Euskararen erabilera, ohitura bilakatu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 4a, 01:00

Euskaraldia ekimena jaio da, euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duena; datorren urteko azaroaren hogeita hiruan hasi eta abenduaren hirura arte luzatuko da.

Euskaraldia ekimena sortu da, zenbait eragileren eskutik. Azaroaren 23an aurkeztu zuten, Bilboko Arriaga antzokian. Ekimena aurkezteko aukeratutako eguna ez zen zorizkoa izan. Izan ere, urtebete barru, azaroaren 23an bertan abiatuko da euskararen lurralde osoan batera egingo den aktibazio ekimen handia. Hala, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, lehenengo Euskaraldia egingo da, 11 egun euskaraz lelopean.

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, hamaika egunetan zehar, beraien ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbita egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuarekin.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua;  Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneako lehendakaria; Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia; Naiara Mujika Lasarteko Ttakun elkarteko kidea; Beñat Arrabit  Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna; eta Arrate Illaro Euskaraldia-ren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneako kidea. Eurekin batera, orain arte egitasmoan laguntzeko gogoa agertu duten hainbat erakunde sustatzaileren babesa izan zuten aurkezpenean. Aurrerantzean ere, entitate gehiago ekimenera batzeko atea irekita egongo da.

Parte hartzeko ateak zabalik 
Ekimenaren helburua herritar euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzea da. 
Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan dinamikaren baitan kokatzen da ekimen hori, eta bi mugarri ditu: batetik, hiztunen hizkuntza ohituretan eragin eta berauen harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da lortu nahi dena; bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.
Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabili dezaten lortu nahi dutelako koordinatzaileek.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi eta belarriprest bihurtu nahi dituzte. Lehenaren ardura izango da euskaraz hitz egitea ulertzeko gai diren guztiei, haiek erdaraz erantzun arren. Bigarrenaren zeregina, aldiz, dakienari euskaraz hitz egiteko gonbita egitea izango da. Nolanahi ere, euskaraz hitz egiteko gai diren parte-hartzaileek eurek erabakiko dute bataren edo bestearen rola jokatu.
Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta inguru soziolinguistiko zein tokian tokiko errealitatera moldatzeko modukoa izango da.

Antolaketan, beraz, hainbat auzo, herri eta eskualdetako euskaltzale taldeak arituko dira, baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere. Beren eragite eremua tokikoa zein Euskal Herri mailakoa izan daiteke. Era berean, Euskal Herritik kanpoko euskal hiztunen komunitateetan ekimena gauzatu nahi izanez gero, parte hartzeko ateak zabalik daude.

Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldia-n. Hala ere, une honetan berrogei herritatik gora datorren urteko Euskaraldia-ren antolaketan murgilduta daudela aurreratu dute sustatzaileek –tartean, hiriburu nagusietan– eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero dutela azpimarratu dute.

Herritarrek, berriz, 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia-n izena emateko aukera. Izen-ematea 2018ko irailean zabalduko da eta ahobizi zein belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritar guztiek. Ekimenak iraungo duen hamaika egunetan ahobizi edo belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiek.

Elkarlanaren garrantzia 
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean parte hartu zuten eragile guztiek. Azken hilabeteetan hizkuntzaren normalizazioaren bueltan ari diren erakundeek elkarlanaren beharra behin eta berriz azaldu zuten, eta Euskaraldia elkarlan hori gauzatzeko aukera paregabea dela. Euskal Herri mailan gertatzen hasi den elkarlan dinamika hori herriz herri ere gauzatzea bada ekimen berri horren helburua. 
Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, tokian tokiko errealitateen aberastasunari erreparatu zion. "Nafarroan, egoera soziolinguistiko ezberdinak ditugu. Hortaz, erabilerari bultzada emateko planteatzen ditugun egitasmoak egoera horiei egokitu behar zaizkie arrakastatsuak izateko, euskararen aktibazioa modu erakargarri eta positiboan eginez". Hain zuzen, Euskaltzaleen Topagunea-ko Arrate Illarok errealitate ezberdin horien markoan ariketa garrantzitsua azpimarratu zuen. "Euskaraldia urtebete lehenago aurkeztu dugu, elkarlanean martxan jartzeko eta herritarrei formazioa eskaintzeko denbora behar delako. Elkarlanean, euskararen sustapenean lanean ari garen entitateen, bestelako alorretan ari diren entitate euskaltzaleen eta herritar euskaltzaleen artean gauzatuko dugu Euskaraldia. Hortaz, elkarlana funtsezkoa da ekimena aurrera eraman ahal izateko. Euskaltzaleen Topagunea-ko lehendakari Elena Lakaren esanetan: "Azken urteotan hainbestetan aldarrikatu izan dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Herriz herri auzolanerako eta eragileen arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke".

