Gau krosa, abenduaren 16an

Zita berezia izaten dute korrikalariek Zizurkilgo Kirol astearen baitan. Ia oherako garaia denean egiten dute lasterketa Elbarrenako kaleetan barrena.

B

i hamarkada baino gehiago pasa dira dagoeneko Zizurkilgo lehen gau-krosa antolatu zutenetik. Lehen ediziotik beretik izan zuen arrakasta proposamen bereziak, eta urtero antolatu izan dute. Gauaren iluntasunari, eguraldi hotza, euria edota haizea gehitu izan zaizkio maiz, baina horrek ez ditu korrikalariak kikildu izan. Ikusleek ere ez diote urteroko zitari hutsik egiten.

 

Lehendabizi, haurrak

Abenduaren 16an izango da aurtengo gau-krosa, larunbatarekin. XXI. Edizioa izango da aurtengoa eta, azken urteetako ohiturari eutsiz, haurren korrika saioak zabalduko du lasterketa. Gaueko 22:00etan ekingo diote gaztetxoenek. 2005 urtetik aurrera jaiotakoek kilometro bateko ibilbidea egin beharko dute; 850 metro abiadura kontrolatuta egingo dituzte, eta azken 150 metroak libre. Izena eman nahi duten gaztetxoek, aurrez ikastetxeetan banatutako eskuorrien bidez egin ahal izango dute, eta baita egunean bertan ere, 21:00etatik aurrera, Joxe Arregi plazan jarriko duten postuan. Lasterketa amaieran, parte hartzaile guztiek jasoko dute euren saria.

 

Zazpi kilometro

Orduerdi geroago hasiko da helduen lasterketa. Zazpi kilometro pasatxoko lasterketa bete beharko dute hauek, 2,5 kilometroko ibilbideari hiru itzuli emanaz. Helduekin batera aterako dira 2002 eta 2004 urteen artean jaiotako gazteak ere. Itzuli bakarra eman beharko diote hauek ibilbideari.

Izena ematea dagoeneko zabalik dago www.herrikrosa.eus web orrialdean. Hiru euro ordaindu beharko du bertan izena ematea erabakitzen duenak. Bigarren aukera bat ere izango da, egunean bertan, 21:00etatik aurrera, Joxe Arregi plazan. Aukera hori erabiltzen duenak, ordea, bost euro ordaindu beharko ditu. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 250 partaide onartuko dituzte gehienez eta kopuru horretara iristeazn itxiko dute izen-ematea.

 

Sariak

Giro polita sortzen da Zizurkilgo Gau krosean; umore ona eta ondo pasatzeko gogoa izaten dira garaile. Nolanahi ere, helmugara lehendabiziko postuetan iristen direnek izango dute, noski, saririk. Lehenengo, bigarren eta hirugarrenak jaso dituzten sariez gain, beste zenbait sari ere iragarri dituzte antolatzaileek. Esaterako, frogaren orain arteko marka (22’01 minutu) hausten duenak opari berezia jasoko du. Korrikalari helduenak, bestalde, Dinosaurio saria etxeratuko du eta frogan parte hartzen duten lasterkari guztiek etxeratuko dute opariren bat. Horrez gain, afariak zozketatuko dituzte, baita kirolerako materiala ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!