan, bi eskuekin pilota gogor astinduz eta kantxa zainduz. Maila berean agertu da Aranguren agiñarra Villabonara; gaztea izanagatik beterano gisa jokatzen aritu baita, punttu punttuan dago.

 

Arrieta hernaniarrak ez du lan erraza izango Astigarragako Exposito gaztearen aurka. Arrietak esperientzia handia du, pilota luzatzen du eta partida irabaztalea da. Expositok ordea gaztearen lotsagabetasuna du, txapelketan ikusi den golperik bortitzenetakoa. Ikusimin handia sortu du gazte honek. Atzean berriz berdin. Esperientzia Albizturko Telletxeak eta gaztetasuna Bergarako Zezeagak. Kolpe handiko bi pilotari nor baino nor. 

Larunbatean, atal guztietan oso orekatuak diren lau bikote elkartuko dira azken txanparako: gazteak eta beteranoak nahasirik ageri baitira, indarra eta teknika uztartuz. Baldintza guztiak beraz bi partida ikusgarri izateko. 

 

ABENDUAK 23, LARUNBATA

17:30, Bearzana pilotalekua

1) URBIETA-ARANGUREN & SALABERRIA-GARMENDIA

2) ARRIETA-ZEZEAGA & EXPOSITO-TELLETXEA

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!