Ekintzailetza sustatzeko programa urtarrilean hasiko da KoopFabrikaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 11a, 01:00

Ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekonomia soziala sustatzeko programa da abian jarriko dena urtarrilaren 17an bigarren urtez. Izen-ematea irekita dago, eta Gipuzkoa osoko proiektuak dute izena emateko aukera. Lau eskualdetan eskainiko dira lan espazioak: Debagoienan, Beterri-Buruntzan, Bidasoa-Txingudin eta Oarsoaldean. Programan parte hartzea doakoa da, baina plaza mugatuak daude.

Jarraitu irakurtzen:

Ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea eman nahi dio KoopFabrikak, tokian tokiko sareen garrantzia abiapuntu hartuta. Horretarako, hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:

  • Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnei.
  • Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeei.
  • Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenei.

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei tutoretza eskainiko zaie garapen eta saretzerako.

Programan parte hartzea doakoa da, baina plaza mugatuak daude. Datozen asteetan parte-hartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da. KoopFabrikak dei egin nahi die proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei formazio eta saretzerako tresna izan nahi duen KoopFabrikan izen ematera koopfabrika.eus webgunean.

Proiektua LANKI Ikertegia eta Olatukoop Interkooperazioa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen elkarlanetik sortu da. Beterri-Buruntzan, Olatukoop sareko kooperatibek dinamizatuk dute lurralde nodoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako egitasmoak Beterri-Buruntza Udalaren babesa izango du, besteak beste.

Interesatuek Twitter, Facebook eta Instagramen izango dute proiektuaren egunerokoaren berri. Informazio gehiagorako posta elektronikoa komunikazioa@koopfabrika.eus edota telefono zenbakia 688 845 940 edo 943 25 63 47 (Andoni Egia).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!