Etxerat, senideen elkargune

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 18a, 01:00

Euskal preso eta iheslari politikoen senideek osatutako elkartea da Etxerat. Sorrerako erronkari eutsiz, asistentzi juridikoa eta osasun asistentzia eskaintzen die urriaz geroztik.

2001ean sortu zen Etxerat elkartea preso eta iheslari politikoen senideei babesa emateko helburuz. Sorrerako estatutuetan bertan jasotzen zuen osasun asistentzia nahiz asistentzi juridikoa eskaintzeko asmoa. Arrazoi ezberdinak direla medio, 2017ko urrira arte luzatu behar izan dute bi zerbitzu horien abiaraztea. Presoen senideei karga ekonomikoa kentzea da helburu nagusia.

 

Etxerat lagun

Erronka horri aurre egin ahal izateko, gizarteari laguntza eskatu dio Etxerat elkarteak, izan ere, ahalegin ekonomiko handia suposatzen baitio elkarteari osasun asintentzia eta laguntza juridikoa eskaintzeak. Horretarako, ‘Etxerat lagun’ kanpaina abiarazi dute. Etxerat.eus webgunearen bitartez, edota elkartearen egoitzetara joanda, harpidetza egin, eta elkarterako aportazio ekonomikoa egiteko aukera zabalik dago. Dagoeneko martxan da kanpaina, eta erantzun polita ari dira jasotzen.

Aldaketak

Egungo egoera politikoa mugitzen ari dela sumatu dute Etxerateko kideek, eta hortik, senideei laguntzeko emandako zenbait pauso. Hego Euskal Herrian, esaterako, preso gaixoen askatasuna aldarrikatu dute EAE eta Nafarroako gobernu eta sindikatuek. Nolanahi ere, Etxeratek Frantzian jarri ditu begiak azken hilabeteotan. Elkarteko ordezkariek jakinarazi dutenez, “Espainiak inmobilismo handia eta hitz egiteko borondate eza erakusten du. Frantziak aldiz, aterabide gehiago erakusten ditu, eta hitz egiteko nahia. Bake Artisauek bultzata, gaiaren inguruko mahaia bat sortu da. Horrek borondate politikoa badagoela erakusten du; urrats kualitatibo handia da”. Borondate horren erakusgarri, lehen graduaren pareko erregimen batzuk dagoeneko kendu ditu Frantziak.

 

Pariseko manifestazioa

Etxerat elkarteko kideek ez dute desioetan galdu eta jendea gehiegi ilusionatu nahi, “baina aukera polita ikusten dugu Frantzian. Horren harira burutu zen abenduaren 9an, Pariseko manifestazio handia. 10.000 pertsonako manifestazioa lortzean jarri zuten langa antolatzaileek, eta kopuru hori gainditu egin zen. Nolanahi ere, zenbakietan galdu baino, gehiago erreparatu behar zaio Frantziako bihotzean, alderdi politiko askok babestutako manifestazioa antolatzeak duen garrantziari”. Iparraldeko 1000 hautetsitik gora azaldu zuten atxikimendua manifestazioaren atarian.

 

Bustitzeko gogoa

Horrez gain, Frantziar estatuko zenbait hiri handitako hautetsi eta espetxetako arduradunekin bilerak ere egin ditu Etxeratek. Elkarteak jakinarazi duenez, “gaiarekiko enpatia badagoela sumatzen dugu, eta baita gatazka politikoarekin amaitzeko bidean, bustitzeko eta parte hartzeko gogoa ere”. Bake artisauak egiten ari diren lana azpimarratu dute, bereziki, Etxerateko kideek.

Pariseko manifestazioa pasata, Bilbokorako deia zabaldu dute Etxerateko kideek. “Azkenean, partidarik garrantzitsuena Espainian daukagu, bertan daudelako preso politikorik gehienak. Sinergiak lortu nbhearko ditugu aurrera egiteko eta Bilboko manifak badu helburu hori. Bigarren helburu bat ere badu bilboko hitzorduak: Senideak elkartu eta haiek ere sines dezatela irtenbidearen parte direla”.

 

Hurrunketa

Oraindik ere hurrunketa politikak Espainian duen babesa aipatu dute Etxerateko kideek: “Senideek 1000 kilometroko bidaia egin beharra izatea normaltzat hartzen dute, eta ez zaie iruditzen eskubideen urraketarik eragiten duenik. Pedagogia asko dago egiteko, aspaldiko diskurtso horiekin amaitzeko. Zaila izango da Espainiako egoeran aldaketak egitea. Horretarako, beharrezkoa izango da Esuakl Herrian bertan aldaketak egotea, eta Frantziatik nahiz Europatik ere aldaketaren bat egotea”. Europak dagoeneko egina du urrats txiki bat, Bergeron txostenaren bidez hurrunketa politika kondenatu zuen. “Hiru polo horiek kontuan hartuz, Espainia deseroso sentitzen hasiko dela espero dugu, eta bere politikan aldaketa txikiak sartzen joango dela”.

