Picassoren Guernica, Amondarainen irudimenetik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 15a, 01:00

Artearen sortze prozesua du aztergai Joxe Ramon Amondarainek San Telmon jarritako erakusketan, eta horretarako, 80. urteurrena ospatzen ari den Guernica entzutetsua hartu du jomugan.

Joxe Ramon Amondarainek Gasteizko Artium-en orain bost urte aurkeztu zuen Denbora eta premia proiektuaren jarraipentzat hartu da Donostiako San Telmoko museoan egunotan ikusgai dagoena, Espazioaren barreak izenburupean.

 

Historian atzera joan da Amondarainen begiratua, 80 urte atzera hain zuzen, Malagako artistak, Espainiako Errepublikako gobernuak eskatuta, Guernica artelan mitikoa gauzatu zuen garaira. Hilabete eskas behar izan zuen artelana burutzeko, eta bitarte horretan Dora Maar argazkilariak sortze prozesua dokumentatuta utzi zuen argazki bidez. Hain zuzen, Andoaingo artistak argazki horiek hartu zituen oinarritzat, Picassoren lanaren prozesua aletuta uzteko Gasteizen, Artium erakustokian. 1:1 eskalan, jatorrizko tamainan 8 oihal erreproduzitu, eta kronologikoki ipini zituen. XX. mendeko historia unibertsalaren ikono den margolanaren inguruan gogoeta egin nahi izan zuen era horretan, hots, Picassok 1937ko hilabete hartan bizitutako prozesu mentalaren eta intelektualaren gainean.

Berehala, ordea, Amondarainen zortzi artelan sekuentzialak kopiak zirela argudiatuta, Picassoren oinordekoek jabetza intelektualaren legeari heldu, eta salaketa jarri zuten. Epaileak arrazoia eman zien, eta horrenbestez, obra horiek ezin izan ziren ikusgai jarri publikoki. Zortzi oihalak, San Telmo museoko erakusketa gelako sarreran daude egunotan, egurrezko kaxetan gordeta.

Amondarainek, baina, segida eman nahi izan zion Gasteizen ekin zion prozesuari. “Legeak zer debekatzen duen eta zer ez hartu behar da kontuan. Zera dio, kuadroa ezin dela erreproduzitu, baina bai estilo kubista hori; beraz, posible da Guernica-ren berrikusketak egitea, gutako edonori burura datozkigun adina”.

Era horretan, esan daiteke Amondaraini debeku edo ezintasun hark bidea eman diola sortze prozesuaren, artearen jardunaren eta irudiaren inguruko gogoeta egiteko; Guernica margolanaren aitzakiapean,berriro ere.   

 

Lau oihal handi

Lau oihal handik osatzen dute erakusketaren oinarria. Guernicari begira-begira jarri, eta Amondarainek egin dituen lau berrikuspen pertsonal dira, esan bezala. Lehenbizikoa, txuri beltzean dago ondua. Olioz eta ikatz-ziriz egindako irudiak biltzen ditu, Guernica artelanean ageri direnak.

Bigarrenean kolorea sartu du. Hasiera batean Picassok Guernica koloretan egitea pentsatua zeukala hartu du kontuan andoaindarrak.

Hirugarrena, handiena da neurriz. Guernicaren bikoitza da: hamabost metro du luzeran eta hiru eta erdi zabalean. Kolore berde, marroi eta grisak ditu nagusiki; Amondarainen esanetan, “koloreen tonuek kamuflaje lanak egiten dituzte, plano kubistek irudia estaltzen dute Guernica irentsiko balute bezala”. Koloreen artean berdea nabarmentzen da besteen gainetik, “giza txikizioaren ostean sutan erretzen ari diren hezurrak, detritus-ak, belazeetan irudika daitezke”.

Azkenik, laugarrena, Picassoren artelanarekin gehien identifikatu litekeen oihala da. Lerro horizontaletan banatuta dago, eta zatiak lekuz aldatuta dauzka. Amondarain jakitun da ikuslea, oihalaren aurrean jartzen denean Guernica sumatuko duela. Nolanahi ere, entzuleari nahasmena eragin nahi izan dio, irudimena landu dezan.

 

Bestelako piezak

Lau oihal handi horiekin batera, milatik gora objektu, argazki eta marrazkirekin osatzen da Amondarainen erakusketa. Bestelako formatu eta estiloko piezak dira guztiak ere. Desplazamendu, eraldakuntza eta logika konstruktibo desberdinetatik egin dira, baina Guernica margolanaren barne-indarra isla dezakete. Batetik, ehunka eskultura daude, denak beltzak; horiek bonbardaketa eta triskantzaren ondorengo arrastoak irudika dezaten izan da Amondarainen asmoa. Horien ondoan, hormara itsatsita, argazkigintzako teknika analogikoekin egindako irudiak jarri ditu. Halaber, Guernica ikertzerakoan hark erakusten dituen figurekin egindako bozeto eta marrazki franko ere zintzilikatu ditu hormetan.   

 

Espazioaren barreak

Izenburu horixe darama San Telmoko erakusketak. Jose Luis Castro Nogueira soziologoari hartu dio ideia hori Amondarainek. “Modernitatetik gaur arte espazioaren kontzeptuaz eta aldaketaz mintzatzen da bera. Errealitatearen eta birtualitatearen arteko harremanaz, irudiaren eta objetuaren arteko harremanaz hain zuzen. Guernica kuadroa izango litzateke objektu hori. Kuadro bat da, baina bere irudia munduan zehar dabil, mundu osoko jendearen iruditerian. Bizitza propioa dauka, Picassoren eta Gernikako bonbardaketaren menpekotasunetik at”.    

Azken batean, Amondaraini, Guernica koadroak berarekin daukan sinbologia guztiak baino gehiago, bere alderdi artistikoak, formalak sortzen dio interesa. “Picassok artelan horren enkargua jaso zuenerako, egina zeukan ibilbide artistiko oso bat. Egia da bonbardaketako argazkiek inpaktua eragin ziotela eta pultsioz hasi zela lanean, baina ez gaude ero moduan margotzen hasi zen margolari baten aurrean. Lan-prozesuan zehar, distantzia hartu zuen hasierako inpaktu pertsonal horrekiko. Margolaritzan inplikatu zen, eta niri sorkuntza prozesu horrek eragin izan dit arreta aspalditik”.

Dora Maar argazkilariak bere argazkiekin agerian utzi zuen sormen prozesuan Picassok garatu zuen logika konstruktiboa ikertu du Amondarainek, hortaz. “Sekuentzia horietan konturatu gaitezke zenbait zati eta irudi agertu eta desagertu egiten direla. Adibidez, zenbait elementu (zaldia, zezena…) kuadroaren osaketaren premietara makurtzen ditu, eta ez hainbeste narrazio sinboliko baten logikara”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!