Aitor Mendiluze txapeldunorde, ibilbide izugarri baten emaitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 20a, 01:00

Mendiluzek aurreko egunetan agindua zuen bere estiloari eutsiko ziola, eta halaxe egin du, bertsotarako izugarrizko ofizioa erakutsiz, eta errimetan, neurrietan eta ideietan zorroztasuna erabiliz. Kantatu dituen bere zenbait bertso, segidan entzun eta ikus daitezke.

Bertsotan gozatzeko gogoz zihoala BECera ere adierazi zuen, eta zintzo bete du hitza, goizean zein arratsaldean ere. Pozez itzul daiteke etxera egindako lanagatik, ez bakarrik Barakaldoko finalean, baita txapelketa osoan ere.

[Elkarrizketa]

Egun osoan, eta batez ere arratsaldean, kartzelako gaian, nabaritu zaio bere bertsolari ibilbideko unerik eztienean dabilela, eta goi-goian aritzeko asmoz joan dela finalera. Honako gaia jarri diete bertsolariei: “Gaztetan ez zenuen ikasteko aukerarik izan. Urtetan aurrera zoaz, eta orain ikastea erabaki duzu".

Ikus eta entzun Aitorrek kantatu dituen hiru bertsoak, EITBk sarean jarri duen bideoan:

[Bideoa]

Bertsoaldi bikain horri eta aurretik egindako gainerako saioei esker, buruz burukora sailkatzeko txartela lortu du, merezimendu osoz, Maialen Lujabiorekin batera.

Buruz buruko azken saio horretan, bertso batean kantatzeko gaiari dagokin atalean, hitz batera makurtu behar izan dute Lujanbiok eta Mendiluzek. Hitza: izerdia. Eta kartzelako lanean, berriz, honako gairi heldu behnar izan diote: "Bada orduerdi auto bera atzetik duzula".

Hona Mendiluzek egin dituen bi saioak, EITBk jarri duten beste bideoetako batean :

[Bideoa]

 

Agurra, belaunaldien transmisioari eskainia

Behin sailkapena jakinarazi ostean zortzi bertsolariek kantatu dituzten agurretan, etxekoei, bi seme txikiei (Jon eta Arkaitz), 80ko hamarkadan sortu zen Hernaniko Bertso eskolako sustatzaile nagusi, Juanjo Uriari, eta bertsolaritzaren unibertsoa egunez egun hauspotzen duten pertsonak izan ditu gogoan.

[Bideoa]

Etxekoei ta Jon eta Arkaitz

Zuei denen izenean

Ta bide hontan zoazten denoi

Eskutik aldamenean

Bihar etziko bertsolariei

Segi hazten orainean

Ta zuri Juanjo zurekin hasi baitzen iraganean

Galtza motxak neuzkanean (bis)

Bihar goizean esnatu eta parra pasa denean

Berriz sinisten segi dezagun eguneroko lanean.

Zalantzarik gabe, hamar urteko mutiko haren oroitzapenak etorri zaizkio gogora Aitorri. Andoaingo ikastolan nola jaso zuen bertsoari buruzko lehenbiziko azalpena; nola geratu zen txoratuta hitzekin eta ideiekin jolasteko balio zuen ahozko ariketa harekin; nola eskatzen zion amari  (Axun Gonzalez) behin eta berriro murgildu nahi zuela bertsoaren sorginkerian; amak nola eramaten zuen eskutik hartuta Hernaniko bertso eskolara autobusean astean behin; nolako arretaz jarraitzen zituen Juanjo Uria irakaslearen irakaspenak…  

Eta aldi berean, bertsolaritzak bizi duen etengabeko transmisioari egin nahi izan dio keinu Aitorrek. Etxetik hasita, Aitorrenean islatzen den belaunaldiz belaunaldiko transmisioa; izan ere, Justiniano Mendiluze zenak egin zuen bertsotan, bere seme Aitor Mendiluzek egiten du bertsotan, eta nola egin ere, eta honen seme Arkaitzek ere ekin berri dio bideari.

 

Kartzelakoa

Hitza emanda, bederatziko txikian bertso bakarra

Hitza: Izerdia

 

Izerdia ze izerdi askoren galdera

Lehenego begiratu besape aldera

Ni konturatu gabe humeldu ote da

horko batzuenak bai, dexente gainera

Baino hemen norbera

Ta ze egoera

Kezka da sobera

Ta izerditzen gara

Baino denonak ez du balio bera

 

 

Hiru bertsotarako gaia: Bada orduerdi auto bera atzetik duzula

Etxetik ezin lasai atera

Ezin lasai joan lagun artera

Ez lanera ta ez umeekin arratsaldean parkera (bis)

Beti gertu nor ote da

Nor da gurekin batera

Hara berriz auto bera

Noiznahi gelditu noiznahi miatu maletaro barrenera

Bat ohitu ere egin daiteke susmagarri izatera.

 

Garai batean eta

Orain ordea hortatik lasai

Baina besteek jarraitzen dute

Erbia noiz altxako zai

Lanak lan, garaiak garai

Pakeak bidean darrai

Ta ez dira ulertzeko gai

Herrigintzatik eraikitzeko ahaleginean nabil bai

Agian hori da arazoa ez dute eraikitzerik nahi.

 

Zenbat iritzi ta zenbat proba

Ta zenbat gezur batzuk ahora

Baina aldatzen hasteko unea

Ere ez al da izango ba

Hara ona bera gora

Zer zatoz nere ondora

Ez galdu zure denbora

Edo bai galdu zu hor ikusiz barre egingo det gustra

Ni ez baldin banaiz mugitzen dena beste norbait izango da

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!