Aitor Mendiluze, estilo propioari eutsiz, finalerako prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 15a, 01:00

Bosgarren finala du igandekoarekin, eta aitortu duenez, aurrenekoak eragin zion ilusio berberarekin doa BECera igandean. Elkarrizketa luzea eskaini dio Aiurriri, finalaren atarian.

Bosgarren finala da zuretzat. Eskarmentuak zerbaiterako balioko du…
Azala ez da sekula egiten! Hori bai, gauzak hobeto interpretatzen eta dena erlatibizatzen ikasten da. Gauza guztien gainetik, txapelketako tentsioa eta emozioa ezin dira baztertu, horiek hor behar dute egon beti, eta eskerrak! Bestela ez luke mereziko joaterik!  

Azken asteetan lehiarako premiazkoa den ilusioa kutsatu dit inguruko jendeak; familiak, lagunek, Hernaniko bertso eskolako kideek… Txapelketa talde sentimenduarekin ari gara bizitzen bertso eskolan, talde majoa bildu baikara  prestaketa ariketak egiteko, Agin Laburu, Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal eta seiok, hain zuzen.

Hernaniko eskolak apartekotasunik edo marka propiorik badaukala iruditzen al zaizu?
Ez nago seguru. Badaukagu zeozer amankomunean hainbeste urtetan elkarrekin jardun ostean: bertsoa eta bertsolaritza ulertzeko modua batez ere. Baina bestalde, eskolako kideen bideak oso ezberdinak izan dira, eta bakoitzak bere ahots propioa dauka.

Segurtasuna transmititu duzu finalaurreko bi saioetan, Durangon eta Iruñean...
Nire estiloa azaltzen saiatu naiz. Badago jendea teknifikatuago doana txapelketara, lanketa zorrotza eginda; gero horiei antzematen zaie bertsokeran. Nik ariketa estilistikoetatik ihes egin nahi izan dut. Jakinda lehia dela ere, plazetako sentsazioaren bila joan naiz. Zaila da asmatzea, batek gabeziak sentitzen dituen arloak lantzearekin batera freskotasuna gal baitezake. Freskura hori transmititzen saiatu naiz, baina hori bai, kontziente izanda Euskal Herrira begira ari garela, anitza dela publikoa, eta edozein lizentzia ezin dela hartu, zaindu egin behar direla mezua emateko moduak, aipatu beharreko erreferentziak…

Sentitu al duzu publikoaren estimazioa, maitasuna?
Bai, Durangon gehiago Iruñean baino, nire saioa han hobea izan zelako beharbada. Giroa ere beroagoa bizitu genuen Durangon. Iruñean tentsio handia nabaritu nuen; azken saioa zen, jendeak buruan zeukan jokoan zer zegoen. Eta gainera, Miren Amurizari gertatu zitzaiona ere (sudurretik odol jarioa) gehitu zen; ez genekien nola zegoen osasunez, eta esango nuke giroan kutsatu egin zela ezjakintasun hori. Arnasari eusten bezala ibili ginen bertsolariok, eta ez genuen asmatu zenbaitetan. Normala gero entzuleak lehertzea Aitor Sarriegik edo Unai Agirrek umore puntua ekarri zutenean kartzelako saioan (“Ezkutatu egin zara ikusi ez zaitzaten”).  

Zuk, ordea, Bullying-aren gaia hautatu zenuen, eta tonu dramatiko eta ezkor samarra erabili (“agian noizbait ni txikitzeaz / aspertu egingo dira”)...
Gustura aritu nintzen, baina denetik entzun dut: batzuei gustatu egin zitzaien, besteei ez… Egia da Sarriegiren ondoren egokitu zitzaidala; hark egundoko lana egin zuen, eta horrek baldintzatu egin zuen ziurrenik nire emana, normala denez. Nik bide dramatikotik heldu nion, eta bazirudien publikoari ur hotza botatzera etorri nintzela… Baina ez nuen Mesiasen papera egin nahi, eta dena nola konpontzen den adierazi; izan ere, jendeak askotan bertsolariari aldarrikapena egin dezan eskatzen dio. Baina errealitate askotan ez da nahi genukeen hori. Ni ikastetxetan irakasle gisa aritzen naiz, gertutik ezagutzen ditut zapalketa hori jasaten duten gazteen kasuak, eta halakoetan, bertsotan adierazi nahi izan nuen erreakzioa da nagusi.

Prentsan edota sare sozialetan, aurtengo txapelketaren inguruan inoiz baino iritzi gehiago zabaltzen ari den irudipena izan al duzu? Eta iritzi horiek ez ote dira inoiz baino zorrotzagoak?
Iritzi ezberdinak daude gizartean, eta ezin denak ase inoiz; argi daukat geure koherentziatik, pentsaeratik, izaeratik kantatu behar dugula. Nolanahi ere, bertsolariak gara lehenbiziko interesatuak geure burua zuzentzeko, baldin eta oker jokatu badugu honetan edo hartan.

