Gabon-Kantu herrikoien emanaldi kolorotsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 15a, 01:00

Andaluzia, Extremadura, Galizia, Aragoi eta Euskal Herriko Gabon-Kantuak entzun ahal izan ziren Basteron igandean. Triana elkarteak antolatuta, bederatzi abesbatzen emanaldiaz gozatu ahal izan zuten bertaratu ziren andoaindarrek, eta behin abenduan sartuta hitzetik hortzera aipatu ohi den “Gabonetako espiritua”z kutsatzeko aukera eduki zuten.

[Argazkiak]     [Bideoa]

Abesbatza eta musika talde etorri ziren Andoainera, kutsu herrikoia duten Gabonetako kantuak berritzera Basterora: Galiziako Etxea (Donostia), Monfrague Extremadurako Etxea (Errenteria), Aragoiko Etxea (Donostia), Extremadurako La Jara Etxea (Tolosa), Semblante Andaluz (Lasarte-Oria) eta Extremadurako Etxea (Donostia). Horiekin batera, Andoaingo Triana, Alberto Agirre eta Olagain Udal Txistularien Elkarteak jardun zuten. Alberto Agirre eta Olagain taldeek elkarrekin jardun zuten, euskal kantutegiko zenbait abestirekin popurri bat eginez; Joxe Mari Oiartzabalek zuzendu zituen bi taldeak.

Bi ordu eta erdiko iraupena izan zuen jaialdiak Joxe Ramon  Berrondo herriko musikariak aurkeztuta, eta bitarte horretan Estatu espainiarreko hainbat lurraldeetako kantutegian errotuta dauden abestiak interpretatu ziren. Kontzertua amaiturik, oroigarri ugari banatu zituzten Triana elkarteko kideek. Jaialdian parte hartu zuten bederatzi taldeei ez ezik, Esti Mujika Andoaingo Udaleko Kultur ordezkariari, Gipuzkoako Etxe Erregionalen elkarteko kideei eta Joxe Ramon Berrondo jaialdiko aurkezleari  ere eskaini zieten oroigarria. Azkenik, jaialdiaren antolaketan buru belarri jardun duen Luis Gil Triana elkarteko kideari bereziki eskerrak eman izan zizkioten. Lanean isilean ibiltzen den kultur eragile horietakoa izan arren, oholtzara lotsaturik igo behar izan zuen behingoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!