 

Gaixo dauden presoak

Urgentzia handieneko egoera gaixo dauden presoena da. Momentu honetan 14 dira egoera horretan daudenak. “Inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen hemendik gutxira eta horrek kezka eragiten digu. Ibon Iparragirren kasuak kezka berezia eragiten digu, bere egoera larria neguak are gehiago larriagotzen duelako”. Gaixo dauden preso horien egoerari irtenbidea ematea, guztiz premiazkoa ikusten du Etxeratek.

Hurrunketari amaiera emateko bidea egiten joatea da Etxeraten epe ertaineko helburua. “250 kilometroko muga hori aipatzen ari da. Ondo dago etxetik gertuago izatea, baina guk Euskal Herrian nahi ditugu lehendabizi, eta gure etxeetan gero”. Graduen aldaketak tramitatzen hasteko beharra ere azpimarratu dute Etxeratetik.

 


Joseba Txapartegi. Asteasu
 

“Laguntza ekonomikoa bezain garrantzitsua da senideen arteko babesa”

Eskualdeko preso eta iheslari politikoen senideek egoera gogorrak bizi dituzte gaur egun ere. Joseba Txapartegi asteasuarrak hartu du hitza.
 

Hilabetean behin elkartzen dira Tolosaldeko senideak Etxerat elkartearen baitan. “Senideen egoeraren inguruan aritzen gara eta informazioa elkarbanatzen dugu. Laguntza ekonomikoa bideratzen du Etxeratek, baina hori bezain garrantzitsua da senideen arteko babes hori. Nekane izan da Tolosaldean preso sartu duten azkena, eta Etxeratek babes handia eman zigun. Senide bat preso izateak buruhauste eta kezka asko ekartzen ditu: bisitak, bidaiak, presoaren beraren egoera… Buruhauste horiek konpartitzeak mesede handia egiten digu”, azaldu du Josebak.

 

Motxiladun umeak

Senideren bat preso duten haurren egoera gogorra gogoratu du Joseba Txapartegik, “gurasoak espetxean dituzten umeek, egoera ondo ulertu gabe, milaka kilometro egin behar dituzte asteburuetan. ‘Motxiladun umeak’ dokumentalak oso ondo islatzen du errealitate hori”.

 

Elkartasun keinuak

Etxerat elkarteari esker senideek sentitzen duten babesaz gain, gizartearen elkartasuna ere azpimarratu du Josebak: Eskualdean presoen alde antolatzen diren ekitaldietara gonbidatzen dituzte senideak, “eta bertan jasotzen dugun elkartasun mezua asko eskertzen dugu”. Urtezahar eguneko manifestazioa izango da Aiztondo eskualdeko hurrengo hitzordu nagusia. “Data berezi horietan, are gehiago antzematen dira etxeko hutsuneak, eta eskertu egiten da jendearen elkartasuna”.

Urtarrileko Bilboko manifestazioa ere ahotan hartu du Josebak: “Urteroko zita horiek oso garrantzitsuak dira, eta parte hartzeko deia zabaldu nahiko nuke. Frantzian, gizarte zibilak egin duen mugimenduak erantzun positiboak lortu ditu maila politikoan. Ildo horri jarraituz, hegoaldean ere saiatu behar dugu halako mugimendua sortzen”. Josebak azpimarratu duenez, Suitzan ere, nahiz eta neurri txikiagoan, gizarteak presioa egin du Nekaneren kasuari konponbidea emateko garaian.

 

Karga ekonomikoa

Senideek pairatzen dute karga ekonomikoa hartu du ahotan Josebak: “Kasu ez hain txarretan, senidea Madrilgo espetxe batean duenak, 1000 kilometro egin behar ditu, bisita bakoitzeko eta hori ez de merkea. Euskaldeko presoak, gainera, oso urrunduta daude. Bidaia, lo egiteko tokia…, gastu ikaragarria da”. Karga ekonomikoaz gain, ordea, beste ondorio batzuk ere ekartzen ditu hurrunketak. Adineko senideentzat ezinezkoa da milaka kilometroko bidaiak egitea, ondorioz, preso askok ezin dituzte gurasoak ikusi. “Gure kasuan, Nekane Suitzan dago eta ezin du ama ikusi”, gaineratu du Josebak.

 

Nekane, Suitzan

Suitzan atxilotu zuten Nekane 2016ko apirilean. Extradizio eskaera egina zeukan Espainiak, baina 2017ko irailean, eskaera hori erretiratu egin zuten, kasua preskribatuta zegoelako. Irailean bertan libre geratu zen Nekane. “Asilo eskaera egina zuen, eta duela gutxi iritsi zaio erantzuna. Ez diote asiloa onartu, extradizio eskaera erretiratua dagoelako. Nolanahi ere, gustura dago Nekane, Suitzak onartu egin diolako Espainian torturatua izan zela”. Suitzan bizi da Nekane, bere egoera erregularizatzeko bidean, izan ere, “bertan bizitzako eskubidea onartu baitio Suitzak”.

Momentuz, ezin du Asteasura itzuli, “bere aurkako kausa bat irekita dagoelako. Hona etorriz gero, atxilotzeko arriskua izango luke”. Etxekoen bisitak jasotzen ditu asteasuarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!