Errepressió antzerki emanaldia larunbatean

Ikusleen partehartzea ezinbestekoa izango da ‘Errepressió’ obran. Hodei Arrastoak, Kataluniako hainbat antzezle lagunekin batera eskainiko du saioa.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Zizurkilen antzerki saioa eskainiko dute Bartzelonako Institut del Teatre eskolan ikasitako hainbat antzezlek. Tartean, Hodei Arrastoa zizurkildarrak. “Aurten aukeratu dugun gaia errepresioa izan da. Lan fisikoa (mugimendua), lan testuala (Mario Benedettiren Pedro y el Capitán testua) eta musika (instrumentu ezberdinekin eta errepresioaren inguruko abestiak edota letrak aukeratuta) uztartzen dituena”, horrelaxe laburbildu du Hodei Arrastoak euren antzerki emanaldia.

Ikasturte osoan zehar eskolan egindako lanak batu, eraldatu eta birziklapen horretatik sortutako antzezlana eskainiko dute Hodei Arrastoak eta bere ikaskideek abenduaren 9an, Atxulondo kultur etxean. Zizurkildarrak azaldu duenez, “antzerkia egitera etorriko diren kideetako batzuk berriak dira, baina hirugarren urtez etorriko dira beste batzuk”.

 

Ikusleak antzerkiaren parte

Iaz Mikroteatroa saioa eskaini zuten; lau espazio edo eszenatoki antolatu eta horietako bakoitzean saio ezberdin bana eskainiz. Urten ere ikuskizun berezia ekarriko dute, ikusleen jarduna ez baita ohikoa izangoa ‘Errepressió’ antzezlanean. Ikusleak antzezlanaren zati izango dira, eta euren kokapena aldatzen joango da antzezlanak aurrera egin ahala. “Noiz ikusi da antzezlan batean publikoa lekuz mugitzen? Txikikeria dirudi agian, baina poliki-poliki ikusleek ere antzerkiaz duten pentsamendua zabaldu egin behar dute”, adierazi du zizurkildarrak.

 

Antzerkia lanbide

Aurreko urteetan bezala, doakoa izango da antzezlana ikusteko sarrera. Hori bai, amaieran hala nahi duten ikusleen borondatea jasoko dute. Zizurkilgo Udalaren laguntza ere izan dute antzerkia Zizurkilera ekartzerakoan. Arrastoak zehaztu duenaren arabera, “dakarkigun lanari preziorik ez jartzea garrantzitsua iruditzen zaigu, Zizurkilgo emanaldia ez baitugu diruagatik egiten”. Hala ere, antzerki lanak “errokonozimendu ekonomikoa” behar duelakoan dago.

Oro har, antzerki obra bat ikustera joateko dirua ordaintzea kosta egiten dela iruditzen zaio zizurkildarrari, “gustatuko zaigun ziurtasunik ez dugulako”. Horregatik, jendea “arriskatzera” gonbidatzen du Arrastoak. “Herrian bertan eskainiko den aukera ezberdina da, urtean behin egiten dena. Arratsalde ederra igarotzeko aukera aparta da”, dei egin du.

 

Antzerkiaren aitzakian, bidaia

Hodei Arrastoak asmo ezberdinak ditu bere lagun katalanentzat, Euskal Herriko gastronomia eta kultura ezagutarazteko. “Javi Rivero sukaldari billabonatarrarekin hitz egin dut, hemengo plater tipiko bat presta diezagun”, aurreratu du Arrastoak. Bestalde, aurreko urteetan bezala, baliteke Tolosako Topic txontxongiloen zentrora joatea ere, “antzerkia egitera datozen taldekide batzuk aurreko urteetan izanak direnez, ikusiko dugu bisita hori errepikatu edo ez”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!