ZURETZAT herritarren arreta zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 15a, 01:00

Gaur izan da ZURETZAT Amasa-Villabonako herritarren zerbitzuaren inaugurazio ekitaldia. Bertan izan da Imanol Lasa, Gobernantzako Foru Diputatua, Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkatearekin batera. Herritarren arreta zerbitzua Udalaren arkupeetan kokatzen da, lehen udaltzaingoaren bulegoa zegoen lekuan. Abenduaren 18tik aurrera egongo da zabalik.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Herritarrei gestio administratiboak errazteko asmoz sortu da ZURETZAT zerbitzua. Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak azaldu duenez, “ZURETZAT Amasa-Villabonako Udalaren apustu bat da. XXI. Mendean murgildu nahi dugu burokrazia gutxituz eta gestioak erraztuz”.

Ilusioz betetako prozesua dela gaineratu du Izagirrek; lan ordu asko eta aurrekontuari begira ahalegin izugarria eskatu duena. Hala eta guztiez ere, erronkak merezi duelakoan da herriko alkatea: "Gure Udala, gaur, Gipuzkoan punta-puntan kokatzen dugu administrazioaren modernizazioari dagokionean".

Inaugurazio ekitaldian izan da Imanol Lasa Gobernantzako Foru Diputatua. Zorionak eman dizkie Udal langileei herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen duen zerbitzua ematea ezinbestekoa dela argudiatuz. "Gipuzkoako Udalen artean lehen mailako zerbitzuak edukitzera sartzen da Amasa-Villabona".

Astelehenetik ostiralera bitarte bi langile egongo dira bertan herritarren zerbitzura. Ordenagailu bat ere egongo da herritarren eskura, gestio administratiboak beraiek egin ahal izateko.

Dekoratua

Udal bulegoatik memoria berreskuratzeari keinu egin nahi izan die arreta zerbitzua hiru argazki handirekin apainduz. "Iraganari begiratu, hark osatzen baitu gure talde identitatea Amasa-Villabonako herritar gisa. Burujabetza berreskuratzen azken hamarkadetan administrazio publiko mailan eman diren pausu erraldoietaz gogoeta egitea eramango gaitu", adierazi du Izagirrek.

Bestalde, kontutan hartu da mugikortasun murriztua duten herritarrentzat egokitutako tokia izan dadin arreta zerbitzua.

Jardunaldi irekiak

Irekiera ekitaldira hurbildu ezin izan duten herritarrentzat jardunaldi irekiak antolatu dira gaur eta bihar ZURETZAT arreta zerbitzua ezagutzeko. Gaur 16:00etatik 18:00etara, eta larunbatean 10:00etatik 12:00etara. Ohiko ordutegia 08:00etatik 14:00etara izango da, astelehenetik ostiralera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!