Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruz, herritarrei galdezka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 15a, 01:00

Finalaren atarian, eskualdeko bertsozaleek hartu dute hitza, txapelketak orain arte eman duenaren nahiz finalaren beraren inguruan.

Jaxone Usandizaga. Andoain
{{IMG-39655}}

Finalaurrekoak ikusita, nor gehiago ikusi nahiko zenuke BECeko finalean? Jone Uria eta Oihana Iguaran oso ondo aritu direla iruditzen zait. Umorea eta freskotasuna ekarri dute txapelketara, lan ederra egin dute, bai binakako ariketetan, eta baita Oihanak bakarka ere.

Aurtengo txapelketatik zer nabarmenduko zenuke? Emakumeek egin duten ekarpena azpimarratzekoa izan da. Adin eta estilo ezberdineko emakumeen paperak izan ditugu saioetan, eta gaiei dagokienez, orain arte gutxitan entzun diren ikuspegiak izan dira entzungai; hala nola, trantsizioan dauden gorputzak, hilekoa, adineko emakumeak…

Egun, jendartean puri-purian dauden gaiak oso ondo islatu dira txapelketan, eta eztabaida ere eragin dute, iritzi eta jarrera aniztasunagatik.

Txapela nork eskura dezakeen esatera ausartuko al zinateke? Amets Arzallusz eta Maialen Lujanbioren artean izango dela lehia iruditzen zait.  Finalean bakarrik aritzeak, hala ere, Ametsi ez dio batere lagunduko, gainerako kantu-kideak saio batzuk eginda iritsiko baitira BECera. Aitor Mendiluze ere hortxe dago, oso fin eta dotore ibili da, batere zalapartarik gabe. Hortxe dago punta-puntan.

Egunik onena duenak eta finen aritzen denak irabaziko du txapela.


Amaia Agirre Amasa-Villabona
{{IMG-39656}}

Finalaurrekoak ikusita, nor gehiago ikusi nahiko zenuke BECeko finalean? Kristalezko sabaia bere horretan geratu dela eta bi emakumezkok beste kolore bat emango lioketela finalari... Nik iritzi eta desira denak ulertzen ditut. Unai Agirrek ere erantsiko dio bere sinadura. Agin Laburuk eskura zuela zirudien, baina pentsa egun hartan egin beharrak zer dakarren. Sekulako pena hartu nuen. Miren Amurizak ere jarrera eta egonharri izugarria azaldu zuen. Miresgarria eta mirengarria benetan. Sartu direnak merezita sartu dira, eta sailkatu ez diren askok bertso gogoangarriak utzi dituzte.

 

Aurtengo txapelketatik zer nabarmenduko zenuke? Ahalduntze bertso eskola bere fruituak ematen ari dela nabarmenduko nuke. Tematika aldetik azken urteetan sentsibilitate berriak ari dira mamitzen eta azaleratzen. Gai ireki on batek bertsoaldi heterogeneo asko plazaratzeko bidea ematen duela ere ikusi dugu. Ni ez naiz txapelketa luparekin begiratu eta aztertu zalea. Epaile zigortzailea izatea baino aberasgarriagoa da azpiko sarea eraikitzea eta nik bertsolari askorekin izugarri gozatu dut. Beti ez da isilean egindako lana oholtzan nahi bezala erakusteko aukera izaten, baina argi dago jendeak lan asko egin duela.

 

Txapela nork eskura dezakeen esatera ausartuko al zinateke? Nik Maialenek jaztea nahiko nuke, plazetako lanaren eta jardunaren ispilu eta ordain izatea nahiko nukeelako, baina Sustrai oso konzentratuta eta ziur ikusi dut. Nolanahi ere, edonork eman dezake sorpresa eta sustoa! Zorte on denei!


Haritz Zubillaga. Zizurkil
{{IMG-39657}}

Finalaurrekoak ikusita, nor gehiago ikusi nahiko zenuke BECeko finalean? Atzean geratu diren horien artean, finalean ikustea gustatuko litzaidakeena Agin Laburu litzateke. Berezitasuna emango lioke finalari, bere umore propioarekin. Beste batzuk ere nabarmenduko nituzke, baina finalean denentzat tokirik ez dago.

 

Aurtengo txapelketatik zer nabarmenduko zenuke? Bi aipamen egin nahiko nituzke. Batetik, klasikotzat ditugun bertsolariek indarrean segitzen dutela. Finaleko zortzi partaideen artean, zazpi bertsolari dagoeneko 2013an BECen izan ziren. Unai Iturriagak txapelketa utzi du eta haren lekua Unai Agirrek beteko du. Goiko postuetan ibili direnen artean berdintasun handia nabaritzen da. Bestetik, emakumeen gorakada aipatu beharra dago. Kuantitatiboki eta kualitatiboki jauzia eman da. Lujanbiorekin batera, Iguaran eta Amuriza ere azken unera arte finalean kantatzeko aukerekin izan dira.

 

Txapela nork eskura dezakeen esatera ausartuko al zinateke? Koska bat gora Maialen Lujanbio ikusten dut. Besteek ez duten magia hori baduela esango nuke. Baina finala jokatu beharra dago, eta akatsen bat eginez gero hortxe egongo dira Amets Arzallus eta Sustrai Colina. Aitor Sarriegi aurreko urteetan baino lasaiago ikusten dut. Bere umorearekin, bertsozalea erakartzea lortu du.


