"Tolosaldean euskarak 365 egun!!" mosaikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 3a, 01:00

Euskararen eguna da gaurkoa, eta Tolosaldeako herrietan "Tolosaldean euskarak 365 egun!!" esaldia duen mosaikoa osatu dute. Herri bakoitzak hizki bat osatu du, guztien artean aipaturiko esaldia osatuz.

[Argazkiak]

Euskararen eguneko adierazpena:

2017KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA

Euskara auzolan

Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez

Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugugure herrian, Amasa-Villabonan, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana.

Ilusioa eta elkarlana behar dugu, gure bizitza egiten dugun toki guztietan, ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez.

Ugari izan dira eta dira han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak. Gure artean daude euskara bereganatu duten euskaldun berriak, denok ezagutzen ditugu. Gure artean ditugu seme-alabak euskaraz ikas dezaten nahi izan duten guraso erdaldunak. Hemen gaude euskara ezpainetan dantzatzen ahalegintzen garenak… Eta honela Euskal Herriko bazter guztietan.

Zenbat halako azken hamarkadotan: zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zein herri ekimenekoak. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea.

Orain, eta hemendik aurrerako urteetan, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi handitzea dugu langintza nagusi, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu horretarako.

Bide berriak, bide guztiak

Hala nahi zuen jokatu Lizardi handiak literaturgintzan. Hala behar du euskarak. Halaxe behar du euskalgintzak ere. Emankor gertatu dira, bistan denez, ibilitako bide asko. Eta elkarlana da emankortasun hori auzolanean areagotzeko giltzarria.

Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko.

Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntza bideak sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez.

Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz.

Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria.

365 egun

Musikari bakar batek ezin du orkestra oso baten doinua aldatu, zuzendariaren eta gainontzeko musikarien laguntza gabe. Euskal hiztun bakar batek nekez aldatuko ditu hizkuntza ohiturak, gizartearen babesik izan ezean.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bide luzean, euskararen aldeko gehiengo soziala aktibatu behar: euskararen lurralde guztietako administrazioak zein herri ekimena. Lurralde eta eremu guztietako erakundeak. Gizarte ekimeneko euskalgintzako taldeak zein bestelako esparruetakoak. Euskaldun osoak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak.

Malgutasunez. Herri bakoitzaren errealitatera egokituz. Tokiko eragileekin urratsak adostuz. Parte hartzaile guztiak ahaldunduz.

Euskaltzaletasunaren sua indartuz nola gure herrian, Amasa-Villabonan ala Angelun, Barkoxen zein Barakaldon, Eltziegon eta Erronkarin.

Auzolana da bide bakarra. Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa izango da ala ez da izango.

Euskararen Eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunetan hala izan dadin lan egitea da. Auzolanean.

Euskara auzolana baita. ETA HEMEN ETA GUK EGIN EZEAN, NORK?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!