Aitor Mendiluze aurrera, Oihana Iguaran finalaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 3a, 01:00

Umoretsua eta polita izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa atzo arratsaldean, Iruñeako Anaitasuna kiroldegian. Kanpoko hotzak berotu zituzten barruan bertsolariek. Aitor Sarriegik irabazi zuen saioa 698,5 puntu eskuratuta. Aitor Mendiluze andoaindarra bigarren sailkatu zen 696,5 punturekin. Abenduaren 17ko BECeko finalean izango da. Oihana Iguaran amasarra, berriz, seigarren geratu zen, 646 punturekin, finalaren ateetan geratuz:

Argazkiak

Denetariko osagaiak izan zituen atzoko saioak, baina giro eta umore ona nabarmendu behar dira guztiaren gainetik. Lehen agurreko bertsoen ondotik, eskualdeko bi bertsolariei batera aritzea egokitu zitzaien lehen ariketan, zortziko handian. Gaixo kronikoen paperean jarri zituen Alaitz Rekondo gai-jartzaileak Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran. Aitorrek medikuntza alternatibotik ere probatu nahi zuen; Oihanak, berriz, orain arteko bidetik segi nahi zuen.  Horrela hasi zen Aitor:

Behin neumonia izan nuen ta / geroztik nunbait ahuldurik / negua heldu eta ez daukat / arnas hartzeko modurik / eta pentsatzen hasita nago / zer aukera zabaldurik / akaso ez det ezer lortuko / baina ez det zer galdurik.

Eta Oihanak jarraitu:

Diabetesan albisteakin / pasa det bizitza erdi / zure kasuan izan liteke / hala iruditzen zait neri  / nerean aldiz nik nahiago det / intsulina hartuz segi / irabazteko gutxi baitaukat / baina galtzeko gehiegi.

Zortziko txikian
Zortziko txikian Miren Amurizarekin aritu zen Aitor Mendiluze. Miren magoa zen eta Aitorren herrira iritsi zen. Mirenen trikimailuak agerian utziz aritu zen Aitor. Umoretik aritu ziren, bertso saio polita osatuz. Miren hasita, hauexek lehen bi  bertsoak:

Miren: Magoaren bizitza / erraza balitza / errazago entzungo / nuke zure hitza / albotik hau ta hura / mintza eta mintza / desagerrarazteko / eskatzen zabiltza (bis).

Aitor: Kejatu egiten naiz / txarra zarelako/ nahiz hainbat trikimailu / izan aukerako / desagerrarazi nahi / saia zaite bapo / hori ere ez zaizu / ondo aterako (bis).

Oihana artista gaztearen paperean aritu zen Unai Agirrerekin. Oihanaren aita zen Unai eta alabak inauguratutako lehen erakusketa aretoa aitaren lagunekin bete zen. Ederki aritu ziren, barrea eraginez.

Oihana: Sarri zein gogorra den / Oteizaren hutsa / ta zuk noski alaba / nahi zenuen bultza / zinez estimatu det / guztien laguntza / etorriko al ziran / gero ez balitz luntxa (bis).

Unai: Alaba eman nahi nizun / egun hontan babes / baina ez didazu uzten / gauza oso errez / luntxarena etzazu / aipatu mesedez / etziran etorriko / eta neu ere ez (bis).

Puntuka
Binaka parapentean salto egin zuten Aitor Mendiluzek eta Unai Agirrek puntukako ariketan. Kontrola galdu eta zuhaitz batetik zintziklik geratu ziren. Unai hasita, hauexek bien artean osatu zituzten lehen bi bertsoak:

Saltoa egiteko, gaur ez zen eguna / bistan da nahiko gaizki, atera zaiguna / bi metro ta bi begi, beharko da hurruna / baina ez det eramango, holako laguna.

Aitor hasita:

Parapente eskaxa, zeu haundiegia / zu re txikia ez zera, hori da egia /  ta abiatzerako, jausi gera ia / parapente batentzat, pisu gehiegia.

Aitor Sarriegirekin batera, udaltzainen paperean aritu zen Oihana Iguaran puntukakoan. Herriko festak ziren eta auto ugari gaizki aparkatuta zegoen. Garabiarekin autoak eramaten aritu ziren. Aitor hasita, Aitor hasita:

Horko hori ez al da, alkatearena / ba hori eramango nuke, nik aurrena / ordenantza berria, sinatu zuena / dedikatuta doa, bere multarena.

Oihana hasita:

Beldurra ematen dit, zuk firmatu zazu / aizu hemen lanean, gaur gaude ni ta zu / ta zuk jefe postua, hortako daukazu / ta jefeari egin, behar zaio kasu.

10eko txikia
Euskarako hedabide bateko langileak ziren Aitor Mendiluze eta Alaia Martin. Hedabidea diru premian zegoela eta, dirua biltzeko kanpaina egin zuten. Baina ez zuten esperotako erantzunik jaso:

Aitor: Eman ez duenari / ezin zaio kendu / gehienera galdera / berriro zuzendu / geurea nahi genuke / bizirik mantendu / baina dirurik gabe / horra non gauden gu / errealitateaz / asko esaten du.

