“Euskara aldean, erabili lanean” lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 6a, 01:00

“Euskara aldean, erabili lanean” izeneko lehiaketa jarri du martxan Danobatgroup-ek. Lantegiak dituen herrietako biztanleei zuzendua dago, eta helburua bere lantegietan euskararekiko duten konpromisoa ezagutzera ematea da. Latz S.Coop enpresa talde horretako kidea da, Andoaingo Gudarien hiribidean egoitza duena.

[Lehiaketa irekia da]

Edozeinek parte har dezake. Modu digitalean antolatu dute, eta parte hartzeko honako internet helbidean sartu behar da. Kooperatibari buruzko galdera orokor batzuk erantzun ondoren Danobatgroup-eko hiztegi teknikoan sartu eta hainbat hitzen ordezkoak aukeratu beharko dira.
Datorren abenduaren 11 izango da lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Parte-hartzaile guztien artean bi bono zozketatuko dira. Eta zein da saria? Bi lagunentzat asteburu pasa Euskal Herriko nekazalturismo batean.

DANOBATGROUP eta euskara
Enpresa taldeak harreman sare zabala du eta bezeroekin sarri ingelesez aritu behar izaten badu ere, bertako langile, hornitzaile, bezero, ikastetxe, administrazio eta abarrekin euskara erabiltzeko konpromiso sendoa du. Horren adierazgarri dira kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak, lortutako eta lortzeko bidean dauden Bikain euskararen kalitate ziurtagiriak… Horrez gain, konpromiso sendoa du gizartearekin. Hainbat ekimenekin elkarlanean ari da enpresa jardueraren eremu geografikoan ekonomia soziala sustatzen eta laguntzen, heziketa eta prestakuntza sozio-kooperatiboa eta profesionala bultzatzen, izaera soziokulturaleko eta asistentzialeko jarduerak bultzatzen eta sustatzen, eta elkartasuna eta interkooperazioa bultzatzen, bai eta ikerketa eta garapena bultzatzen ere, jarduera berriak zein interes bereziko proiektuak babesten dituzten ekimenen alde eginda. Eta gizartearekiko konpromiso sendo horretan kokatzen da euskararekiko konpromisoa ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!