Jostailu truke azoka, abenduaren 17an

Abenduaren 17an, azoka berezia egingo dute Zizurkilen. Aiztondoko Denbora Bankuko kideek antolatuta, jostailuak trukatzeko aukera eskainiko dute Joxe Arregi plazan 11:00etatik 13:00etara. Eguraldi txarra egingo balu, Atxulondo Kultur etxean egingo lukete azoka.

Aurreko urtetan bigarren eskuko jostailu eta oparien bilketa abiarazi izan dute Denbora Bankuko kideek. Bilketa arrakastatsua izaten zen eta ondoren, Denbora bankukoek bildutako guztia sailkatu, garbitu eta txukundu egiten zuten, jendeari banatu aurretik. Olga Villa larrauldarra talde eragileko kideetakoa da: “Oso erantzun ona jaso izan dugu beti. Ganbaran pilatutako jolas, jostailu, bizikleta, patinete, arropa, mozorro…, gauza ugari ekartzen zizkigun jendeak. Jasotakoa prestatu ondoren, premian dagoen jendeari nahi zuena hartzeko gonbita luzatzen genion”.

 

Aurreko ereduaren hautsiz

Aurten, ordea, beste modu batera egiteko erabakia hartu dute. “Izan ere, ez ginen batere gustura zenbaiten jarrerarekin. Jostailuak hartzeko momentua iristen zenean, ahal zuten guztia hartzen zuten, atzetik zetoztenengan batere pentsatu gabe. Gure ekimenaren helburua ez zen hori, eta beste modu batean antolatzea erabaki genuen”, azaldu du Olgak.

Truke azoka egingo dute aurten, froga modura. “Abenduaren 17an, Joxe Arregi plazan jarriko dugu postua. Erabiltzen ez duten jostailuren bat ekarri, eta trukean beste bat eramateko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Aukera polita izan daitekeela iruditzen zaigu”. Jostailu guztiei balio berbera ematen diete antolatzaileek: “Dagoeneko erabiltzen ez duguna ekarri, eta erabiliko duguna eraman, hori da helburua, bakoitzak zenbat euro balio duen pentsatu gabe”.

 

Joxe Arregi plazan

Zizurkilen egiteak badu bere zentzua, “izan ere, aurrez ere egin izan dira Zizurkilen gisa honetako ekimenak eta Udala bazebilen berriz ere antzeko zerbait egiteko asmotan”, azaldu du Olgak. Abenduaren 17an, 11:00etatik 13:00etara izango da zabalik truke azoka. Joxe Arregi plazan jarriko dute postua. “Guk dagoeneko baditugu zenbait jostailu eta, postuan jarriko ditugu”. Eguraldi txarra egokitzen bada, Atxulondo kultur etxeko babesera eramango dute azoka.

Lehen aldia izanik, Aiztondoko Denbora Bankuko kideek ez dute ekimenak jaso dezakeen erantzunaren inguruko zantzurik: “Aurreko eredua ez zitzaigun gustatzen eta aldaketa behar beharrezkoa zen. Horregatik eman dugu pausoa, baina ikusiko dugu jendeak nola erantzuten duen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!