Txapelketa honen kontura hari mutur asko atera dira, eta jakingarriak batzuk, baina beste batzuk eraikitzeko ez, eraisteko baizik eginak daudela ematen du. Sare sozialetan ez naiz gehiegitan ibiltzen, baina iritsi zaizkidan kritiketatik ekarpen interesgarri gutxi samar jaso dugun sentsazioarekin geratzen ari naiz askotan. Gauzak oso era gordinean adierazi dira maiz, eta argumentu sendorik gabe.

30 segundotan egiten den bertso bat astebetean idazten den iritzi artikulu batetik epaitzea eta larrutzea, ez da lan zaila. Badirudi kosta egiten zaigula bereiztea bertsolaria, eta, une jakin batean bertsolari hori sortzen ari den fikzioa. Hala gertatu zen Jon Martinek eta Agin Laburuk Bastidan egin zuten ofizio lanaren harira, konparazio batera. Martinek Agini adierazi zion berarekin maitemindua zegoela; jendeak onartu zuen fikzioa zela Martinena, baina hara non, Agini ukatu egin zioten fikzioa egiteko eskubide berbera, eta gainera homofoboa dela esanez! Aginek, burusoildutako pintore buzo zikinduna eta Farias puru-mutur bat ezpainetan duela irudikatu nahi izan zuen, eta rol hori ari zen jokatzen Martini gay deitu zionean. Hori ez badugu ulertzen…

Bertsolariok ere onartzen dugu akatsik egiten dugula, soka baten gainean ekilibrismoa egiten gabiltzala, eta uneren batean hitz bat esan beharrean beste bat esan dezakegula, adierazi nahi denaren kontra. Baina horixe da bat-batekotasuna. Hanka sartzeko eskubidea onartu behar zaigu, bestela nora goaz?

Kritika horien eraginez, ez ote zarete zuen buruei autozentsura puntu bat aplikatzen ari?
Bestela dela uste dut, alegia bertsolariok garela geure diskurtsoa fintzeko lehendabiziko interesatuak, eta ari garela lanean. Egia esango dizut: neuk, garai batean botatzen nituen zenbait gauza ez nituzke botako orain, genero kontuetan bezainbat beste gaietan.

Nola ikusi dituzu Beñat eta Oihana Iguaran, eskualdeko beste bi bertsolariak?
Beñatek badauka zer eskainia, badauka diskurtso berezia. Beharbada lehiako tentsioak pixka bat zanpatu egin du, ze plazetan sumatu izan dut distira gehiagorekin. Bi urteko ibilbideak lagunduko dio asentatzen eta bere buruarekin konfiantza hartzen.

Oihanaren kasuan, bi kanporaketetan berarekin egokitu zait ofizioetan kantatzea. Durangon, tandem bizikletan jarri gintuzten; saioa bukatu ostean aitortu zidan bertsoaldi hartan piztu zela, eta gero bakarka ondo aritu zen. Iruñean gaixo kronikoak ginen, eta ez bera ez biok ez ginen gustura geratu. Oihana sartu zitekeen finalean, lasai asko. Baina beharbada presioak gaina hartu diolako, suerte txarra izan duelako edo dena delakoagatik, atarian geratu da. Azkeneko laupabost urtetan izugarrizko garapena egin du, urte horietan gehien egin duenetako bat da, eta etorkizun oparoa dauka zain.

Beste zazpi finalisten gainean zer esango zenuke?
Amets Arzallus: Inkognita da nola helduko zaigun. Berak dioen bezala, ederra da finalera zuzenean etortzea batetik, baina bestetik, asko da lehiarako tentsioa zureganatzea finalaren aurretik. Era guztietara, Amets pianoko soka bezala etorriko da, eta puntan ibiliko dela ez izan zalantzarik.

Maialen Lujanbio: Aspalditik ezagutu arren, oraindik ere harridura eragiten dit. Saioa aurrera doa, eta derrepente, berak bakarrik egiten dakizkien bertso zoragarriak botako dizkizu, Irunen egin bezala.

Igor Elortza: Dotorezia da berarentzat adjektiborik erantsiena. Hitzak erabiltzeko moduan, diskurtsoan, inoiz muturrera joan gabe baina bai mezu esanguratsuak emanez…

Aitor Sarriegi: Gurekin batera hasi zen bertsotan, eta bizitza guztia daramagu elkarrekin. Gipuzkoako finalean sartu zenetik konfiantza hartu zuen bere buruarekin, eta beti ibili da goitik. Irun eta Iruñean sekulako saioak eginez ale bereziak utzi ditu txapelketan. Ondo merezita lortu du txartela BECerako, bere azken txapelketa izango dena.

Sustrai Colina: Koskak igotzen joan da finalez final, 2009an lehenengo aldiz sartu zenetik. Asko erakusten du urtean zehar plazetan, ondo kokatzen daki egoeretara, saioen irakurle aparta da.

Beñat Gaztelumendi: Asko eta ondo dabil plazetan. Txapelketan ez dut uste behar bezainbesteko puntuaketa lortu duenik beharbada, baina bere inpronta utzi zituen bai Maulen eta baita Amurrion. Oso puntu onean datorrela esango nuke.