Alaia: Euskaraz Doraemon / eta Sinosuke / aurrerapauso batzuk / daude urtez urte / baina oraindik ez dugu / nahi beste bertute / nahiz jendeak zerbait / eman borondate truke / instituzioetatik / jaso behar genuke.

Oihana Iguaran eta Miren Amuriza bikote paperean aritu ziren. Atzerrira joanak ziren lanera duela hamar urte, haien semea txikia zela. Orain gurasoek itzuli egin nahi zuten, baina semeak bertan geratu nahi zuen.

Oihana: Zenbat aldatu diren / kolpetik garaiak / Alemaniara sartu / gintuen dohaiak / ta oraindik itzultzeko / izan arren nahiak / erabakiz ez dira / soilik gure gaiak / gure semeak hemen / baitauzka sustraiak.

Miren: Hamar urtetxo dauzka / ta dago trantzeko / eskatu digu bioi / ondo pentsatzeko / sustraiak hemen dauzka / lagunen antzeko / baina prest nago berriz / aberriratzeko / landare gaztea da / berriz landatzeko.

Kartzela
Ohi denez, kartzelako ariketa izan zen azkena. Hauxe zen gaia: Ezkutatu egin zara, ikusi ez zaitzaten.

Bullyinga jasaten duen gaztearen azalean sartu zen Aitor Mendiluze. Hauxe lehen bertsoa:

Lehenengo zeukan, bromaren traza
baina ulertzeko, enaiz kapaza
ze irain eta, ze golpe jasa
denei uzteko, ia demasa
ihes egin det, baina txikia
gelditzen ari zait plaza
ixkin batean ezkutatu naiz
gordetzea ez da erraza
nolabait egon ixilik eta
nolabait gorde arnasa
eurak jolasten dabiltza baina
neretzat ez da jolasa.

Oihana Iguaranek Bertsozale Elkarteko lehendakariaren lekuan abestu zuen. Hauxe lehen bertsoa:

Oholtzapetik izan nahi dut
besteak babesteko gai
baina lehendakari gisa
inor ez legoke lasai
presentzia handi hori
sarri bihurtzen zait etsai
euren ondoan geratu
nahiko nuke nik, baina ai!
Ezkutuzko babes honek
ba ote du nahiko dohai
hemen nago baina ez dut
ikusi nazatenik nahi (bis).

Saio borobila
Saio borobila izan zen atzokoa, ia erorialdirik gabekoa. Bizi eta fin aritu ziren bertsolariak. Aipatzekoa, Miren Amurizaren kasua. Lehen bertsoaldian sudurretik odol jarioa hasi eta saioa eten gabe jarraitu zion lanari, kartzelakoa amaitu arte. Txalo zaparrada beroa jaso zuen entzuleen aldetik. Aitor Sarriegi bikain aritu zen saio osoan zehar, distiratsu. Kartzelako lanean jo zuen goia, azken bertsoan batez ere, nagusiari zuzendu zitzaionean. Aitor Mendiluze ere bikain aritu zen, ziztatzaile eta fin, bere ohiko mailari eutsiz. Bosgarren aldiz arituko da finalean kantari. Oihana Iguaranek irrist egin zuen kartzelakoan; ez zen  bere lanarekin gustura geratu amasarra. Seigarren amaitu zuen atzokoan eta finaletik kanpora geratu da. Hala ere, Txapelketa guztian zehar egin duen lana txalotzekoa da; 26 urterekin, punta-puntako bertsolaria dela erakutsi baitu. Atzoko saioan bosgarren lekuan amaituagatik, ondo aritu zen Alaia Martin ere. Kartzelakoan indartsu eta zorrotz abestu zuen, gurasoen arteko liskarrei begira zegoen umearen begietatik. Unai Agirre zen seiko ilarako azkena. Hirugarren postuan amaitu eta finalerako txartela eskuratuz, sorpresarik handiena eman zuena. Esker-oneko agertu ziren ikus-entzuleak berekin eta baita Unai bera bertaratuekin ere. Txalo zaparrada beroa jaso zuen hernaniarrak.

Emozioz betetako saioa izan zen atzokoa, bertsozaleak BECera begira jarri zituena.

Iruñeako saioko sailkapena

Aitor Sarriegi 698,5

Aitor Mendiluze 696,5

Unai Agirre 696

Miren Amuriza 652

Alaia Martin 649,5

Oihana Iguaran 646

Finalistak

Abenduaren 17an BECen arituko diren bertsolariak, hauexek:

Amets Arzallus

Maialen Lujanbio

Aitor Mendiluze

Igor Elortza

Sustrai Colina

Aitor Sarriegi

Beñat Gaztelumendi

Unai Agirre

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!