Osasun Pastoraltzak Joxe Mari Olazabalen Bidea saria jaso zuen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 20a, 01:00

Andoaingo Osasun Pastoraltza taldeak jaso zuen Jose Mari Olazabalen Bidea saria atzo Basteron, Caritasek urtero antolatu ohi duen ekitaldian. Adin nagusiko aiton-amonei eskaintzen dieten laguntzagatik nabarmendu dira Osasun Pastoraltzako boluntarioak. Ekitaldian zehar, Maria Pilar Amenabar eta Mikel Goenaga ere izan zituzten gogoan.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Ainhoa Aiertzak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Joxe Mari Olazabalen Bidea sariaren zergatia gogoratuz ekin zion: “Olazabalek bere bizitza osoan beharra zutenengan egindako borondatezko lana eta eskainitako dedikazioa, eredugarria izan da eta izango da andoaindarrontzat. Sari honen banaketa, berak egindako lanari segida emateko, eta, beharra duten herritarrei laguntza eskaintzen dieten elkarte eta pertsonei aitortza egiteko modu ezin hobea bihurtu da urtero”.

Andoaingo Caritas elkarteko idazkari den Gregorio Olasagastik Osasun Pastoraltzaren merezimenduak azaldu zituen, epaimahaiak hamasei proposamen jaso dituela gogoratu ostean. Taldeak berrogei urte darama herriko aiton-amonei laguntza eta babesa eskaintzen, 80 urtetik gorako pertsonei hain zuzen. Haiengandik oso gertu egoten dira taldeko boluntarioak, gizartearen babesa eskainiz hainbat arlotan: Andoaingo zahar egoitzan edo Gipuzkoako ospitaletan daudenei bisitak eginez, eguneroko edozein gestio erraztuz, beren egun berezietan (urtebetetzeak, santu-izendegia…) gutunak bidaliz, zahar egoitzako arduradunek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuz… Olasagastik adierazi zuen amona eta aitona ugariri alaitasuna ekartzen dietela, eta elkartasuna oso presente daukan gizartea eraikitzen laguntzen dutela. 

Arrazoi horiek eta gehiago entzun ostean, Osasun Pastoraltzako kideak Basteroko oholtzara igo ziren, saria jasotzera. Lehenbizi, June eta Xabat Miner anai-arrebek aurreskua dantzatu zieten, Olagain txistularien elkarteko kideek jarritako doinuren erritmora. Segidan, taldearen bultzatzaile nagusietako bat den Ramon Truchuelok eta Iñaki Zabaleta Andoaingo San Martin parrokiako erretoreak hartu zuten hitza. Truchuelok taldeak urtean zehar burutzen dituen ekintzak deskribatu zituen banan-banan eta sariarengatik eskerrak eman aurretik, andoaindarrei gonbidapena luzatu zieten taldeko boluntario izan daitezen. Izan ere, berak gogoratu zuen bezala, 80 urtetik gora doaz taldeko kide gehienak, eta lekukoa atzetik datozen belaunaldiei eman beharrean dira kasik.

Zabaleta erretoreak adierazi zuen Pastoraltzako kideek bihotz beratu eta samurtu egiten dituztela Andoaingo herritarren arteko harremanak. Bada, zorionak eman zizkien, egunero-egunero egiten duten lanagatik. Zorionak, modurik eskuzabalenean lanean jarraitzen dutenei ez ezik, aurreko urte eta hamarkadetan aritu izan direnei baina jada gurekin ez daudenei.

Maria Pilar Amenabar gogoan

Iazko azaroan hil zen Maria Pilar Amenabar, Andoaingo Caritas elkarteko eragile nabarmenetakoa, hartu zuten gogoan ekitaldian. Bere ibilbidea laburtzeko asmotan, bideo montaje bat ikusi ahal izan zen pantailan. Argazkiak ikusiz batera, Gregorio Olasagastik Maria Pilarren biografiako datu batzuk azaldu zituen. “Familia ugari batean jaio zen, eta Adunako Amundo baserrian bizitu zen haurtzaroan. Jesus Alaben ikastetxean ikasi ostean, 24 urte zituela Zumarragako Mesedetako Alaben Kongregazioan sartu zen. Horrela, Madrilen erizaintza ikasi, eta Hego eta Ertameriketan urte batzuk pasa zituen. Handik Madrilera joan zen, pedagogia eta filosofia ikasketak egin zituen bertan. Baina behin ama gaixoturik, hona hurbildu zen, eta handik aurrera sendiari eskaini zion ardura eta maitasun guztia. Bera ezagutzeko zoria izan genuenok oso gogoan daukagu bere sakontasuna, apaltasuna, prestakuntza, enpatia, dedikazioa eta sentiberatasuna. Eredua izan da guztiontzat”.

Maria Pilarren ahizpa, biloba eta iloba igo ziren oholtzara, oroigarria jasotzera. Oso hunkituta eta eskertuta agertu ziren, eta aitortu zuten egunetik egunera gehiago botatzen dutela faltan haren eskuzabaltasuna, eta goxotasuna.

Saria Sorabillako harrera-etxeko bultzatzaileei

Antolatzaileek, Andoainen iraganean nabarmendu diren pertsona edo elkarteei pergamino berezia banatzeko ohitura dute. Pergaminoa, Andoaingo Caritas elkartearen sortze akta jasotzen duen oroigarria da, berez. Aurtengoan, lau pertsona izendatu dituzte: Luis Eskudero, Lurdes Imaz, Mikel Goenaga apaiza eta Rita Diaz. Hilak dira azken biak, eta euren senideak igo ziren oholtzara.

Izendatutako lau horiek, 80ko hamarkadan Sorabillako erretore etxean arazoak zeuzkaten gazteei begirako harrera-etxea sortu zuten. Aldi berean, aroztegi-tailerra antolatu zuten bertan, gazte horiek lanbide horretan treba zitezen eta errazago eduki zezaten lan merkatuan murgiltzea.

Bi etxebizitza, behartsuenentzat

Gipuzkoako Caritas elkartearen izenean Kontxi Elexpe mintzatu zen. Elkarteari begirako autokritika egin ostean, lehenengo eta behin: “Orain arte, Donostian oso barrura begira aritu gara Donostiako Caritas indartu nahian, baina pixka bat ahaztuta Gipuzkoako gainerako herrietako elizbarrutiak. Zuek, herrietako boluntarioek, kontura arazo gaituzue oker horretaz. Horrexegatik, deszentralizazio prozesuari ekin diogu; besteak beste, liberatuak jarriko ditugu bailaretan lan lagungarria egin dezaten zuekin”.

Mezu hori zabaldu ostean, Andoaingo kristau komunitatearen jokaera eredugarria izan zuen hizpide, eta bertan egitekoa den ekimen baten berri eman zuen: “Andoaingo San Martin parrokiako Erretoretxeko bi etxebizitza bideratuko dira herrian behar handia duten familientzat. Andoaingo Caritaseko kideek erabakiko duzue nortzuk diren etxebizitza horietan bizitzeko baldintzak betetzen dituzten familiak”.

Musika eta dantza

Hitzaldi eta oroigarri emate ugari izan zen ekitaldian zehar, eta musika eta dantza saioak tartekatu ziren horien artean. Alberto Agirre abesbatzak bi kantu abestu zituen Olagain txistularien elkarteko kideekin batera; Andoaingo Udal musika eskolako klarinete taldeak pieza bat jo zuen; Maite Oiartzun piano-jotzaileak Mikel Goenaga apaizaren omenez sortu duen pieza interpretatu zuen, eta azkenik, aurreskua June eta Xabat Miner anai-arrebek dantzatu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!