Mugimendua duen jaiotza ikusgarria

Arantzazuko Amaren elizan jaiotza ikusgarria jartzen du urtero Luis Ugarte zizurkildarrak. Euskal Herriko ohitura zaharrak biltzen ditu jaiotzak, mugimendu eta guzti gainera.

[Bideoa]

Aspaldi jaio zen Luisen zaletasuna. Tokadisko zahar baten motorrarekin sortu zion mugimendua ikusgai jarri zuen lehendabiziko jaiotzari eta geroztik, handituz eta aberastuz joan da jaiotza ikusgarria. Hamabost metro pasatxo ditu luzeran, dagoeneko, Arantzazuko Amaren elizan jarritako jaiotzak. Bertan egongo da ikusgai, Erregeak pasa arte.  

 

Berrikuntzak

Martxoa inguruan hasi ohi da urte horretan jarriko duen jaiotza osatzen. Urtero-urtero berrikuntzak egiten dizkio, pertsonaia eta pasarte berriak irudikatuz. Aurtengo berrikutzen artean, aizkolari baten irudia sortu du Luisek, enbor handia ebakitzen. “Olentzero ere jarri dut aurtengo jaiotzan, aldian aldian zatotik tragotxoa eginez. Astoa du aldamenean, asto-sestoan ikatza duela”, azaldu du. “Basoan zuhaitza botatzen ari den mutila ere sartu du. Mugimendu ezberdina eman behar zaio irudi horri, ez baita bertin aizkora goitik behera ibiltzea, edo  horizontalean mugitu beharra izatea”. Maiatza inguruan amaituta izaten ditu pertsonaia berriak, eta urte amaiera gerturatzen den heinean, errepaso orokorra egiten die irudi guztiei. “Jaiotzako irudiak egurrezkoak dira, eta ibilian-ibilian, ohikoa da piezaren bat puskatzea. Jarrita dagoen bitartean, egunero aritzen naiz konponketa txikiak egiten”, azaldu du.

Jaiotza ikusteko

Amasa-Villabonako Kutxaren erakuslehioan jarri ohi zuen Luisek bere jaiotza, baina eraberritze lanak egin zituztenean, eraskuslehioa kendu, eta bulegoak jarri zituzten. Zizurkilgo elizan jartzen du geroztik. Dagoeneko jarrita dago, eta igande eguerditan eta meza ondorenetan izaten da hura ikusteko aukera, 12:30etan. Elizako ateak zabalik uzten dituzte, nahi duen orok Luisen lanarekin goza dezan. Ordutegi horretatik kanpora ere, Luisek gogotsu erakutsiko die bere jaiotza, gogoa eta interesa erakusten duten guztiei. Horretarako, 943 691 164 telefono zenbakira deitu behar da, Luisekin hitzordua zehazteko. Urtero, herriko zenbait ikastetxetako haurrak eta Fraisoroko aiton.amonak izaten ditu bisitan eta gainerako herrikide eta taldeei ere luzatu nahi die Luisek bere lana ikusteko gonbita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!