Kirol jarduera ugari asteburuan zehar

Realeko Aintzane Encinasek gidatutako entrenamendu saioa, kirol-elikaduaren inguruko hitzaldia, emakumea korrika ekimeneko saioa, haurrentzako jolas eta kirolak, zumbatoia, gau krosa, Ziotza pilota txapelketako finalak..., aukera zabala izango da asteburu honetan zehar:

Ainhoa Larreak eman du programazioaren berri. "Kirolari dagokionez, Aitziber Ibarbiak gidatutako Emakumea korrika ekimenean, kirola egitera gonbidatzen ditugu herriko emakumeak. Ostiralero elkartzen dira 18:30etan, Otañon. Kirol astea denez, jende gehiago gonbidatu nahi dugu ekimen horretara".

Emakumea eta kirola uztartzen dituen ekitaldiekin jarraituz, "Realeko Aintzane Encinas etorriko zaigu entrenamendu berezia egitera, ostiralean bertan, 16:00etatik aurrera. Danenako taldearekin egingo du, baina herriko neska guztiak daude gonbidatuta".

Kirola eta elikadura eskutik doazenez, Javi Rivero eta Aitor Ugaldek zuzendutako saioa izango da Atxulondon, kirola egiteko elikadura egokiari buruzko argibideak emateko. 19:00etan hasiko da saioa.

Abenduaren 16an, larunbatarekin, hamabi orduz kirolean ekimena izango dute martxan Zizurkilen. "11:00etan, haurrentzat kirol eta jokoak izango dira Intxaur frontoian. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, aukera ezberidnak izango dituzte; rokodromoa esaterako. Adin guztietko haur eta gazteek izango dute gozatzeko aukera". Zumbak duen arrakasta ikusita, arratsaldeko 18:00etatik aurrera zumbatoi berezia egingo dute Zimiterioan.

Gau krosa ere egingo dute larunbatean. 22:00etan haur eta gaztetxoek egingo dute lasterka, eta 22:30etatik aurrera, helduen txanda izango da. Dagoeneko 21 urte dira lasterketa hau antolatzen dela eta giro ederra sortzen duen ekitaldia da.

Igandean, pilota partidak izango dira protagonista. Eguberrietako pilota txapelketa finalak hasiko dira 09:00etan, eta goiz guztian zehar izango da zertaz gozaturik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!