“Gazteek ez dituzte alkohola eta drogen ondorioak aintzat hartzen”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 15a, 01:00

Nerabeen droga edota alkohol kontsumoaren aurrean nola jokatu? Andoainen hitzaldi-solasaldian gaiari heldu zioten. Aholku bila dabil hainbat guraso.

Andoaingo Udalak eta Gazte Lokalak antolatuta, drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako Gipuzkoako AGIPAD elkarteak hitzaldia eskaini zuen joan zen azaroaren 29an. DBH eta Batxillergoko gazteen gurasoei zuzendutako hitzaldia izan zen. Entzutea, hitz egitea, maitatzea edota emozioak lantzen jakitea garrantzitsutzat eman zuten. AGIPAD elkarteko kide den Marina Izagirreren arabera, “denak hain ezberdinak izanda, arreta jarri behar dugu bestea entzuteko. Entzutea eta komunikatzea lehentasunezko ekintzak izan beharko lirateke”. Nerabeei gutxi entzuten zaiela gaineratu du, eta funtsezkoa dela arreta jartzea beren pentsaera, jokabide eta euren esan nahi dutena ulertzeko.

Gainditu gabeko bigarren ikasgaia maitatzea da: “Ahaztu egiten zaigu maitatua sentitzea oinarrizko beharra dela”. Norbait maite dugula esatea kosta egiten zaigula gehitu zuen, gizarteak “ahulago” ikusten gaituelako gure sentimenduak azaleratzerakoan. Nerabeei are eta zailago egiten zaie euren sentimenduak adieraztea. Maitatua sentitzea, errespetatua, zaindua eta entzuna sentitzea ere bada. Hori irudikatzeko adibide bat eman zuen Marinak: “Eskolan, taldeka jartzerakoan nerabea ez bada talde horretan maitatua sentitzen, ez da gustura egongo, eta matematikak ongi egitea ez da bere kezkarik handiena izango”.

Emozioak ere izan ziren aztergai hitzaldian. Emozioek pertsona gisa osatu egiten gaituzte. Horregatik, emozietaz hitz egiteko gai izan behar garelakoan da AGIPADeko kidea: “Emozioak maneiatzen ikasi egiten da. Egoera beraren aurrean ezberdin jokatzen dugu, eta ez dugu nahikoa arreta jartzen hori komunikatzen”.

 

Prebentzioa hitz eginez hasi

Nerabearekin droga edota alkohol kontsumoaz hitz egitea garrantzitsua dela dio Marina Izagirrek, heziketa estilo autoriario batetik gatozela azalduz: “Hitz egitea prebentzioa da, ezin diogu nerabeari bota erru guztia”. Guraso eta nerabeen arteko elkarrizketa eraginkorra izan dadin, hainbat pauta eman zituen AGIPADeko kideak. Lehenik, momentua bilatu behar da, eta bilatu ezean, giro egokia sortu. Bigarrenik, nerabea entzuteko prest agertu behar da, baita berarengandik ikasteko ere. Hirugarrenik, zerbait ulertu ezean nerabeari galdetu behar zaio, eta ez interpretatu. Eta azkenik, lehen pertsona singularrean hitz egitea da egokiena. Nerabeari berdintasunetik hitz egitea ere garrantzitsua da: “Nerabeak ulertua, onartua, estimatua dela sentitu behar du, eta horretarako errealitatea bere egitik nola eraikitzen duen jakin behar dugu”.

 

Kontsumoaren aurrean nola jokatu

Droga edota alkohola kontsumitzen badu, ez da alarmista jarri behar. Lehenengo, arazoa zenbaterainokoa den baloratu behar da; ondoren, arazoari aurre egin, eta ez saiatu arazoa ezkutatzen. Nerabeak  asko kontsumitzen badu, ez eztabaidatu berarekin. Erabakiak denen artean hartu, eta batez ere, ez bota atzera hartutako erabakiak. Jarri harremanetan menpekotasuna gainditzen laguntzen duten profesionalekin. Marina Izagirrek azaldutakoaren arabera, “nerabeak ez dira guztiz gai droga edota alkohol kontsumoak ekar ditzaketen ondorio batzuk aurreikusteko”. Horregatik, garrantzitsua da familiako baloreak errepasatzea eta aurrez nerabearekin hitz egitea kontsumoak ekar ditzakeen arriskuak ezagutz ditzan.

 

Gurasoen kezkak

Hitzaldira gerturatu ziren gurasoek euren kezkak zabaltzeko tartea izan zuten. Nerabeek alkohol kontsumoa murrizteko guraso moduan zer egin dezaketen zen kezketako bat. “Geroz eta zailtasun gehiago badituzte alkohola erosteko, kontsumoa jaitsi egingo da”, aipatu zuen Marinak. Baina horretarako, tabernari eta dendarien laguntza ere behar dela gehitu zuen.

Beste kezketako bat teknologia berrien ingurukoa izan zen. Nerabeek, orokorrean, ez dizkie gurasoei beren gauzak kontatu nahi izaten, eta Interneten, sare sozialetan agertu ohi dituzte egunean bertan pasatako kontuak, edota bizipenak. Guraso asko euren seme-alabek sare sozialetan ipintzen dutenaz at egon ohi dira, ez baitute mundu digital berri hori gehiegi ezagutzen. Bestetik, Andoainen nerabeentzako aisialdi leku gutxi daudela azaldu zuten gurasoek. “Orain gutxi arte, asteburuetan kiroldegian koadrilak elkartu eta hitz egiteko lekua zuten, kirola praktikatzeko aukera ere edukiz. Orain, berriz, itxita dago”, adierazi zuen hitzaldira gerturatutako guraso batek. Guraso batek adierazi zuenez, nerabe askok etxe-atarietan igarotzen dituzte arratsaldeak, zigarroak edo porroak erretzen.

 

Proposamenak

“Kontsumotik at dauden esparruak sortzea garrantzitsua da nerabea kontsumoetatik aldentzeko”, azaldu zuen AGIPADeko kideak. Aholku horrekin bat etorri ziren hitzaldira gerturatutako guraso asko, eta proposamenak elkarbanatu zituzten.

Proposamenetako bat liburutegia asteburuetan ere zabalik egotea izan zen. Modu horretan, nerabeek asteburuko arratsaldeak igarotzeko leku bat izan dezaten. Beste proposamen bat liburutegian ikasketa gelak egokitzearena izan zen, eskolako lanak egin ditzaten taldean, eta elkarren artean hitz egiteko aukera edukiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!