Goizeko 09:00etan ekin zioten lanari. Laiak bizkarrean hartuta gerturatu ziren Uztartza ondoko belazera, garia ereiteko asmoz. Duela zenbait hamarkada, soro gehienetan ereiten zen garia, eta hori gogoratu nahi izan dute kultur astean. Gogoratu bakarrik ez, bideoz ere grabatu zuten azaroaren 18ko gari-ereitea, herriko usadio eta ondarearen berri zabaldu, eta etorkizunean ere manten dadin. Baserritarrez jantzita elkartu ziren zortzi adunar, auzolanean parte hartzeko prest. Lan ezberdinak egin behar zituzten goizean zehar: laiarekin lurrari buelta eman, arearekin xehetu eta garia erein. Sekula lan horietan aritu gabeak ziren auzolanera hurbildu ziren herritar gehienak, baina saiatuaren saiatuz, ikasiz joan ziren goizak aurrera egin ahala. Umore onean aritu ziren, elkarrekin gozatuz. Bertan aritu ziren Anoetatik etorritakoJoxe Jabier eta Igor Urkola aita-semeak ere. Periko astoari area erantsita, lurra xehetu zuten, ereiterako prestatuz. Garia erein ondoren, area pasa zuten berriz ere, gari-hazia lurrarekin estalita gera zedin.
11:00ak alderako, amaituta zituzten egin beharrekoak, eta hamaiketa goxoarekin indarrak biltzeko tartea hartu zuten. Azaroaren 18koak amaitu bazituzten ere, prozesuak ez du etenik izango. Garia ernatzen denean, zainketa lanak egin beharko dizkiote; belar txarrak kendu eta izurrietatik babestu. Ondo bidean, ekaina amaiera aldera iritsiko da uzta jasotzeko garaia eta hori ere auzolanean egiteko asmoa dute.
Garia ereiten denetik, ogia egin arteko prozesu osoa bete, eta bideoz grabatzea da ekimenaren helburua. Guztia pentsatuta bezala ateratzen bada, datorren urteko Kultur Astean egitekoa duten azokan, bertako gariarekin egindako ogi goxoa eta osasungarria dastatzeko aukera eskainiko dute.
Kultur Aste oparoa izan da aurtengoa. Azaroaren 18an, ekitaldi sorta bikaina zuten prestatuta. Gari-ereitearekin ekin zioten egunari, eta goizak aurrera, beste hainbat ekitaldirekin gozatzeko aukera ere izan zuten; haur jolasak eta kantubira, esaterako. Arratsaldean, haur antzerkia eta gaztain eta pintxo dastaketa izan zituzten.
Antzinako moduan
{{IMG-39567}}
Zortzi herritarrek hartu zuten parte ekitaldian. Baserritar jantziekin hurbildu ziren Uztartzaren atzeko belazera. Lursailaren zati bat egokituta zegoen dagoeneko eta, gainerakoa, auzolanean prestatu zuten.
Laiarekin trebatuz
{{IMG-39568}}
Herriko zenbait baserritako ganbaratan gordeta zeuden laiekin aritu ziren lurrari buelta ematen. Lan horretan aritzen ziren lehen aldia zuten gehienek, eta arituaren poderioz joan ziren neurria hartzen.
Lurra xehetu
{{IMG-39569}}
Anoetatik etorritako Joxe Jabier eta Igor Urkola aita-semeek xehetu zuten lurra, Periko astoari area erantsita. Lurra goxo-goxo prestatuta, garia ereiteko prest geratu zen. Bideoan gordeta geratu ziren auzolaneran aritu ziren guztien ibiliak.
Hazi banaketa
{{IMG-39570}}
Aurreko mantalak gora bilduta edo horretarako apropos prestatutako poltsikoetan gari-hazia hartu, eta ereiteko prestatu ziren adunarrak. Ilaran jarrita, guztiak pauso beretsua soroan aurrera joan ziren, purra-purran haziak zabalduaz.
Astoaren laguntzaz
{{IMG-39571}}
Erreminta egoki lotu ondoren, Periko astoak ibili zuen area Adunako soroan barrena. Garai batean, ordea, ohikogoa zen lan horretarako behiak edo idiak erabiltzea. Hala azaldu zuen Joxe Aburuza herritarrak.
Joxeren azalpenak
{{IMG-39572}}
Auzolan saioa bertatik bertara jarraitu zuen Joxe Aburuzak. Bera gazte zela, herriko soro gehienetan ereiten zen garia, eta adi jarraitu zituen lanak. Bertaratu zirenekin solasean aritzeko tartea ere izan zuen.