Kirol Astea eta Liburuaren Astea aurkeztu dituzte

Hitzorduz beteta iritsi ohi da urte amaiera Zizurkilera. Ostiralean abiaraziko dute Kirol astea eta hurrengo astean, liburuak izango dira protagonista nagusiak. Maite Amenabar zinegotzia eta Ainhoa Larrea kultura eta kirol teknikaria izan dira aurkezpenean.

[Bideoa]

Hitzordu ugari antolatu dituzte datozen astetarako. Maite Amenabarrek azaldu duenez, "aurtengo Kirol Astean hainbat alor jorratuko ditugu, gure ustez, kirol jarduerari lotutako garrantzia berezia dutelako. Esaterako, elikadurari lotutako saio bat antolatuko dugu. Bestalde, futbolean jokatzea gustuko duten neskak ere animatu nahi ditugu Realeko kapitain ohiak zuzenduko duen entrenamendura etortzera. Abenduaren 15etik 17ra luzatuko da Kirol astea". 

Ainhoa Larreak emango du programazioaren berri. "Abenduan bi ekimen nagusi ditugu; ostiralean hasiko den Kirol Astea eta datorren asteko Liburuaren Astea. Kirolari dagokionez, Aitziber Ibarbiak gidatutako Emakumea korrika ekimenean, kirola egitera gonbidatzen ditugu herriko emakumeak. Ostiralero elkartzen dira 18:30etan, Otañon. Kirol astea denez, jende gehiago gonbidatu nahi dugu ekimen horretara".

Emakumea eta kirola uztartzen dituen ekitaldiekin jarraituz, "Realeko Aintzane Encinas etorriko zaigu entrenamendu berezi bat egitera, ostiralean bertan, 16:00etatik aurrera. Danenako taldearekin egingo du, baina herriko neska guztiak daude gonbidatuta".

Kirola eta elikadura eskutik doazenez, Javi Rivero eta Aitor Ugaldek zuzendutako saioa izango da Atxulondon, kirola egiteko elikadura egokiari buruzko argibideak emateko. 19:00etan hasiko da saioa.

Abenduaren 16an, larunbatarekin, hamabi orduz kirolean ekimena izango dute martxan Zizurkilen. "11:00etan, haurrentzat kirol eta jokoak izango dira Intxaur frontoian. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, aukera ezberidnak izango dituzte; rokodromoa esaterako. Adin guztietko haur eta gazteek izango dute gozatzeko aukera". Zumbak duen arrakasta ikusita, arratsaldeko 18:00etatik aurrera zumbatoi berezia egingo dute Zimiterioan.

Gau krosa ere egingo dute larunbatean. 22:00etan haur eta gaztetxoek egingo dute lasterka, eta 22:30etatik aurrera, helduen txanda izango da. Dagoeneko 21 urte dira lasterketa hau antolatzen dela eta giro ederra sortzen duen ekitaldia da.

Biharamonean, pilota partidak izango dira protagonista. Eguberrietako pilota txapelketa finalak hasiko dira 09:00etan, eta goiz guztian zehar izango da zertaz gozaturik.

Liburuaren Astea

Abenduaren 18an, astelehenarekin hasiko da liburuaren Astea. Dobera elkarteak antolatutako ipuin kontaketa bat izango da lehen ekitaldi hori, "Mozoloaren bidea" izenburupean.

Abenduaren 20an, gabonetako ipuinak eskainiko ditu Ixabel Milletak, 17:30etan hasita,  Iriarte Kultur Etxean. Egun berean, Karmen Basterretxeak idatzitako Matrilinealismoa Euskal Herrian' liburua aurkeztuko dute,liburutegian, 19:30etan hasita.

Abenduaren 22an, ostiralarekin, Teodoro Hernandorena Ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute liburutegian eta lehendabiziko booktrailer lehiaketako sariak ere banatuko dtuzte ekitaldi berean. 300 lan inguru aurkeztu dituzte ipuin lehiaketarako eta booktrailer lehiaketak ere arrakasta polita jaso du. 17:30etan hasiko da ekitaldia.

Abenduaren 27an, Montesorirern botila sentsorialak egiten ikasteko tailerra egingo dute liburutegian. Oraindik irekia dago izena emateko aukera. "osagai ezberidnak jartzen dira botiletan, haur txikiek jolas dezaten. Gurasoek tailerra egiten ari diren bitartean, gainera, haurrentzat eskulan tailerra martxan izango da", azaldu du Ainhoa Larreak.

Abenduaren 28an amaituko da Liburuaren astea. Ipuinaren Unibertsoa familia ekiamenaren baitan, ipuina eta bertsoa batzen dituen saioa egingo dute, 17:00etan hasita. San Millan, Otaño eta Pello Errotako ikasleek, eta Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal bertsolarik eskainiko dute saioa.

Maite Amenabarrek amaitu du aurkezpena, ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatuz.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!