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu zuen euskararen erabilera errazteko instituzioetatik lan egin behar dela. "Erakundeetatik lan egin behar dugu erabilera erraztu dezaketen baldintzak sortzeko; izan ere, hainbat ingurune zailagoak dira oraindik ere euskara erabili ahal izateko. Euskaraldia egitasmoa eraginkorra izango da bide horretan". Hein horretan, Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, aldeko pausoak berretsi zituen. "Euskaraldia-ren pertsonaia nagusiak herritarrak izanen dira. Halere, euskararen erabilera handitzeko ardura partekatua da: bakoitzarena eta molde guztietako entitateena. Alabaina, norbanakoen urratsek erakundeen geriza behar dute; euskarazko harremanak posible izan daitezen, baldintzak ezarri behar ditugu erakundeetatik. Bide horretan, gure engaiamendua adierazi nahi dugu".

Jone Guenetxea Tokikomeko presidenteak, berriz, "ezinbesteko" ikusten du indarrak batzea. "Tokian tokiko hedabideok ekimenean joka dezakegun papera inportantea izango da", azpimarratu zuen.

Aurrekariak 
Euskaraldia ez da hutsetik abiatzen. Azken bi urteotan Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri diren dinamiketan du abiapuntua. 2016ko otsailean Donostiako Egia auzoan bertako euskaltzaleek martxan jarritako Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenak hogei herri eta eskualdetan izan du segida. Euskaraldiak 2018an Euskal Herri osora zabaldu nahi du Egian hasitakoa.

Ekimen horietan guztietan euskaltzaleek izandako protagonismoa azpimarratu zuten antolatzaileek, herri ekimen sendoak sortu baitira antolakuntzaren inguruan. Gainera, orain arteko esperientzia guztietan balorazio ona egin da, partaideen bizipenetan eta hizkuntza ohitura aldaketan izandako eraginagatik, eta euskaltzaleen aktibazioak ekarritako herri dinamikengatik.

Era berean, azken urteetan Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan sortutako Euskarak 365 egun dinamika hedatu eta zabaldu egin dela azaldu zuten antolatzaileek. Dinamikak hizkuntzaren erabileran proposamen praktikoak egiteko norabidea hartu du.

 

"Ezagutzaren gorakadarekin erabilera handitzeko baldintzak areagotzen dira"

Azken urteetan euskararen ezagutzak gora egin duela aitortu du Elena Laka euskaltzaleen Topaguneako lehendakariak. Baina erabilerak gorakada bera ez izateak kezkatzen du.

20 urte dira Topagunea euskara elkarteen federazioa sortu zenetik. Zein beharri erantzuteko? 
Federazioa egin aurretik, Euskara Elkarteak sortu ziren herrietan, duela 25-30 urte inguru, euskaltzaleak eta euskaldunak biltzeko, euskaraz bizi ahal izateko aukerak sortzeko, hizkuntza erabili ahal izateko eta espazioak irabazteko.
Helburua zen, baita ere, euskaraz egiten dugunon komunitatea egituratzea eta indartzea, sakabanatuta nekez praktikatu ahal delako hizkuntza.

Zenbateraino bete dira orduan finkatutako helburuak?
Helburuak bete dira, neurri batean. Garai hartan euskara elkarteak eta hauek saretu eta euren jarduna indartzeko sortu zen Euskaltzaleen Topaguneak jauzi bat ekarri zuen nahiko sakabanatuta zeuden eremu euskaldunetan, balio izan zuen komunitatea sortzeko. Sortu zen euskararen aldeko mugimendu bat alderdi politikoetatik kanpo egon nahi zuena, euskara zentroan jartzen zuen ideologia zuena. Kontua da harrezkero hizkuntzaren ezagutzak gora egin duela euskal gizartean, baina ezagutzaren gorakada horrek ez duela neurri bereko gorakada ekarri euskararen erabileran.

Zer lortu nahi da Euskaraldia ekimenarekin?
Euskal hiztun guztiei eta euskaraz ulertzeko gai diren guztiei eguneroko bizitzan ohituraz aldatzea proposatzen diegu. Proposatzen dugu pertsona bakoitzak bere eguneroko bizitzan euskaraz jarduteko pertsonak eta espazioak aurki ditzala, eta horiekin euskaraz egiteko konpromisoa har dezala: koadrillan, lanean, dendetan, tabernetan, kirolguneetan, elkarte gastronomikoetan, whatsapp taldeetan, sare sozialetan, auzokideen batzarretan, familiako bazkarietan, pintxo-potean...  

Nola animatuko zenituzke herritarrak parte hartzera?
Hizkuntza ohiturak aldatu egin daitezke, eta parte hartzen duten pertsona guztiek inguruan sare bat topatuko dute, komunitate bat, harrera egingo dieten pertsonak topatuko dituzte, euskaraz, eta barruan daukaten tresna bat, hizkuntza, erabiltzeko aukera izango dute, agian, orain arte gune egokirik ez zeukaten tokian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!