Igotz Alkorta. Zizurkil
{{IMG-39658}}

Finalaurrekoak ikusita, nor gehiago ikusi nahiko zenuke BECeko finalean? Finalerako sailkatu diren bertsolariak, postua irabazita daude bertan. Txapelketari begiratua eginda, uste dut Miren Amurizak ere finalean egoteko moduko merezimenduak egin dituela. Eta noski, eskualdeko beste ordezkari bat, Oihana Iguaran bereziki, finalean ikustea gustatuko litzaidake, baina ziur naiz hurrengoetan izango duela aukera.

 

Aurtengo txapelketatik zer nabarmenduko zenuke? Uste dut finalaurrekoetan ez dela izen bat besteen gainetik nabarmendu. Aitor Mendiluze oso sendo ageri da; Maialen Lujanbio berriz, tarteka oso dizdiratsu azaldu da, baina izan ditu beheraldiak ere, eta Igor Elortza, Aitor Sarriegi bera, Sustrai Colina..., Inoiz baino irekiagoa ikusten dut lehia. Interesgarria izango da finala.

 

Txapela nork eskura dezakeen esatera ausartuko al zinateke? Bertsolari bakarra aipatu beharko banu, Maialen Lujanbio aipatuko nuke, baina txapelketa honetan egin duenagatik baino gehiago, azken lau urteotan herriz herri eta plazaz plaza erakutsi duen mailagatik.

 


Aritz Eskudero. Andoain
{{IMG-39659}}

Finalaurrekoak ikusita, nor gehiago ikusi nahiko zenuke BECeko finalean? Agin Laburu. Puntuka poto egin izanak kondenatu du, nire ustez, finalean ez egotera. Potoa edozein momentutan egiten da, baina puntuka erne egon behar da besteak zer esaten duen. Ez da egoten zure esku bertsoa. Ofizioka ere esaten dute, adibidez, zortziko handian elkarlana egin behar dela, elkarrizketa sortu behar dela. Puntuka oraindik eta elkarlan gehiago egin behar da. Bestalde, Oihana Iguaran ere gustura ikusiko nuke finalean. Gipuzkoako txapelketan nabarmendu zen, baina aurretik itzalean egon da. Gure eskualdekoa izanda, denok etxealdera begiratzen dugu.

 

 

Aurtengo txapelketatik zer nabarmenduko zenuke? Doinu berriak. Aitor Sarriegik doinu berria atera du, baita Julia Sotok eta Oihana Iguaranek ere. Sotok esan zuen Lekunberriko emakume batek egin ziola doinua, eta doinu goxoa da, bere ahotsa bezalakoxea. Sarriegirena ere ikaragarri gustatu zait. Lotara joan eta burutik kentzen ez den doinu horietakoa. Gainera, umoretik kantatzen du Sarriegik; edozeinek ulertzeko moduko bertsoak kantatu ditu. Unai Agirrek eman duen maila ere aipatu nahiko nuke. Bera nabarmendu delako Iruñeako azken finalerdian, eta umoretik kantatzen zuelako.

 

Txapela nork eskura dezakeen esatera ausartuko al zinateke? Txapela eramateko faborito Lujanbio eta Arzallus dira. Horien alde apustu egitea erraza denez, Aitor Mendiluzeren alde egingo dut nik. Durangon saio bikaina egin zuen, eta bere bertsokera asko gustatu zait. Bertsoa goitik behera osatzen d, esaldiz esaldi ederki ulertzeko moduan.

 


Arkaitz Lasarte. Andoain
{{IMG-39660}}

Finalaurrekoak ikusita, nor gehiago ikusi nahiko zenuke BECeko finalean? Argi dago finalera iritsi diren guztiak merezimendu osoz daudela hor, eta ez dut inorren huts berezirik sentitzen. Bestalde, egia da urtean zehar emakume asko aritzen dela plazaz plaza bertsotan, eta finalean ez da errealitate hori islatuko. Emakume bakarra arituko da BEC-eko eszenatoki gainean, eta kontrapuntu hori aipatu beharrekoa da. Gainerakoan, finaleko zortzikoteak ondo baino hobeto erakutsi du bere maila.

 

Aurtengo txapelketatik zer nabarmenduko zenuke? Txapelketa honetan bakarrik ez, bertsolari txapelketa guztietan, orokorrean, naturaltasun pixka bat falta ote den iruditzen zait. Hitz potoloen bila ibiltzen dira bertsolariak, metaforak osatuz... Oso erritmo mantsoan abesten dute gainera, ohikoak baino doinu motelagoak erabiliz. Plazako bertsolaritza berriz freskoagoa izaten da, naturalagoa, eta hori faltan botatzen dut.

 

Txapela nork eskura dezakeen esatera ausartuko al zinateke? Maialen Lujanbiok irabaziko duela iruditzen zait. Aitor Mendiluzek edota Unai Agirrek irabaztea gustatuko litzaidake niri, baina uste dut Maialen dela faborito nagusia.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!