Unai Agirre: Bera bezainbat poztu nintzen sailkatu zenean; 10 urterekin hasi ginen biok bertsotan plazetan, Hernaniko auzo batean. Bera izango da ahots desberdina finalean, berezitasun propio asko dituen bertsolaria baita: estiloa, jarrera, pentsaera, kantaera, diskurtsoa... Esana dit ez duela dena egindakoaren sentsazioarekin joan nahi Barakaldora. Berak jaso du eguneko txaloaldirik handienetakoa.

Sarriegik aitortu du bere azken finala izango dela. Nola ikusten duzu zeure etorkizuna?
Ez daukat urrutiko pentsamendurik, egunean egunekoarekin konformatzen naiz. Niretzat errazagoa da esatea hemendik bi txapelketara aurkeztuko naizela, hurrengora joango naizela baino. Gustura aritzen naiz bertsotan, eta txapelketa egundoko plaza denez, nola esan ezetz? Beste gauza da onartzea txapelketak lana dakarrela atzetik, eta prezio garestia ordaintzea eskatzen dizula pertsonalki. Datorren txapelketak beharbada ez nau tenple onean harrapatuko. Nork daki!

Gaur egun, 42 urterekin bertsolari bat oraindik gaztea da…
Egañak esan zuen lehengoan, adinez, aspaldian izan den finalik zaharrena jokatuko dela igandean. Egia esan, Unai, Igor eta hirurok gara zaharrenak, 1975eko kintakoak. Belaunaldi hori tope dabil plazetan, eta normalena da gero aurrean egotea. Azkenean, oinarrian, estilo, teknika, eta gainerako konplexutasun guztien gainetik, bertsoa bera dago. Guk bertsotik disfrutatzen dugu bertsoaren dialektikarekin eta jolasarekin, eta nola egin uko horri? Agin Laburuk elkarrizketa batean zioen bezala, guk bertsotan jardungo dugu hiltzen garen arte, eta gero igual ere bai!   

Esan da belaunaldi berrien presentziarik ez dagoela finalean…
Enbutu estua da finala, soilik zortzi sartzen uzten dituen lehia, eta saltoa egin behar da hara iristeko. Egia da gu baino gazteagoek ez dutela jauzi hori egin. Batek suerte txarra eduki duelako, besteak presioa ez duelako behar bezala kudeatu, harako hari saio konplikatuan kantatzea egokitu zaiolako… Baina txapelketa osotasunean aztertu beharko genuke. Orduan ikusiko genuke gu baino gazteago asko aritu dela maila oso ona emanez, herrialdeetako ordezkariak hartu dutela parte, nabaria izan dela emakumearen presentzia… Naturalki etorriko da belaunaldien ordezkapena, denbora kontua da.   

Pena ere agertu da emakume bakarra izateagatik…
Pixka bat aspertzen nauen gaia da, egin esan. Eta zergatik ez zuten sei izan behar, edo batere ez? Bertsolariok ez dut uste inoiz bizitu izan ditugunik bitasun horiek, bizkaitar-gipuzkoar, gizon-emakume… Ulertzen dut kanpora begira izan dezakeela axola, argazkiaren indarragatik. Baina azken batean, zortzi bertsolari egongo gara oholtzan, eta kitto.

Zenbat plaza egiten dituzu urtean zehar?
Azken hogei urteotan 70tik 95era, gutxi gora-behera. Ehundik gorako urteak izan ditut, baina izugarrizko nekea da buruarentzat eta gorputzarentzat erritmo hori, lo egin gabeko egun ugari dira tartean... Horrela eraiki dut nire bizitza, bikote-bizitza, bi semeko familia-bizitza, zortzi orduko lan-bizitza…

Nola biziko dituzu finalaren aurreko orduak?
 Aurreko finaletatik ikasita daukat ez dela komeni egunean bertan azaltzea Barakaldon, hango auto ilarak, hango jende mugimendua... Urduri jartzeko bestetarako ez da. Larunbatean Unai eta biok Bilbora goaz, eguardian sagardoaren festa batean ordu erdiko saiotxoa egin beharra daukagu. Gero beste bertsolariekin-eta bertan afaldu, horiekin munduaz eta beste kontuez tertulian jardun lasai-lasai, eta bertan egingo dugu lo. Horixe da hurrengo eguneko zeremonia guztiari aurre egiteko modurik egokiena.

Durangoko saioan esan zenuenez, familia aurre-aurrean eduki zenuen…
Bai. Eta oraingoan emaztea eta seme zaharrena, Jon, 12 urtekoa, izango dira Barakaldon. Garrantzia berezia ematen diot semea han egoteari, gertutik bizi dezan bertsoaren festa hori, jaso dezan eredu jakin bat. Bizi guztirako markatzen duten egun horietako bat baita. Neuk inondik ere presionatu gabe, Tolosako bertso eskolan izena eman zuen behin, eta hor dabil bertsoekin jolasean. Behin edo behin jardun dugu elkarrekin, baina egin dezala bidea bere gisa, aita atzetik eduki gabe. Goza dezala bertsoaren mundu horrekin nahi duen arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!