Pebet txapelketa azken txanpan sartzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 14a, 01:00

Asteburu honetan erabakita geratuko da zein bikotek jokatuko dituzten abenduaren 23ko finalerdiak. Partida interesgarriak izango dira bihar ikusgai:  Arrieta eta Zezaga, Egiguren eta Lizeagaren aurka; Exposito eta Telletxea, Prieto eta Mariezkurrena II.aren aurka. Iluntzeko 19:00etan hasiko dira partidak, Bearzana pilotalekuan.

Antolatzaile lanetan dabilen Iñaki Lizasok eman du txapelketaren azken ordukoen berri:

Asteburu honetan ezagutuko dira VI Antton Pebet txapelketako finalerdietako protagonistak. Arrieta-Zezeaga eta Exposito-Telletxea ageri dira faborito gisa

Faborito izateak ez du 22 tantora iristea bermatzen. Ongi dakite hori pilotariek. Abenduaren 15ean, 19:00etan hasita, final laurdenetako bi partida ikusgarri jokatuko dira Villabonako Bear Zana pilotalekuan, eta bertan, erabakiko dira abenduaren 23ko final erdietan jokatuko dutenen izenak. Partida hauen aurretik, Behar Zana talde antolatzaileko pilotari den Eñaut Aranburu infantilak Gipuzkoako txapelketako ekialdeko final laurdenekoak jokatuko ditu buruz-buru eta lau eta erdia barruan 18:15ean hasita.

Lehen partidan, hasierako hautaketan ez zeuden bi pilotarik jokatuko dute, eta ez mailarik ez dutelako. Pilotari on askoren artean egin behar da aipaturiko lehen hautaketa, eta zaila izaten da antolatzaileentzat lan hau. Aukera bikaina dute beraz, Ioritz Egiguren Tolosako aurrelari gazteak eta Markel Lizeaga hernaniar atzelari indartsuak. Bikote berria osatuko dute. Freskoa eta txispa bizikoa. Beraien aurkariak Arrieta hernaniarra eta Zezeaga bergararra izango dira, azken hau Zezeaga pilotari profesional ohiaren semea. Halako egurra, halako ezpala. Azken hauek, 22-8ko emaitzaz erraz irabazi zuten beraien final zortzireneko partida Zubiria eta Eskirozen aurka, atzean zein aurrean aurkariak baina gehiago izan baitziren.

Hasieran aipatu bezala, faborito gisa ageri dira Arrieta eta Zezeaga baina pilota borobila denez, eta partidak 22ra, edozer gerta liteke; Ioritz Egiguren joko puntu oso onean baitago eta bere maila erakusteko irrikan irtengo da Bear Zanako kantxara. Lizeaga berriz, eliteko partidak jokatzeko gose etorriko da Villabonara. Beraz, partida irekia eta erakargarria izango da lehena.

 

Bigarren partida ez da nolanahikoa izango. Aurrean bi pilotari elektriko eta bizik jokatuko dute. Fase buru Exposito astigarragarra eta Telletxea Albizturkoa. Biek badakite zer den Antton Pebet oroimenezkoan jokatzea. Eta nagusi mailan txapela irabaztea zer den ere bai. Telletxeak txapela etxera eramana du lehen ere, eta berriro irabaztera etorriko da Villabonara. Laguntza ezin hobea izango du aurrean. Pilotari elektrikoa izango du lagun, aire joko ona eta indartsua duena. Pilota kantxa barruan sartzen badu, pilotari oso arriskutsua da Exposito. Telletxea bera, inguruan ezagutzen dute pilotazaleek. Ezker elegante eta bikaina du eta maila bikainean jarraitzen du azken hilabeteetan bezalaxe.

Beraien aurkariak Prieto bizkaitarra eta Mariezkurrena II nafarra izango dira. Prietok, Eneko Labaka ordezkatuko du. Ez du aurrelari txarragoa izango Mariezkurrena gazteak. Zubizarreta bezalako izen handiko pilotariak irabazita dator Villabonara Prieto. Aurrelari azkarra da, aireko jokoa oso ongi menperatzen duena eta tantoa azkar bukatzea gustuko duena. Atzetik, Mariezkurrena II, bi beso luzedun etorkizun handiko atzelaria. Pilota oso egoki luzatzen du eta gero eta gutxiago galdu. Partida hau ere oso irekia ageri da nahiz eta lehenak faborito ageri diren.

Bi partida hauetako irabazleek abenduaren 23an jokatuko dute final erdietako partida. Pasa den abenduaren 5ean jokatu ziren beste final laurdeneko partidak.

Batetik, Urbieta eta Aranguren sailkatu ziren Alberdi eta Gorrotxategi mendean hartuta eta bestetik Salaberria eta Garmendia pasa ziren 23ko azken aurreneko fasera Urmeneta eta Urruzolari irabazita. Hala, abenduaren 23ko lehen partida Urbieta-Aranguren & Salaberria-Garmendia izango da eta bigarrena asteburu honetan erabakiko da.

Ostiralean orduan, aukera paregabea izango da pilota partida ederrez gozatzeko eta doan betilez, sarrerarik ez baita izango. Horren ordez, eta borondatez, pilotazaleek saski eder baten zozketan parte hartzeko aukera izango baitute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!