Eneko Maiz, munduko azpitxapeldun trinketean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 14a, 01:00

Buenos Airesen jokatu da IX. Munduko Trinkete Txapelketa. Eskuz banaka, 22 urte azpikoen mailan lehiatu da Eneko Maiz, trinketean, Espainiako selekzioarekin.

Nolako esperientzia izan da Munduko Trinkete Txapelketan parte hartzea?

Esperientzia ona izan da. Orain arte ez nuen horrelakorik bizitu izan. Hemengo txapelketekin alderatuta, bestelakoa izan da, bai jende aldetik eta baita tentsio aldetik ere. Frontoian sortutako garrasiak eta presioa handiak ziren. Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa ari nintzen jokatzen, eta hori nabaria zen.

Zer moduzkoa izan da Espainiako selekzioaren parte izatea?

Erabat ezberdina. Jende gutxiago ezagutzen nuen. Elkarrekin entrenamendu batzuk eginak genituen, eta harreman ona egin dugu. Espainiako selekzioan parte hartzea hitz potoloak direla esango nuke.

Mexikoren aurka jokatutako finala tentsio handikoa izan zen, baina mexikarrak lortu zuen garaipena 15-6/14-15 eta 10-6 emaitzarekin.

Lehenik ligaxkan hiru partida jokatu genituen. Lehenengo biak irabazi egin nituen, eta hirugarrena, Mexikoko Lopezen aurka galdu nuen. Egun bateko atsedena eduki ostean, hurrengo egunean semifinala izan zen frantziarren aurka. Lasai joan nintzen ez bainuen espero irabazterik. Bera zen faborito argia mundialetarako. Zorionez, irabazi egin nuen. Finalera nekatuta iritsi nintzen, eskuetatik nahiko justu. Partidaren hasiera ez nuen usaindu ere egin, 15-6 gailendu zen markagailuan, sekulako egurra emanez. Gero frantziarra pilota gutxiago gozatzen hasi zen, eta nik nire jokua egin nuen; bigarren set-a irabazi eta azkeneko set-ean seina joan ginen. Azkeneko lau tantotan asmatu egin zuen eta hortxe joan zen partida.

Espero al zenuen finalera ailegatzea?

Egutegia begiratu eta zein taldetan ginen ikustean, aukera bazegoela iruditu zitzaidan. Frantzia jotzen zuten faborito argitzat, eta beste taldean zegoela ikusi nuenean, garbi izan nuen taldeko lehena pasa beharra nuela, harekin ez gurutzatzeko. Bestalde, banekien Mexiko gogorra izango zela, baina ez nuen uste aurtengoan erakutsi duten maila izango zutenik. Ligaxkan nahiko zaila egongo zela pentsatzen nuen, baina esperantza beti izaten da, eta azkenean iritsi ginen finalera, nahiz eta galdu.

Zein izan da aurkaririk gogorrena?

Mexiko, zalantzarik gabe. Frantziak balio edo gaitasun gehiago dituela esango nuke, baina jokatzen gehiago uzten dizute. Mexikarrek, aldiz, pilota sarera bidaltzen dute, eta  gauzak zailtzen dituzte. Fisikoki, nahiz mentalki, partidarik gogorrenak Mexikoren aurka jokatutakoak izan dira. Jokatzeko era ezberdina dute, pilota esku-masailaren izkineko aldearekin jotzen dute gehiago, efektu bereziak sorraraziz. Gu ez gaude horretara ohituta.

Gustura sentitu al zara egindako lanarekin?

Hasiera batean mundialera joatea zen helburua, eta behin bertara joanda, disfrutatzea eta ahalik eta urrutien ailegatzea. Gerora, podiumera igo, eta dominaren bat ekartzea nuen helburu. Finalera ere iritsi ginen azkenean, eta espero baino hobeto gainera.

Nolako harrera izan du Munduko Trinkete Txapelketak Buenos Airesen?

Egia esan, oihartzun handiegia ez zuela iruditu zitzaigun. Buenos Aires hiri handia da, eta baliteke horregatik izatea. Jende asko bertaratu zitzagun, frontoian zer ekitaldi mota zegoen galdetuz. Eskuz behintzat oso afizio gutxi dago, palarekin gehiago jokatzen dute: maila handiagoa dute palan. Munduko Txapelketa izateko, ez dugu ikusi oso zabalduta egon denik trinkete txapelketa.

Bestalde, frontoira gerturatutako ikusleek bazekiten pilotaz. Munduko Txapelketa hasi aurretik sarrerak agortuta zeuden. Familia ugari joan da, esaterako, Frantziatik. Hemendik, berriz, guraso batzuk ere joan dira. Parean egokituta, bertako zaleturen bat edo beste sartu zen partidak ikustera, baina orokorrean kanpotik etorritakoak ziren ikusle gehienak.

Familiakoak izan dituzu animatzaile sutsuenak txapelketan zehar…

Bai. Hemendik animo asko jaso ditut. Familiak babes handia eman dit, eta horiek ere nahiko tentsio pasa zutela uste dut, nahiz eta gustura egon ziren.

Billabonatarren artean ere izan du eragina Munduko Txapelketako zure parte hartzeak. Kontalguzu…

Villabonan zeresana eman du, bai. Behar Zana elkarteak zabaldu du Munduko Txapelketaren berri. YouTube sare sozialean emititu zuten finala, eta horrek ere lagundu du jendeak gehiago jarrai zezan. Finaleko egunean Behar Zana elkartean bildu ziren herritarrak, eta pantaila handian jarri zuten partidua. Jende asko bildu zen, eta babes handia eman didate.

Zuk ere ospatuko zenuen lortutako emaitza, noski.

Buenos Airesen ospatu genuen, eta hemen ere bai. Guztiek zorionak eman dizkidate, eta ezin dut kexatu. Finalera iristean, Buenos Airesen zeuden zaletuak gerturatu, eta hitz politak esan zizkidaten. Federazio Internazionaleko presindente eta Europako nahiz Ameriketako Pelotako Presidenteen eskutik ere esker eta hitz onak jaso ditut.

Iparraldera joan zinen abenduaren 2an. Nork deituta?

Iparraldeko delegatuak deitu zidan Urruñara entrenatzera joateko prest egongo ote naizen galdetuz. Baiezkoa erantzun nion. Oraindik ez dakit ziur nortzuk izango garen. Frantziako Txapelketak ere hasiko dira, banaka nahiz bikana; agian beraien klubarekin jokatzea nahiko dute. Ikusiko da zer esaten duten. Geldirik egotea zen nire asmoa, bi edo hiru astez behintzat, baina Gipuzkoako Txapelketa ere badator eta hori ere ezin dugu alde batera utzi. Horrelako deia jasota, ezin ezezkoa esan eta oso gustura joango naiz hara. Aurrera begira ikusiko da zer nolako martxa dugun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!