Ziotza pilota txapelketako final bikainak

Atzo goizean jokatu zituzten Zizurkilgo Ziotza pilota txapelketako finalak. Goiz ederra pasa zuten Intxaur pilotalekura gerturatu zirenek, lehia politak ikusiz. Benjamin mailan, Andoaingo Gaztañaga eta Beroz izan ziren garaile; Otaegi eta Zarrabeitia alebin mailan; Amundarain eta Iztueta infantil mailan; eta,  De la Fuenta eta Labaka kadete mailan.

Argazkiak

Urrian jarri zuten martxan Ziotza pilota txapelketa, eta atzo iritsi ziren final handiak. Txapelketako bikoterik sendoenak jokoan ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Goizeko 09:00etan hasi zen lehen norgehiagoka, eta eguerdira bitarte iraun zuen ikuskizunak.

Jende asko hurbildu zen Zizurkilera, final handiekin gozatzera. Pilotariek ere gozatu zuten. Irabazi edo ez, joko ederra erakutsi zuten guztiek ere.

Benjamin mailan, Izagirre eta Alberdi, Gaztañaga eta Beroizen aurka lehiatu ziren. Bigarren hauek, andoaindarrek, irabazi zuten, 18 eta 9ko markagailuaz. Alebin mailan, Babarro eta Ibarluzea, Otaegi eta Zarrabeitiaren aurka aritu ziren. 13 eta 18ko izan zen emaitza, bigarrenen alde.

Infantil mailan, Zubizarreta eta Mikelarena, Amundarain eta Iztuetaren aurka aritu ziren. Partida estuaren ondoren, 16 eta 18ko emaitza lortu zuten Ugaitz Amundarain eta Martxel Iztuetak.

Kadeteen partidak itxi zuen atzoko jaialdia. Amiano eta Ballarena, De la Fuente eta Labakaren aurka aritu ziren. Tantu luzeak jokatu zituzten. Azkenik, 10 eta 18, De la Fuente eta Labakarentzat txapela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!